San Joan bezpera ekintzaz betea

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 22a

San Joan bezpera da bihar, uda ate joka dugunaren seinale. Gure herrian San Pedro jaien aurrekari dugu jai hau eta horregatik ekintzaz betea dator asteburua.

Bihar 21:30ean hasiko dira San Joan-etako ospakizunak. Erketz Euskal Dantza Taldeko kideek San Joan zortzikoa dantzatuko dute udaletxe parean.
Ondoren, Udalbatzarekin batera, Okendo plazara abiatuko dira herriko dantzariak. Soka-dantza dantzatuko eta 22:00ak aldera sua piztuko dute.

Erketz emanaldia
Bestalde, Erketz EDT-ko kideek gaur, 20:00etan emanaldia eskainiko dute Okendo plazan.
Dantza taldeko heldu, haurrek eta Erketz-eko lagunak taldeak euskal dantza desberdinak erakutsiko dituzte haien emanaldian.

Biyak Bat eta Zentro Zibikoa
Biyak Bat erretiratuen elkarteko kideek, urtero legez, gaur, goizeko 10:00etatik aurrera aerobik eta gimnastika erakustaldiak egingo dituzte kiroldegian.
Jarraian, 12:00etan, Emakumeen Zentro Zibikoko lagunen txanda izango da. Hauek batuka, aerobik eta sabel-dantzan duten trebetasuna erakutsiko dute.
Era berean, Biyak Bat elkarteak gogora arazten du ekainaren 28an, 12:30ean elkarteko abesbatzak Manuel Lekuona kultur-etxean kontzertua eskainiko duela.