Txintxarrirekin egindako hitzordura guraso elkarteko hiru kide gerturatu ziren; Josu Riezu guraso elkartearen baitan euskara batzordeko kidea dena, Ikerne Etxeberria, guraso elkartean urteak daramatza eta aurretik beste batzorde batzuetan lan egindako ama da nahiz eta egun, euskara batzordean egon. Hauekin batera, Pello Sanchez, uztailean ziurrenik, guraso elkarteko lehendakaritza hartuko duena.
Nolatan sarietara aurkeztea?
BAIKARA Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioa da eta bertako Garbiñek hauetara aurkezteko animatu gintuen. Berez lana eginda zegoen izan ere guraso elkartea berritu da azken urtean eta hau antolatzeko plana da proiektua bera. Guraso elkartea teknologia berriak oinarri hartuta antolatu dugu.
Orain arte oso jende gutxi zegoen guraso elkartean eta orain belaunaldi berri bat sartu gara eta lan egiteko modua erabat aldatu dugu. Oraintxe hogei guraso gara eta batzorde ezberdinetan antolatu dugu elkartea. Horretaz gain, astero biltzen ibili beharrean bloga sortu dugu burunzpe.net, helbide elektronikoen zerrenda osatu eta hauen bitartez gure arteko harremana etengabekoa da eta aldi berean bilera horiek ez dira hain beharrezkoak. Bide hauek erabiltzea gure lana asko erraztu dute.
Zehazki saria zeinek ematen du?
Ba esan bezala ez genituen sari hauek aurretik ezagutzen. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea da, guraso elkarteak federatuta gaude eta erakunde honek laguntza ematen digu gure ekintzetan. Elkarte hau da lan ona edo praktika onei saria antolatzen duena. Guk kasu honetan bigarren saria eskuratu dugu eta diploma jasotzeaz gain, 1.000 euro eman dizkigute ere.
Zer suposatu du sariak elkartearentzat?
Lan onaren fruitua izan da saria. Azken urtean elkartean bost pertsona izatetik hogei izatera pasa gara eta honi lotuta teknologia berriak sartu dira. Lan egiteko modua asko aldatu da. Lehen zeudenen artean esparru guztietan lan egiten saiatzen ziren orain antolaketa berriarekin, batzordeak eratu dira. Guraso bakoitzak bere lan esparrua dauka. Honek azkarrago eta hobeto lan egitea ahalbidetu digu.
Sariak beti dira gustagarri eta lan onari aitortza izateaz gain, lanean jarraitzeko bultzada ere bada.
Zeintzuk dira batzordeak?
Funtzioak ondo banatu dira, zuzendaritza batzordea dago, obra batzordea bi eraikinak oso zaharrak daude, eskolaz kanpoko ekintzaz arduratzen den batzordea, liburuak eta jaiak eta euskara.
Jai batzordeak esaterako ikasturte amaierako festa antolatu zuen orain gutxi eta oso ondo atera zen. Inkesta bat pasa dugu gurasoen artean eta momentuz jasotako iritziekin oso pozik gaude. Batzuek ideia berriak ere proposatu dituzte.
Euskarari garrantzia berezia eman nahi diozue?
Oraintxe indar gehien honetan ari gara egiten. Euskara batzordean bost guraso gaude lanean. Baina elkarte guztiko gurasoak ere inplikatuak daude eta beste hainbat guraso ere elkartean egon gabe euskara bultzatu eta sustatzeko lan honetan laguntzeko prest daude. Helburua oso garbia da, euskararen erabilera sustatzea umeen artean. Badakigu herrian gaztelera nagusi dela kalean eta guk zerbait nahi dugu egin aldatzeko.
Ekintzak hiru alorretan, lehenik gurasoak sentsibilizatzea euskararen erabileran, bigarren ekintza multzoa eskola erreferente bihurtu euskara alorrean eta azkenik euskararen erabilera bermatu eskola arloko inguru osoan.
Hau aurrera eramateko, euskara talde bat sortu dugu gurekin lan egiteko prest daudenak eta aholkularitza baten kanpoko laguntza izango dugu. Horrela bide honetan aditu baten laguntza izango dugu eta berak hainbat hitzaldi emango ditu besteak beste.
Lan asko dago egiteko esparru honetan?
Kontutan izan behar da Sasoeta-Zumaburu eskolako gurasoen artean euskaldun kopurua murritzagoa dela eta horregatik zailagoa da lan hau. Horregatik nolabait denen aldetik jarrita, euskaldun eta ez euskaldunen artean hizkuntzaren erabilera sustatzea garrantzitsua da.
Guraso elkartea orain dinamikoagoa da?
Noski esan bezala jende gehiago gara eta gauza gehiagora iristen gara. Lehen astero biltzen ziren eta hor egon ordez astero gehiena blog eta email bidez egiten dugu baita chat bidez ere. Adibidez jaiaren inguruan inkesta pasa dugu iritzia eskatzeko...hau posible da komunikazio tresna berri hauei esker. Gure lanak eragin zuzena du eskolan.
Gurasoei gurekin komunikatzeko metodo berria eskaini diegu post-en bitartez. Gainera erregistratu ostean automatikoki jasotzen dituzte berriak. Kurtso bukaerako jaian adibidez blogaren publizitatea egin zen eta nabaritu da parte hartze gehiago ere.
Eskolako zuzendaritzak zer dio?
Oso harreman ona dugu beraiekin eta gertukoa. Asko gustatzen zaie bloga eta ibiltzen dira irakurtzen, iritzia ematen... alde horretatik ez dago inolako arazorik. Benetan oso inplikatuta daude egiten dugun lanarekin.
Zein esparrutan egin behar duzue lan?
Guraso elkarte hau oso aktiboa da eta buruan gauza asko dauzkagu eta aurrera aterako ditugu ziur baina geroz eta guraso gehiago inplikatu behar ditugu. Guraso askok lana eginda nahi dute. Oso polita da esatea jaia izugarri ondo egon zela baina oraindik batzuk konturatu behar dira hori horrela dela batzuen lan gogorrari esker.
Guraso elkartean egotea gure umeengatik egin dezakegun inbertsio hoberena da eta hori orain egin behar da txikiak direnean. Gauzak aldatzeko barrutik egitea da hoberena.
Datorren ikasturterako berrikuntzarik baduzue?
Ba eskolaz kanpoko ekintza bat ingelesez izango da. Uste dugu hirugarren hizkuntza hau ere beharrezkoa dela egun eta txikitatik jolasen bidez hau hitz egiten ikastea bide hoberena iruditzen zaigu. Ez dira ingeleseko klaseak izango, ingelesez burutuko den jokoetan oinarritutako ekintza.
Saria jasotzeko garaian Isabel Celaá hezkuntza sailburua zegoen eta eskola publikoetan ezartzeko asmoa zegoen eredu hirueledunaren inguruan galdetu genion.