Ederki Harri Garmendia txapelketan

Nerea Eizagirre 2012ko eka. 22a, 11:29

Buruntzaldea IKT-ko igerilariak Harri Garmendia txapelketan izan ziren lehengo larunbatean eta emaitza onak lortu zituzten. Hirugarren postua infantil mailan, Estatuko eta Euskadiko markak eta marka pertsonalak egin zituzten.

Donostiako Paco Yoldi kiroldegian izan zen Harri Garmendia txapelketan Buruntzaldea IKTko igerilariak ederki egin zuten igeri eta guztiek haien markak hobetzea lortu zuten.

Guztien artean, azpimarragarria da, Iñigo Ibarburuk egin zuen txapelketa. Bi probatan, 100 m. bizkar eta 400 m. libre, marka pertsonalak egin zituen eta egindako markekin puntuazio orokorrean hirugarren sailkatu zen infantil mailan.

Gainera, lehenengo proban igerileku luzeko Espainiako txapelkerako marka gutxienekoa egin zuen eta 400 libreetan gertu geratu zen, 2 segundura.

Itsaso Tolosak 50 bizkar proban eta 200 m. estilo proban bere marka hobetzeaz gain, 200 m. estiloetan Euskadiko marka gutxienekoa lortu zuen.

Jone Vazquez ere Euskadiko gutxieneko markatik gertu izan zen 400 m. libre proban. Bere marka 13 segundu hobetu ostean, marka gutxienekotik bi segundura geratu zen. 200 m. libreetan ere bere marka hobetu zuen.

Honetaz gain, Haitz Mitxelenak 50 m. eta 200 m. libreetan, Mikel Arribillagak 200 m. eta 100 m. bular probetan, Mikel Sotok 50 m. bular eta 100 m. libre probatan, Naiara Lizasok 100 m. eta 50 m. probetan eta Kevin Iglesiasek 50 m. bular proban haien markak hobetu zituzten.

Aste honetan Gipuzkoako Udako txapelketan izango dira Buruntzaldea IKTko gazteak eta Borja Apeztegia entrenatzaileak aipatu digunez, “gure igerilariek marka hobetu eta Euskadiko eta Espainiako marka gutxieneko berriak lortzeko itxaropen eta asmoekin joango gara”.

Denboraldi berria
Bestalde, igeriketa taldeak gogora arazten du 2012-2013 denboraldian parte hartzeko izena emate epea gaur amaitzen dela.

Interesa dutenek jarri harremanetan Borjarekin Lasarteko igerilekuan, 18:00ak eta 21:00ak bitartean edo 696 506 632 telefonoan.