“Hobetu da emakumeen futbola”

jon-altuna-iza 2012ko eka. 22a, 11:35

Eva Olazagoitia sarri ikusiko duzue Lasarte-Orian baloiarekin. Bere bi alabek eutsi diote bere zaletasunari eta gustura aritzen dira futbolean. Amak Añorgan jokatu zuen 80. hamarkadan eta Gipuzkoako emakumezko futbol jokalarien aitzindarietako bat izan zen. Hain juxtu, larunbatean, 16:30etan jokatuko den Euskal Herriko eta Eslobakiako emakumezko selekzioen arteko norgehiagokaren aurretik omenduko dituzte emakumekoen futbolean aitzindari izandakoak.

Eva eta bere ahizpa Txaro Olazagoitia lasarteoriatarrek futbolean jokatu zuten duela 30 urte inguru, bakoitzak bere aldetik: Evak Añorgan eta ahizpak, herriko beste bizpahiru lagunekin, Eason.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?
Ni 1983an, Gipuzkoa mailan jokatu zen lehenengo txapelketan. 1981ean jaio zen Añorgako taldea, baina ordura arte, ez zen ligarik eta Kontxan jokatzen zuten soilik. 1983tik aurrera 6-8 talderen artean jokatzen genuen txapelketa, Santo Tomas Lizeoa, Dunboa, Txomin... Eta irabazteko lehia gogorra izaten zen Oiartzun eta Añorgaren artean.

Garai hartan neskak beste kirol batzuetan aritzen ziren...
Nik ikastolan mutilekin jokatzen nuen jolas garaian futbolean, gustatzen zitzaidalako, gero, Batxilergo Institutuan Arantxa Bakero ezagutu nuen eta berak esan zidan, nahi banuen, Añorgako taldera joateko. Horrela hasi nintzen entrenamenduetara joaten.
Dena den, nire lagun artean bakarra nintzen.

Zenbat urtetan jokatu zenuen?
Sei bat urtean. Beste batzuek urte askoan jarraitu zuten, baina arratsaldez hasi nintzen ikasten, beste lan bat ere banuen... Urte batzuetan gogorra izan zen, astean bi entrenamendu egiten genituen eta asteburuan bi partidu, bat futbolean eta bestea areto futbolean.

Zein postutan aritzen zinen eta zeintzuk ziren zure ezaugarriak?
Eskuin hegalean jokatzen nuen. Ez nintzen atzelari gogorra, baina ikastolan futbolean hasi aurretik atletismoan aritzen nintzen, txikitatik korrika egiten nuen eta aurrelaria markatzen “lapa” bat nintzen, azkarra, aurre hartzen nien. Nire lana egiten nuen, gero baloia aurrera pasa eta beste batek jarraitu zezala.

Golik sartu al zenuen?
Gola sartu, bat ere ez, baina sartzen utzi ere gutxi.

Ondo pasatzen al zenuten?
Bai. Lagun talde polita egin genuen, egia esan oso gustura ibili nintzen.

Aitzindariak izan zineten beraz?
Bai ni baino bi urte lehenago hasi ziren jokatzen, baina bai.

Sarri irabazten al zenuten?
Ni nengoela ez genuen txapelketarik irabazi, baina gerora Añorgak irabazi zituen liga batzuek. 1984ean lehenengo aldiz jokatu zen Espainiako txapelketa. Hemengo liga irabazi genuen, baina hor jokatzeko 17 urte izatea eskatzen zuten. Nik juxtu juxtu nituen, baina beste batzuek ez eta Oiartzungo batzuek gurekin batera jokatu zuten hamaikako taldea osatzeko.

Atotxan jokatu genuen Galiziako talde baten aurka finala, baina hauek denbora gehiago zeramaten futbolean. Guk bataz beste 17 urte bagenituen, haiek 25. Jokalari oso on bat zaintzea tokatu zitzaidan, baina ezin izan nuen. Jokalari bikaina zen, Italiako ligan jokatutakoa. Saiatu ginen, baina gu baino sendoagoak ziren.

Urte onetan jokatu zenuen zuk?
Txapelketa bakarra irabazi nuen, baina egia esan ez nintzen gogoratzen Añorgarekin edo Gipuzkoarekin izan zen eta lagun bati galdetu behar izan diot.

Burgosen, Medina de Pomar-en, 1986-1987an irabazi egin genuen Espainiako Txapelketako finala Gipuzkoarekin, eta orain dela hilabete ospatu dugu. Gipuzkoako federakundeak antolatu zuen ospakizuna garaipenaren 25 urte betetzen zirela eta. Nire azken urtea izan zen. Besteek hurrengo urteetan behin eta berriro irabazi zuten 1990era bitartean.

1987ra arte futbolean jokatu nuen nik eta gero jada beste pare bat urtean areto futbolean. Areto futbolean Añorgakoen “etxea” Hernaniko polikiroldegia zen eta futbolean Usurbilgo Saizarko zelaia. Gero Espainiako txapelketako partidu garrantzitsua bazen uzten ziguten Añorgako zelaia zapaltzen. Bestela ez.

Zuretzat garaipen handiena Medinakoa izan zen beraz...
Bai, ona izan zen, baina Añorga mailan Oiartzuni irabazitakoak ere gogoan ditut. Pozgarriak izan ziren. Lehia handia zen, baina lagunak ginen. Selekzioan batera ginen eta parrandetan ere bai.

Karlos Romero zen gure entrenatzailea, duela urte batzuek hil zen, baina lan handia egin zuen Añorgan neskekin. Ixiar Bakero zen taldeko onena. Aparta. Espainiako selekzioarekin jokatu zuen, baita Marian Arizeta, Arantxa del Puerto, eta Bea Garciak ere. Batzuek ziren. Selekziora joaten Gipuzkoako lehen jokalaria Ana Ruiz atezaina izan zen, Santo Tomas Lizeokoa, gero Oiartzunen jokatu zuena. Oso ona zen.

Irabazteak poza eta segitzeko gogoa ekarriko du?
Jolastea bera soilik pozgarria zen. Klub-en arteko Espainiako txapelketako partidua Galizian Koruñako Riazorren jokatu genuen eta beste behin Gipuzkoako selekzioarekin Bartzelonan Nou Campen ere bai. Han finala galdu genuen eta grabatuta daukat gol bat nire erruz izan zela. Normalean baino ikusle gehiago zeuden, oso handia ikusten zen, betetzen ari zen gero Barsak jokatzen zuelako. Atotxan oso jende gutxi izan zen, gure familia eta besteren batzuek. Dena den handia zen Atotxan jokatzea, gure gelako mutilek ez zuten sekula jokatu.

Orduan ez al zegoen Euskadiko selekziorik?
Ez orduan Gipuzkoakoa zegoen eta ondo aritzen ginen. Euskadiko selekzioa 1992-1993an hasi zen jokatzen.

Selekzioaren lehen partidua larunbatekoa dela esan dute bada...
Ez, ez, lehen estatu mailan jokatzen zuen, autonomi erkidegoen artean izango zen, eta larunbatekoa, nazioarte mailako lehenengoa izango da.

Partidua hasi aurretik “emakumezkoen futbolean aitzindari izandakoei omenaldia” egingo zaizue...
Bai esan didatenez, Añorga eta Oiartzungoak omenduko dituzte, eta talde bakoitzeko bi jokalari ohi joango dira. Garai hartan Lasarteko lauzpabost neska ari ginen talde ezberdinetan. Ni bakarra nintzen Añorgan, ikastolatik joan ziren batzuek entrenamenduren batera baina gero ez zuten jarraitu. Nire ahizparen taldean baziren bizpahiru.

Zu joango al zara larunbatean Anoetako partidura?
Agian bai, beste bazkari bat daukagu, baina saiatuko gara joaten. Pena ematen dit ez joateak. Bi alabak ere futbolariak datoz. Nora zaharrenak 10 urte ditu eta Ostadarren ibiltzen da. Lagunarteko partiduren bat izaten du hilean behin eta gustura ikusten dugu.

Orain Jada Erreala, Athletic,... emakumezkoen taldeak dituzte, garrantzia gehiago hartu du emakumezkoen futbolak...
Bai, semiprofesionalak dira, kostatu da baina oso ondo iruditzen zait. Aurten egon gara Zubietan Errealeko eta Athleticeko nesken arteko partidu bat ikusten eta egia esan hobetu da maila, batzuek oso ondo jokatzen dute. Guk baino gehiago entrenatuko dute seguraski, azken finean gu lagun talde bat ginen.

Hala ere oraindik alde handia dago, zabalkundearengatik edota aurrekontuengatik gizonezkoen eta emakumezkoen artean?
Bai kirol askotan gertatzen da, gehiago laguntzen zaio gizonezkoen kirolari, tamalez, horrela da, baina garrantzitsuena kirola egitea da, beti da ona eta osasuntsua, berdin zait futbola, korrika, saskibaloia edo pilota izan.

Antiestetikoa al da emakumezkoen futbola, Patxi Izko Osasunako azken presidenteak esan zuen moduan?
Hainbeste gauza daude antiestetikoak... Ez, txorakeria bat iruditzen zait.

Kirolik egiten al duzu orain?
Orain korrika, footing. Iaz hartu nuen parte lehenengo aldiz Behobia Donostian, asko sofritu nuen baina DYAk atenditu gabe iritsi nintzen. Bero handia egin zuen eta jende asko ikusi genuen bide ertzean kateatuta. Normalean ez dut hainbeste korrika egiten, hemengo krosa eta besteren bat. Gorputzak eskertzen du, baina denbora ateratzea kostatzen da: alabak, lana, etxeko lanak... Haurrekin padelean ere aritzen gara, mendian ibili, frontoian...