San Joan bezperako sua, desfilea eta zortzikoa Okendon egin ziren berriz ere

jon-altuna-egitegi 2012ko eka. 24a, 01:45
Gau magikoa omen da San Joan bezperako gaua, oroitzapen txarrak erraustu eta horiek ahazteko gaua hain zuzen. Horretarako, Euskal Herriko bazter guztietan bezala, Lasarte-Orian ere ohitura den legez San Joan Sua piztu zuten. Bigarren urtez egin zuten sua jendez gainezka zegoen Okendo plaza eraberrituan, eta ez zen sorpresarik falta izan. Besteak beste, Pablo Barrio, Taxio Arrizabalaga, Estitxu Alkorta, Ana Isabel Prieto udal ordezkariak eta Juan Luis Murua parrokoa soka-dantzan aritu baitziren. Horretaz gain, Erketz EDTkoek ere urtero bezala ez zuten egun honetan hutsik egin eta euren aletxoa jarri nahi izan zuten San Joan bezperako sua girotzeko.

Jende guztia sua noiz piztuko zain egoten da San Joan bezperan, atzean utzi nahi duten hori erre asmoz eta errautsetatik egoera eta ilusio berriak sortuko zaizkiela sinetsi nahiean.
Baina esperotako sua piztu baino lehen, Erketz EDT-ko lagunek San Joan zortzikoa dantzatu zuten udaletxe parean.
Handik, Udalbatzarreko zinegotziekin batera, Okendo plazarainoko bide laburra egin zuten herriko dantzariek.

Udal ordezkariak, Arantzazuko Amabirjina elizako parrokoa eta Erketz EDT-ko kideak aritu ziren dantzan, besteak beste.
Plaza, ikusgarri

Plaza goraino bete zuten lasarteoriatarrak Pablo Barrio alkateak sua noiz piztuko zain zeuden bitartean, dantzariek agurra eta soka-dantza dantzatu zituzten suaren inguruan eta Taxio Arrizabalaga zein Pablo Barriok bakarka egin zituzten dantzek txalo zaparrada handia jaso zuten ikusleen aldetik.
Behin alkateak zuzi batekin San Joan sua piztuta, suaren inguruan kalejira, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten udal ordezkari, herritar eta Erketz EDTko dantzariek, denek batera.

Pablo Barrio alkateak piztu zuen San Joan sua.
Aurpegi ezagunak

Aurrez aipatu bezala, aurtengoan aurpegi ezagun askoak aritu ziren soka-dantzan. Bilduko Pablo Barrio alkatea eta Taxio Arrizabala, EAJ-ko Estitxu Alkorta, Herritarren Plataformako Ana Isabel Prieto eta Arantzazuko Amabirjina elizako parroko den Juan Luis Murua, besteak beste.
Horretaz gain, udal-korporatibako Alaitz Mendizabal (Bildu), Boris Nogales (EAJ) eta Juan José Castro (Herritarren Plataforma) egon ziren dantzarien lana ikusi eta txalotzen.

Orokorki hartuta, ikuskizun polita eskaini zuten dantzari guztiek eta su erraldoiak pasa den ikasturteko apunte, bizipen txar eta ilusio galduak erre zituen, berriei leku egiteko.

Oharra: Pablo Barrio alkatea eta Taxio Arrizabalaga zinegotzia dantzan ikusi nahi izanez gero, gure facebook-eko kontuan dituzue bideoak eskegita. Astelehenean berriz, argazki galeria bat egingo dugu San Joan bezperako argazki onenekin.