Gaztetxoenen emanaldiarekin hasi da kontzertua 12:30etan, puntu-puntuan. Hauek lau obra abestu dituzte, Xun Xume, Jostailugilea (ipuin musikala), Whatever eta Por esto cantamos juntos. Sorpresak ere izan dira, antzerkia eta keinu bidezko komunikazioa landu baitituzte Montse Latorreren gidaritzapean. Musikariak honakoak izan dira: Pili Zaldua pianoan, Ana Churruca biolinean eta Carolina Muñoz gitarran. Guztiek egin dute bikain euren lana eta emaitza polita utzi dute gaztetxoen ahots zerutiarrak zuzeneko musikarekin nahastean.
Alboka abesbatzak berriz, zortzi abestiz osatua egon den ohiko kontzertu bat eman du. Kristina Pérez eta Montse Latorre zuzendarien esanetara aritu dira Alboka osatzen duten neska-mutilak 45 minutu inguru iraun duen kontzertu politean. Hauek izan dira interpretatu dituzten obrak: Jesu Dulcis, O Sacrum Convivium, Warum, Five Hebrew Love Song, Kitolis, Ama, Only You eta Mutil txaleko gorri. Musikariak Amaia Dorronsoro piano-jole aparta eta Alba Carretero biolin-jolea izan dira.
Kontzertua amaitzean ikusleek txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten musikari, zuzendari eta abesbatza guztiak.

