Festak hastear dira eta bada herrian egun hauetan bereziki urduri sentitu den gaztea. Taxio Arrizabalaga gazteria, festak eta kirol arloko burua da eta dagoeneko irrikan dago jendeak prestatutako festa egitarauaren aurrean duen erantzuna ikusteko. Kaleak jendez gainezka ikusi nahi ditu eta herriko festak inoiz baino parte hartzaileagoak izatea desio.
Zinegotziaren solasean izan ginen eta festa egitarauaren inguruan hitz egiteaz gain, udal gobernuan egin duen lehen urtearen balorazioa ere egin du.
Nola biziko dituzu aurtengo San Pedro jaiak?
Ba argi daukat guztiz desberdinak izango direla aurtengoak niretzat. Batetik lanean egon beharko dudalako, adi guztia ondo ateratzen dela ikusten eta bestetik, lehenengo San Pedroak direlako zinegotzi bezala eta horrek tentsioa eta urduritasuna eragiten du.
Egia da iaz dagoeneko karguan ginela herriko festetan baina egitaraua guztiz itxita aurkitu genuen gu iritsi ginenerako eta inplikazioa ezin izan zen handia izan.
