"Herritarrek egindako San Pedroak dira aurtengoak, goza ditzagun"

maider-azurmendi 2012ko eka. 26a, 18:29
Taxio Arrizabalaga gazteria, festak eta kirol batzorde buru da. Udal gobernuko kide gazteena da eta aurtengo San Pedroak berarentzat bereziak izango dira zalantzarik gabe. Azpimarratu moduan, iaz dagoeneko zinegotzi zen herriko festetan baina udal gobernura heltzean San Pedrotako egitaraua guztiz itxita aurkitu zuen udal gobernu berriak eta ia ez zuten aldaketarik egin ahal izan. Aurten bai bereak eta herritar guztienak sentitzen ditu San Pedroak, inoiz baino gehiago.
Festak hastear dira eta bada herrian egun hauetan bereziki urduri sentitu den gaztea. Taxio Arrizabalaga gazteria, festak eta kirol arloko burua da eta dagoeneko irrikan dago jendeak prestatutako festa egitarauaren aurrean duen erantzuna ikusteko. Kaleak jendez gainezka ikusi nahi ditu eta herriko festak inoiz baino parte hartzaileagoak izatea desio.

Zinegotziaren solasean izan ginen eta festa egitarauaren inguruan hitz egiteaz gain, udal gobernuan egin duen lehen urtearen balorazioa ere egin du.

Nola biziko dituzu aurtengo San Pedro jaiak?
Ba argi daukat guztiz desberdinak izango direla aurtengoak niretzat. Batetik lanean egon beharko dudalako, adi guztia ondo ateratzen dela ikusten eta bestetik, lehenengo San Pedroak direlako zinegotzi bezala eta horrek tentsioa eta urduritasuna eragiten du.

Egia da iaz dagoeneko karguan ginela herriko festetan baina egitaraua guztiz itxita aurkitu genuen gu iritsi ginenerako eta inplikazioa ezin izan zen handia izan.

Festetako zein ekintzetan parte hartuko duzu?
Ba herritar bezala Sorgin dantzan aterako naiz eta horretaz gain, gauetan kontzertutan eta parrandan ibiliko naiz lagunekin beti bezala.

Izugarrizko garrantzia ematen diogu jai egitarau honi benetan herritarrengandik jaiotakoa delako. Honek jaietan herritarren inplikazioa handiagoa izatea eragingo duela uste dugu.


Aurten parte-hartzea sustatzeko asmoz herritarrekin hainbat bilera egin dira festak antolatzeko. Zergatik prozesu hau?
Guk ikusten genuena zen jaiak herritarrenak direla eta nolabait bideratu beharra zegoela jai egitaraua herritarrek beraiek osatzea. Garrantzitsua da herritarrek aukeratzea nolako jaiak eta zein ekintza nahi dituzten.

Hau dela eta antolatu genuen Jaietan Blai parte hartze prozesua. Bi fasetan egin da eta balorazioa oso ona da. Jaien egitaraua bilera hauetan ateratako ekimenekin osatu da guztiz. Herritarren proposamen guztiak daude honen oinarrian. Izugarrizko garrantzia ematen diogu jai egitarau honi benetan herritarrengandik jaiotakoa delako. Honek jaietan herritarren inplikazioa handiagoa izatea eragingo duela uste dugu.

Egitarauari dagokionez, zertan bereizten da aurtengoa aurrekoetatik?
Hasteko lehen aipatu bezala, egitaraua osatzeko modua izan da azpimarragarriena.

Herritarren proposamenak oinarri, besteak beste aipatu daitezke, bi txupinazo egitearen ideia. Bata haurrei zuzendutakoa eta bestea, txupinazo handia dena arratsaldera pasatzea jende gehiago biltzeko eta nolabait jaiari hasiera indartsuagoa emateko.

Horrekin batera omenduen papera aldatu da. Aurten hiru talderi egingo zaie omenaldia eta hauek protagonistagoak izango dira. Pregoia botako dute, txupinazoak… bestetik, txosnarekin aurten bilatu den formula aipagarria da, Okendon jarriko da festa gune indartsua izan dadin herriko plaza.

Bestetik bigantxekin gertatu dena aipatuko nuke, aurten gutxiago daude. Parte hartze bileretan xexenak egitarautik kentzea proposatu zen baina jendeak badu zaletasuna eta aurten gutxiago jarri arren mantendu nahi izan ditugu. Ikusiko dugu herritarrek nola erantzuten duten eta horren arabera ikusiko da datorren urtean hauek egitarauan mantentzea merezi duen.

Sorgin Jaiak, zein prozesu burutu da hauekin?
Sorgin Jaiak-eko kideek azaroan hasi zuten barne hausnarketa prozesu bat eta erabaki zuten jarraitu behar zutela bere gunea, txosna eta egitaraua izaten. Hori errespetatuta, udalak Okendo festa gune nagusia izatea nahi duenez, txosna Okendon jartzea proposatu genien, karpa plazaren atzeko parkean eta eszenatoki bakarra elkarbanatu udala, Ttakun eta Sorgin Jaiak-en artean. Nik uste dut oso positiboa izango dela azken erabaki hau.

Dirua beharrezkoa al da festa on batzuk antolatzeko?
Jai egitarau on bat prestatzeko ez da diru asko behar. Behar dena da herritarrak jaiak egiteko prest, kalera ateratzeko gogoa… Diruak ahalbidetzen duena da daukagun lau egunetako egitarau oparo bat osatzea da. Argi dagoena da kontzertuak antolatzeko, su artifizialak egoteko beste hainbat ekintzetarako bezala, dirua beharrezkoa dela.

herriarengatik ari zara lanean eta emaitza onak ikusterakoan aurreko lan guztia eta zaila ahaztu egiten duzu


Ekonomikoki udalaren egoera ez da oso ona, asko murriztu al da festetarako bideratzen den partida?
Aurrekontutan nire sailek ez dute murrizketarik izan iazko zenbakiak mantendu ditugu baina saiatu gara dirua aurrezten bai. Adibide garbiena su artifizialena izan daiteke, garestiak dira eta aurten erabaki dugu horren erdia gastatzea hauetan.

Kartela hautatzeko ere lehiaketa martxan jarri duzue, nola baloratzen duzu parte hartzea? Gustura gelditu al zara emaitzarekin?
Ni pertsonalki oso pozik nago, asko gustatzen zait kartela. Egia da duela urte batzuk ere horrelako lehiaketak egin izan zirela baina aurtengoa desberdina izan da. Guztira 17 lan jaso genituen kalitate eta estilo guztiz ezberdinekin eta azkenean hautatua izan dena niretzako oso polita da.
Herritar batek jarri dio irudia jaiari, oso esanguratsua eta guztiz lotuta gure San Pedro jaiekin.

Dagoeneko urte bete egin duzue udalean, zinegotzi gazteena izanda nola bizi duzu urte bete hau?
Oso ondo, oso gustura pasa dut urtea baina aldi berean gogorra ere izan da. Zinegotzi lanean sartzea ez da lan erraza izan eta aldi berean ikasten egon naiz. Zentzu horretan pisutsua egin zait urtea baina ondo oso gustura nago.

Egia esan ardura asko dira, uste baino gehiago baina herriarengatik ari zara lanean eta emaitza onak ikusterakoan aurreko lan guztia eta zaila ahaztu egiten duzu. Asko betetzen zaitu jendea zuk egindako proiektuarekin pozik dagoela ikustea. Kritikak egoten dira tarteka baina horiek ere entzun behar dira eta ona da hauen berri izatea. Lan karga handia da eta egia esan aurretik ezin da imajinatu ere egin zenbat lan egiten den hemen.

Zeintzuk dira lortu nahiko zenituzkeen helburuak?
Gazteria eta festa atalei dagokionez, gustatuko litzaidake gazteri politika sendo bat garatu ahal izatea. Benetan gazteekin zerikusia duten politikak gauzatzea eta testuinguru horretan Gaztelekua sartuko nuke. Nire lehentasunetako bat Gaztelekuaren proiektua ondo garatzea da eta honekin lortu herriko gazte guztientzako gune dinamiko bat. Ezinbestekoa ikusten dut gazteak bilduko dituen espazio hori sortzea.
Kirolari dagokionean, auzoz-auzoko bileratan behin eta berriro kiroldegiaren egoera kaxkarra aipatu da eta ahal den neurrian instalazio hauek konpontzea izango litzateke nire nahia baina esparru honetan gauza asko dira egin beharrekoak.

Kiroldegiaren egoera denek ezagutzen dugu, 25 urte ditu, txikia da, zaharra dago baina ezin dugu hau bota eta berri bat eraikitzea pentsatu. Dagoena dago eta egoera ekonomikoa zein den ondo dakigu. Hau dela eta posible dena berritzen joango da, kasu honetan Michelingo zelaia izan da aldatuko dena uda honetan bertan.

Gainera lanean ari gara herriko kirol taldeekin batera beharrak identifikatu eta gauzak hobetzeko. Elkarlan honek herriko kirol panorama indartzea ekarriko duela uste dut.

Festa girora bueltatuz, zer esango zenieke herritarrei?
Festetan parte hartzeko, San Pedro hauek denonak direla, denon proposamenetatik jaioak direla eta animatzeko, kalera atera eta festaz gozatzeko!