27_“50 urte hauetan egin dugun lana aitortu dute”

Nerea Eizagirre 2012ko ekainaren 27a

Danok Kide Guraso elkartea 1962. urtean sortu zen Lasarte-Orian. Orduan hazten ari zen herriaren beharrak asetu nahi zituen, egun helduen heziketa iraunkorra eta hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar. Bere ibilbide luzean elkarteak herriarentzat hoberena egiten saiatu dela diote elkarteko kideek eta Lasarte-Oria herri izatea izan zen lorpen horietako bat. Danok Kideko lagunekin izan gara elkartearen historia gehiago ezagutzeko.

Nola sentitzen zarete omendu izateagatik?
Sortu den polemikarekin pixka bat harrituta gaude. Bestetik harro gaude 50 urte hauetan egin den lana aitortu dutelako.
Elkartearen historian elkarteak ez du partidismorik izan. Herriarentzako irekia egon da elkartea beti.

Herrira irekia eta herriaren beharretara, ezta?
Bai, horrela da. Elkartea sortu zenean herriko bizilagunen beharrak jaso eta zegozkion Udalari edo Aldundiari bideratzen ziren. Hemen ez zegoen Udaletxerik.
Orduan, 1962an, herria handitu zen eta modu anarkiko batean gainera, arazo eta beharrak asko ziren.
Hasierako historia dokumentazioagatik ezagutzen dugu. Osasun zentroa jartzeko eskaera, egun Cruz Roja dagoen lekuan jarri zutena, Correos-eko bulegoa, gaur egun garrantzirik ez duten gauzak baina orduan...
Eta Hernani eta Urnietako udaletara joaten ginen plan partzialen aurka egiteko.
Gogoratzen dut Urnietako Udaleko udalbatzarrera joan ginela behin eta ez zekitela non kokatu behar gintuzten. Azkenean aulki batzuk jarri zizkiguten txoko batean eta bertan egon ginen.

Baina hezkuntza eta beste arlo batzuetan ere aritu da elkartea...
Danok Kide famili guraso elkarteak ahal egin duena egin du.
Hezkuntza Profesionala emateko zentroa sortu zen gure lokaletan. Zentroak 6 ikasturte iraun zituen, instalazioak berritu behar ziren hezkuntzak horrela zehaztuta eta Udalek ez zuten laguntzarik eman.
Baina hori bezala beste kontu asko ere izan ziren. Herria sortzeko ahaleginak ere garrantzitsuak izan ziren.
Badirudi 1976a, Lasarte-Oria sortzearen aldeko Komisioa eratu baino lehen, ez zela ezer egin horren alde. Mugimendu handia egon zen aurretik.

Azterketa soziologiko bat egin genuen eta Madrilera ere bisitak egin ziren.
Azterketak herri guztiaren laguntza izan zuen baina Gobernu zibilak bertan behera uzteko agindu zuen. Lasarte inoiz baino batuagoa izan zen garai horretan. Jende asko mugitu zen, elkarteak inkestak egiteko... %75ak erantzun zuen. Eta aipatu legez, politikoek eten zuten egitasmoa. Ez genuen emaitzarik lortu.
Eguneroko arazoak kontuan izaten genituen, baina bizilagunen eta herriaren etorkizunak ere kezkatzen gintuen.

Beraz, ekintzak ahaztu dira...
Bai, horrela da. Ahaztua dagoen beste ekintza garrantzitsua, Emakumeen lanbide zentroa da. Aurrezki kutxa probintzialarekin jarri ginen harremanetan aurrera ateratzeko.
Caritas ere hemen hasi zen lanean. Gerora alderdi politikoak sortu zirenean, ekintza sozio-kulturalak antolatzen hasi ginen ere.

Eta horretan jarraitzen duzue...
Helduen hezkuntza iraunkorra dugu eta gure ohiko ekintzak mantentzen ditugu urtean zehar.
Zinema sozialeko zikloa, Balioetan Hezi hitzaldi sorta, Musika Topaketak eta horiek arrakasta dute.
Eguberrietako jaiekin lotuta, Jaiotzen lehiaketa ere egiten dugu. Baina zenbait gauzak antolatzeari utzi diogu, Lasarte-Oria aldizkaria, Erregeen Kabalgata edo jaiotza erraldoia, adibidez.
Horretaz gain, Emakumeen lanbide zentroan zebiltzanak etortzen dira egunero ekintza desberdinak egitera, gimnasia, pilates, yoga, dantza, jantzigintza, altzari zaharberritzea...
Lokalak uzten ditugu ere. Lekurik ez duten Lasarte-Oriako elkarteei uzten dizkiegu, elkarte filatelikoa, Nagusilan, Esperanza Latina elkartea, EPAko antzerkia, Uztaro kontsumo kooperatibari, eliza ebangelikoari... Irabazi gabeko elkarteei uzten dizkiegu. Kutxa eta Nazaret zentroari ere ikastaroak emateko uzten dizkiegu.

Baina San Pedro Jaietan noizbait ekintzarik antolatu duzue, ezta?
Bai, horrela da. Danok Kidek haurren danborrada sustatu eta lehena antolatu zuen.
Honetaz gain, urte askotan Danborrada antolatu gabe egon ondoren, Danborradako Batzordeak Danok Kideri eskatu zioten 1965tik 1968ra hori antolatzea.
Baina geroztik ez ditugu jaietarako gauzak antolatu. Beste batzuk antolatzen dituzte eta guk beste eginkizun batzuk ditugu.

Herritar bezala nola bizi dituzue herriko jaiak?
Herritar bezala gozatu eta sufritzen ditugu San Pedro Jaiak.
Zarata handia da, baina aste bete dela kontuan izanik ez da horrenbesterako.
Normalean ere mezara joaten gara eta omenaldira goaz.
Aurten txupinazoan eta omenaldian izango gara lege-aginduz.
Eta aitonak garenez, eginkizun horretan ere gozatuko ditugu.