Urteek aurrera egin ahala, aldatu egin da Udalaren osaera eta aldatu egingo da gerora ere, aldatu egin da Okendo plazaren itxura, Sorgin Jaiek euren barne-egitura aldatu dute, kokaleku berria estreinatuko dute... Baina festek hor diraute, San Pedro Jaiek ez dute hutsik egin eta beste urtebetez festak Lasarte-Oriako kaleak irribarrez jantziko ditu ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean.
Aurtengoan ordea, zenbait berrikuntzekin datoz herriko festak, lehen aldiz hiru txupinazo izango baitira. Ohi bezala, Sorgin Jaiek irekiko dituzte festak ekainaren 27ko txupinazo alternatiboarekin, arratsaldeko 19:00etan. Udalak ordea, ekainaren 28an bi txupinazo egitea erabaki du lehenengoz eta 2012ko omenduek botako dituzte txupinak San Pedro bezperan.
Lehena, haurren-txupinazoa izango da. Herriko txikienek Pirritx eta Porrotx pailazoak ikusi eta haiek botatako txupinarekin gozatzeko aukera izango dute eguerdiko 12:00etatik aurrera, eta ziur ez direla marrubi eta txokolatezko muxuak faltako hain egun berezian. Arratsaldeko 19:00etan berriz, Biyak-Bat eta Jalgunek izango dute txupina Lasarte-Oriako zerura botatzeko ardura. Hau, berriz, Okendon izango da, Udaletxe berritik botako da.
Hortik aurrera, leher egingo du festak. Herriko kaleak girotuko dituzte txaranga eta buru-haundiek, Sorgin guneak, danborradak, zikiro-afariak, barrakek... Baina batez ere guk geuk emango diegu kolorea, herritarrok izan behar dugulako festaren arima, gu gabe ez direlako deus.
Beraz, lauzpabost egunez lotsak etxean utzi, blusa jantzi eta kalera irten beharra daukagu, egitarau oparoa prestatu baitute festa ofizial zein alternatiboen baitan. Kolore guztietako jendeak du lekua Lasarte-Oriako San Pedro Jaietan eta urte osoan jo eta ke lanean aritu ostean, badugu herritarrok ondo merezitako festez gozatzeko eskubidea. Barrabaskeria bat edo beste onar daiteke, baina beti neurrian, ondo pasa behar da, baina pasatu gabe.
Aurtengo beste berrikuntza nagusietako bat, txupinazo eta omenduekin batera, Sorgin Jaien kokalekua izango da, historikoki aldarrikatu duten Okendo plazan finkatuko baitira aurten sorginak. Hilabete luzez prestakuntza lanetan aritu ostean, txosna eta karpa muntatzeari ekin zioten aurreko astean eta honezkero prest dituzte akelarreak egiteko lapiko eta edabe magikoak.
Ikusi beharko da nolako oihartzuna izaten duten kokaleku berriarekin, baina printzipioz, Ostatu-Berri taberna zenaren murala egiteak kolore gehienetako herritarrak poltsikoan sartu ditu. Zenbaitek berriz biziko ditu garai bateko oroitzapen goxoak, bost egunez bada ere.
Azken finean, hasten den guztiak amaiera izaten duenez, bukatu egingo dira 2012ko San Pedro Jaiak, noski, baina hasi orduko amaieran pentsatzen aritu beharrean, goza dezagun bost egun hauetan egingo dugun bideaz!

