“Ez dugu ahaztuko euskalgintzan eta Lasarte-Orian jaio ginela ”

Nerea Eizagirre 2012ko eka. 27a, 12:26

Duela 25 urte, Eguberrietan Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoek bere lehenengo ikuskizuna eskaini zuten herrian. Egun Porrotx, Pirritx eta Marimototsekin batera Euskal Herriko txoko guztietan ezagunak dira. Ibilbide honetan ikuskizunak, diskak, liburuak, jokoak... eta Irrien kluba sortu dute. Hainbat sari ere lortu dituzte haien hezkuntza lanagatik. Haurren txupinan Takolorekin batera izango direla aurreratu digute, baita omenaldian zerbait berezia egingo dutela ere.

Nola sentitzen zarete omendu izateagatik?
Talde bezala 25 urte betetzen ditu. Herrigintzan sortu ginen, euskararen aldeko mugimenduaren barruan eta Euskal Herrira zabaldu zen.

Baina 25 urte pasa ondoren herrigintzan kokatzen dugu gure lana. Gu bezala, Lasarte-Orian euskararen aldeko mugimendu horretan parte hartzen ari diren beste hainbat elkarte, pertsona, ekimen... horien barruan kokatzen dugu gure burua eta horiena ere da errekonozimendua eta konpartitua dela uste dugu.
Gogoratu orain dela 25 urte A eredua zegoela bakarrik eskola publikoan, euskara oso gutxi eta herri ekimenak gutxi batzuk zirela. Urte hauetan guztietan aurrera egin da kultura arloan eta beste arloetan. Erabileran ez da hainbeste egin, %10ean mantentzen da eta horri begira dago Lasarte-Oriako euskalgintza, gu horien artean.

Guretzat beti Lasarte-Oria berezia izan da eta izango da, hemen jaio ginelako. Ez dugu ahaztuko euskalgintzan sortu ginela eta Lasarte-Orian jaio ginela.

25 urte hauetan aldaketa ugari izan da taldean, ezta?
Jaio ginenean mutilak ginen gehienak orain neskak dira nagusi.
Euskara eta alaitasuna ziren gure ikurrak, orain euskara, alaitasuna eta baloreak dira.

Egun zuen lanean oso garrantzitsuak dira baloreak...
Haurrak aurrean ditugunez, erreferente bat gara haientzat. Takoloren garaian dagoeneko, ikuskizun batzuk egin genituen, baserriko gaia hartuta, Kintxo Barrilete, Nikaraguako gaia... Beste hainbeste gai ere landu genituen izaera soziala zutenak, baloreekin lotuta eta hortik aurrera pixka bat sakondu genuen.
Hortik etorri dira elkar lanak, elkarte pila ezagutu dugu, tartean gorrak, minbizidunak, GEHITU, adopzio elkartea, harrera familien elkartea, Gipuzkoako kirol egokituko elkartea...

Irrien Lagunak kluba ere sortu genuen, tartean elkartasun elkartea, honetan 18 elkarte daude integratuta.
Baloreak oso garrantzitsuak dira eta gure lanaren ardatza. Oihartzun handia ere lortu dugu eta pozik gaude gure lanarekin. Lanean jarraitzea, maitatuak sentitzea, gure lana eskaintzen jarraitu ahal izatea. Eta euskararentzat tresna bat izatea.

Zuek zarete jende aurrean zaudetenak, baina Katxiporreta-n jende gehiago dago zuekin lanean...
Dozena bat lagun gaude, gidoiak egiterakoan, antzezterakoan... lasartearrak dauzkagu, Alex Tetuan, esaterako.

Horretaz gain, bulegoan lan egiten dutenak. Isa Fernandez de Agirre erreportajeak egiten, Julian Tokero ilustrazio guztiak eta gure irudia lantzen, Amaia Tejeria merchandising arduraduna, Egoitz Zelaia teknikaria...

Gure irudia da gehienbat agertzen dena, baina talde bat gara.

Maiatzean herrian izan zineten eta Manuel Lekuona bete zenuten...
Guretzat oso bereziak izan ziren saioak. Eta modu berezi batean ospatu nahi genuen, Bonberenea txaranga ekarri genuen eta Jalgunekoekin batera, Motxila 21... Jai borobila izan zen, parte hartze handiarekin.
Manuel Lekuona kultur-etxea bitan bete genuen. Hori da gure saririk handiena eta politena.

Egunerokotasun honetan gure maitasuna ematea eta maitatuak sentitzea. Ikustea zein barruraino iristen garen, zenbat pertsonengana eta egunetik egunera dauzkagu horren frogak. Onean eta txarrean, pozetan eta tristuretan.

Umoreaz galdetzen digutenean, guk esaten dugu, umorea txiste bat edo irri bat baino gehiago dela, jarrera bat dela esaten dugu. Bizitzaren aurrean jarrera baikorra, jarrera eraikitzailea, komunean duzun bizitza bizitzekoa... Eta, alde horretan momentu tristeak eta pozgarriak tartekatu ditugu lagunekin, gaixotasunak eta heriotzak... horrelakoetan ere egon nahi izan dugu gure lagunen ondoan. Gure lagunak gurekin egon diren bezala.

Horregatik diogu jarrera bat dela. Gure lana hori da eta maitasun proba etengabeak jasotzen ditugu. Eta gure aldetik ahal duguna ematen dugu eta hori da ederrena. Hori da gure saririk politena.

Herritar bezala nola bizi dituzue herriko jaiak?
Normalean lana izaten dugu. Tartekatzen ditugu lana eta herria. Aurten 29an libre dugu, hau dena jakin baino lehenagotik, eta pixka bat gozatu ahalko ditugu.

Guk batez ere egunez bizitzen ditugu jaiak. Garai batean txosna zaleak izan ginen, hemen Uistin kalean jartzen zirenean. Gauez ere gerra pixka bat ematen genuen.

Gaur egun ere gauez zerbait berezia egonez gero, gustatzen zaigu bueltatxo bat ematea baina ez ordu txikiak arte.

Eta batez ere egunez eta disfrutatzen ere, jendeak disfrutatzen duela ikusirik eta parte hartzen duela ikusiz. Guretzako parte hartzea garrantzitsua baita eta ahal dugunean beti esku bat botaz.
Gogorarazi behar dugu Sorgin Jaietan urtero eskaini dugula saio bat. Guk ere jai herrikoien mugimendua bultzatu nahi genuelako eta orduan, parte hartu izan dugu pailazo eta pertsona bezala.