“Pozik eta harro gaude”

Nerea Eizagirre 2012ko ekainaren 27a

Jalgune-Gure Ametsa elkartea minusbaliatu fisiko eta psikikoekin lan egiten du egunero. Iaz 20. urteurrena ospatu zuten eta aurten Lasarte-Oriako Udalak eta Ostadar SFK-ek egiten duen lana saritu nahi izan dute. Gazte eta begiraleek ederki gozatzen dute urtean zehar egiten dituzten ekintzetan, baina jaietan ere ez dira geratzen eta haur danborradan edo Oriako jaitsieran ikusiko ditugu gazteak. Aurten arratsaldeko txupina bota eta alaituko dute.

Nola sentitzen zarete omendu izateagatik?
Pozik eta harro gaude. Harrituta ere bai.
Gazteak ez dira oraindik oso kontziente. Omendua izateak zer esan nahi duen ez dakite. Momentuan izango da, Txupinazo momentuan eta 29ko omenaldian jendea ikusten dutenean konturatzeko unea izango da. Txupinazoan bi edo hiru balkoira igo eta beraiek protagonistak direla ikustean.

Ez dakite oso ondo zer den omendua izatea. Baina hainbeste jenderekin ekintza batean egotea eta jendeak beraiei begiratzea. Integratuak sentitzen dira eta guretzat oso garrantzitsua da hau.

Gu ere orain gara kontzienteago, eguna iritsi ahala.
Bileretan eta omenaldiko emanaldia prestatzen garrantziaz konturatu gara.

Egitaraua ireki eta Jalgune bertan omendu bezala dagoela ikusteak... Danok Kide elkartearekin 50 urte bete dituela eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin... Jakinda herrian dauden elkarte kopurua eta mugitzen duten jendea gu hautatzea, benetan oso harro gaude.

20. urteurrena dela eta, iaz mugimendu dezente izan genuen iaz baina azken finean 24 pertsonako elkarte bat gara.

Baina hogei urte hauetan hainbat herritar izan dira elkartean, ezta?
Bai, horrela da. Horren harira, begiraleek zoriondu nahi ditugu, 20-21 urte hauetan Jalgunen parte hartu duten guztiak.

Gure intentzioa da omenaldian guztiak parte hartzera gonbidatzea, elkartean egon diren begiraleak, gazte ohiak, laguntzaileak, bolondresak...

Eta bereziki, urtean zehar gurekin ekintzetan egoten diren elkarte edo taldeei txupinean egotea eskatu diegu.

Horretaz gain, zoriondu nahi ditugu elkarteari hasiera eman zioten ama horiek. Behar batetik abiatu eta horren alde borrokatu zutenak. Gu orain aldi gozoa ari gara jasotzen.

Gainera, oraindik gurekin jarraitzen dute. Oroitzapen berezi bat haientzat beti.

Horretaz gain, garrantzitsua izan da beti Udalaren laguntza. Bidelagun izan da bai lehen eta bai orain.

Urtero parte hartzen du Jalgunek San Pedroko hainbat ekintzetan eta aurten txupinazoa eta omenaldia izango duzue...
Bai aurten, txupinazoa, omenaldia, Oriako jaitsiera, sorgin dantza eta danborradan parte hartuko dugu. Lehenengo bi egunetan tope ibiliko gara.

Haiek eta guk gustura egiten ditugun ekintzak dira eta hauek mantentzen saiatzen gara. Gazteei begira egiten dugu, baina guk ere horretan sinesten dugulako egiten dugu. Herriko jaiak dira eta bizi egin behar dira.

Garrantzitsua da haientzat horrelako ekintzetan parte hartzea?
Lagun artean egoteko aukera ematen die. Eta gogoa pizten die. Oriako jaitsiera, “zer da?”, Sorgin jaiek antolatutakoa. Sorgin Jaiak txosna gunea dela azaldu eta agian bertara hurbiltzen dira zerbait hartzera.
Haur danborradan hamar urte dira parte hartzen dugula eta azken urteetan laguntzaile modura ere atera dira gazteak.

Eta ekintzen ostean, pote bat hartzera geratzen dira edo egitaraua begiratu eta danborradaren ostean zer dagoen ikusi eta horretara ere joaten dira.

Iaz blusa egin genuen eta kuadrila baten barruan sentitzen dira eta gara.

Jaiak beste era batera bizitzen dituzte. Iaz Sorgin Dantza egin zutenean ere horrela izan zen, beste 300 pertsonekin zeuden eta gozatu zuten.

Festa giroan gehiago sartzen dira, haiek eta familiak.

Orduan familiek ere gozatzen dute jaietaz...
Oriako jaitsieran, esate baterako, denak joaten gara. Lau txalupatan doaz eta begirale eta familiak animatzen joaten gara bide osoan. Amaieran denak elkartu direnez pote bat hartzera joaten dira. Familietan ere aldaketa nabari da.

Jalgune pixkanaka ezaguna egiten ari da herrian egiten dituen ekintzengatik...
Azken urteetan hasi dira guri deitzen, lehen ate joka joaten ginen. Eta omentzeko gu aukeratu gaituzte, herri mailan down sindromea duen mutil bat izango da txupina botatzeko arduraduna. Ostadarrek ere Auzolagun saria eman zigun maiatzean. Herrian gaude eta herriak ere kontuan hartzen gaitu.

Eta gazte hauek bizi duten errealitatea aitortu behar da eta ezagutzera eman.
Egoera hau normalizatzeko bidea ere bada hau. Jendea zerbitzu edo elkarte honen beharraz kontura dadin balio dute omenaldi eta aitortza hauek. Gazte hauen errealitatea dena izaten jarraitu bitartean beharra izango da.

Omenduak izatea ahalbidetuko die hitza eta protagonismoa eurena izatea. Izan ere, besteek aukera hauek izan ditzakegu noiz behinka, baina haiek ez daukate halako aukerarik. Eta herritarrak hortaz kontziente izatea ere garrantzitsua da.

Horregatik, errealitatea kalera ateratzeko urtero ekintzak egiten ditugu. Eta gauza gehiago egiteko prest gaude, nahi duenak dei dezake. Gure helburua beste jendea probokatzea eta elkartea ezagutzera ematea da.