“Gutxirekin asko adierazten du”

maider-azurmendi 2012ko ekainaren 27a

Aurtengo Sanpedrotako kartela egin du Zabaletako gazteak. Udalak martxan jarritako lehiaketa izan da eta aurketutako lanen artean herritarrei gustukoena bozkatzeko aukera luzatu zitzaien lasarteoriasarean.eu web gunean. Bozka gehien lortutako bi kartelen artean berriz, azken hautaketa egin zuten Festetako batzorde kideek. Azkenean, Uxuneren lana izendatu zuten garaile.

Mota honetako lehen bakarkako lehiaketa izan da Uxune Iparragirrerentzat eta oso pozik dago lortutako sariarekin. Berriki amaitu ditu Diseinu Grafiko eta Editoriala ikasketak Urnietako Salesiarren eskolan eta deseatzen dago diseinuaren munduan guztiz murgiltzeko.

Zure kartelak iragartzen ditu San Pedroak. Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Oraintxe bukatu ditut diseinu ikasketak eta gogoa neukan lehiaketa erreal batean nire lan bat aurkezteko. Orain arte eskolatik taldeka hainbat lan egin ditugu eta tartean irabazi ere egin dugu lehiaketaren bat adibidez, Tolosako Museotako Nazioarteko eguneko kartela.

Lehiaketa bera aukera bat zen ikusteko nire lanak eskolatik kanpo duen erantzuna eta egia esan emaitza poztekoa izan da.

Irabazlea zure lana zela jakitean, nola hartu zenuen albistea?
Egia esan oso oso pozik. Lehen lana izan da horrelako lehiaketa batean eskolatik kanpo eta egia esan bikain atera da. Hemendik aurrera egiten ditudan lanek halako harrera izatea gustatuko litzaidake!

Zertan inspiratu zinen?
Minimalista da. Asko landu dudan korronte artistikoa izan da minimalismoa eta atsegin dut. Gauza gutxirekin asko adieraztea da honen helburua eta nire kartelak kutsu hori du. Hasieratik jo nuen minimalismora eta esan behar dut aurretik beste hamabost edo egingo nituela.

Zer adierazten da?
San Pedro jaietan pentsatzen hasita, niri burura etortzen zaidan lehenengo gauza Sorgin dantza da. Herria biltzen duen ekimena da niretzat eta hau hautatu nuen irudi nagusi bezala. Koloreei dagokionez, gorria argi izan behar zuen horietako bat eta beldur gehiena ematen zidana zuriaren erabilera zen.

Azkenean jendeak festa koloreekin lotzen du eta banekien deigarriena izango zela kartela hain zuri izatea. Betiko diseinu horiekin guztiz hautsi behar dela iruditzen zait.

Egia da jaso ditudan kritikak zuriarengatik izan direla, jendeak esaten dit zuri gehiegi daukala kartelak eta agian “sosoa” iruditzen zaiela. Niretzat kartel desberdin bat da eta zuriak gauza asko esaten dituen kolorea. Nire ustez atentzioa deitzen duen kolorea da kasu honetan.

Gainera, orain arte egon diren kartelekin aldaketa nahi nuen adierazi. Festa adierazi nahi du aldi berean eta edozeinek parte har dezakeela jaietan, horregatik ez dauka aurpegirik, neska, mutila izan daiteke...

Kritika asko jaso al dituzu?
Iritzi asko jaso ditut eta oraindik jasotzeko prest nago. Konstruktiboak izango dira eta aurrerantzean ziur lagunduko didate nire lana hobetzen. Orokorrean kanpoko iritziak jasotzea oso aberasgarria da diseinatzailearentzat.

Saria 300eurokoa da...
Bai ez da asko baina niretzako parte hartzea izan da garrantzitsuena. Ez nintzen sariagatik aurkeztu, pasatako orduak ez dira diru horrekin ordaintzen.

Lehiaketa gehiagotan aurkezteko asmoa daukazu?
Lana topatu bitartean aukera ona izan daiteke mota honetako lehiaketetara aurkeztea. Azken batean hauek ere zure lana ezagutzera emateko aukera aproposak izan daitezke. Denbora dudan bitartean asmoa behintzat lehiatzen jarraitzea da.

Jendeak bozkatu ahal izan ditu kartelak...zure ingurukoak horretan izan al dira?
Egia esan ez. Berandu jakin zuten bozka emateko aukera zutela. Askok ez zekiten lan bat aurkeztu nuela ere.

Aldaketak egin al dizkiote kartelari?
Ba egia esan logo guztiak gehitu dizkiote kartelari. Banekien sartuko zituztela baina hain handiak izango zirenik ez nuen uste. Aitortu behar dut ez zaizkidala gustatzen.

Kaleetan zure lana ikustea arraro egiten al da?
Ba egia esan oso arraroa da. Asko harritu ninduen Txintxarri eta udalaren web gunetan ikusteak eta noski, kalean ikustea ere deigarria egiten zait.

Aurkeztutako lanen artean besteak zer iruditzen?
Egia esan behar badut ez zitzaidan besterik gustatzen. Egia da lehiaketa irekia zela eta baldintzarik gabekoa beraz errespetu guztiarekin esaten dut, nire iritzia da eta diseinu ikasle izanda agian beste ikuspegi batetik ematen dut iritzia.

Festetarako mezu bat...
Ba jendea parte hartzera animatu nahiko nuke, kalera ateratzea eta ondo pasatzea!