Herriko taldeen kontzertua antolatu du Udalak Sorgin Jaiekin batera ekainaren 27an: Hilotz, V. Musika Maketen Lehiaketako herriko irabazlearekin batera, The Garax eta Trikihots taldeak eta DJ Zebo disko jartzailea izango dira Okendon. Hilotz taldeko Mikel Iartza, Aitor Zarzuelo eta Iker Elizegi kontatu digutenez "oso pozik" daude sariarekin. Herrian badaude hainbat rock talde baina lehiaketara soilik hiru talde aurkeztu ziren eta Hilotz-i eman diote saria.
2011 urteko uda aldean hasi zineten han eta hemen jotzen, ezta?
Iazko udan ez genuen gehiegi jo. Gehiena urteko bigarren zatian, irailetik aurrera, jo genuen.
Eta zer moduz dator aurtengo uda?
Ekainean piraten lehiaketako finalerdietan parte hartu dugu eta ea Donostian Aste Nagusian jotzeko aukera daukagun, San Pedrotan joko dugu herrian eta ea udarako kontzertu gehiago ateratzen diren.
Beste lehiaketa batzuetara ere aurkeztu gara. Ea suerterik daukagun.
Hil al Bizi" lehen diskoa aterako duzue, ezta?
Bai, bukatuta dago, lehenengo aldiz joan gara estudio batetara eta hor dago. CDak egiten ari dira orain.
Gustura zaudete diskoarekin?
Bai soinu kalitate aldetik nahiko ona du, Legazpin grabatu dugu lagun batzuekin, Subeltza estudioan. Tolosako Switch taldean jotzen duen Ander Zubillaga lagunak grabatu du, eta Elbereth Legazpiko taldeko lagunen Gaueko Arimak diskoetxeak aterako du.
Ez da diskoetxe normala, taldeei bultzada emateko helburua duen elkartea da, eta beraiekin diskoa ateratzeko aukera eman digute. Gure lana zabalduko dute.
Auto-produzitu duzuela esan daiteke beraz...
Bai, guk ordaintzen dugu, baina beraiek banatuko dute. Musika denda batzuekin harreman ona dugunez, hor saltzen saiatuko gara eta gure kontzertu guztietan ere egongo da salgai.
Bestalde, promozionatzeko kanta batzuek You-tubera igoko ditugu, internet-ekin ate asko zabaltzen zaizkizu eta.
Zenbat abesti dira?
Intro bat eta bost abesti.
Jarraitzen duzue Heavy eta Trash estiloarekin?
Bai eragin hori badaukagu, betidanik, baina ez da hori bakarrik. Azken finean, metal talde bat gara, eta estiloak jendeak jartzen dituen etiketak dira, estereotipoak.
Zuen estilo propioa, nortasuna, sortzen ari al zarete?
Oraindik maketa bat besterik ez daukagu, baina egiten duzun musika beti da entzuten duzun guztiaren emaitza.
Dena den, bidea apur bat finkatu al duzue?
Bai, baina beti esaten dugu irekiak izan nahi dugula. Entzuleari agian ez zaio gustatzen taldeak asko aldatzea, baina guk uste dugu, orain hau egiten dugula eta gero auskalo.
Letrak zeri buruzkoak dira?
Heriotza beti ageri da, "Hil al Bizi" lanean ere bai. Esan daiteke, bizi garen bitartean heriotza beti dagoela hor, edozein momentutan agertzen dela, eta orduan gure kantetan, gaixotasunak, gudak... agertzen dira. Baina ez dugu horietaz hitzegiten gustatzen zaizkigulako. Kantuak kritikoak dira.
Sanpedrotan aukera ona daukazue herritarren aurrean diskoa erakusteko.
Bai. Ea herrikoak animatzen diren. Oso gogotsu gaude herriko festetan lehen aldiz jotzeko, gainera lehenengo gauean, jende gehien izaten denean, Lasarteko beste talde batzuekin.
Beste taldeekin jota lagun asko egiten dira, ezta?
Bai. Beste taldea ezagutu, agian kontutan hartzen zaituzte eta beste egun baterako kontzertuak etorri daitezke. Bai jotzen dugun talde guztiekin edo gehienekin harreman ona izan dugu, zerbait ahazten baduzu utzi egiten dizute...
Baduzue beste talde lagun kuttunen bat?
Agian Elbereth taldea, Legazpikoak dira.
Nonbaiten jotzeko gogorik badaukazue?
Lasarten jotzeko gogo handia dugu, festetan ez dugu inoiz jo eta herriko jende asko ez da etortzen gure kontzertuetara. Hemen, ez dago heavi heavirik. Herriaren aurrean jotzeko gogoa daukagu. Gainera iaz giro oso ona egon zen sanpedrotako kontzertuan. Aukera ona da.
Ateratzen diren kontzertu guztietan eta ahal dugun guztietan gogoz jo behar dugu gure musika ahal den guztia zabaltzeko.
Metal-fest jaialdietan jo al duzue?
Bai iaz lehenengo aldiz egon ginen hard rock gauean eta aurten errepikatu dugu. Brutal gaua deitu diote, gure estilokoa zen, iaz baino gehiago, zenbait taldek jotzen zuten, Dominium, Numen... eta Elbereth taldekoak ezagutu genituen.
Ikusleak ere musika hori gustuko dutenak izango ziren...
Bai, taberna batean jotzean lagunak joaten dira ikustera, baina horrelako kontzertuetan promozio handiagoa izaten da.
Euskal Herritik kanpora joateko asmorik ba al daukazue?
Pentsatu dugu eta bai, ea urtean behin horrelako irteera bat egiteko aukera daukagun. Badauzkagu internet bidez ezagututako lagun batzuek eta esaten digute agian kontzerturen bat edo zerbait egiteko.
Gogoa badaukagu eta ikusiko dugu.
Gaur egun heavyak galtza motzetan zabiltzate?
Udan behintzat bai. Eta neguan ere bai askotan.
Ikasten segitzen duzue?
Ikasturtean zehar zaila egiten zaigu ikasketa eta musika lotzea, Aitor Arrasaten eta Mikel Iruñean, kanpoan ari direlako ikasten. Asteburutan elkartzen gara.
Zailtasunik ba al duzue beraz abesti berriak sortzeko...
Diskoan grabatu ditugunez aparte, beste lauzpabost abesti ere badauzkagu. Denak ez ditugu joko kontzertuan, bestela ez zen eta maketaren aurkezpena izango. Pixkanaka joango gara kontzertuetan abesti berriak sartzen. Eta abesti berriak pentsatzen.
Nola sortzen dira bada, abesti berriak? Asko kostatzen al zaizue?
Inspirazioaren arabera. Jotzen hasi eta nahi gabe ateratzen dira gauzak egun batzuetan. Gero hurrengo egunean entzun eta batzuetan ez zaigu gustatzen. Kanta osoa eginda izan arren, estudiora joan garenean konponketa txikiak egin ditugu bertan eta beraz kantak lehen aldiz jo genituenetik aldatzen doaz.

