San Pedro Egunaren bezperan hasiko da Ttakunen egitaraua. Haurren txupinazoaren ondoren (12:00etan), 13:30etan haurren kalejira eta 14:00etan haurren bazkaria antolatu ditu Ttakunek aurreko urteetan bezala.
Begiraleen laguntzarekin Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko ikasleak Okendo plazatik aterako dira kalejiran Atsobakar auzoraino, bertan elkarrekin makarroiak bazkalduko dituzte eta bazkalostean Busti Blai ur festa egingo dute gainera. Urtero giro ederra izan ohi da Atsobakar inguruko etxeetan: ondo pasatzen dute beroari aurre egiteko azpian ura eskatzen ari diren haurrek, eta baita balkoietatik ura botatzen duten herritarrek ere.
Ttakun kultur elkarteak eskaera egin nahi die Atsobakarreko bizilagunei haurrak haien balkoietara hurbiltzean ura botatzeko.
Sorgin dantza
Sorgin dantza, aurten aurreko urteetan baino lehenago abiatuko da Oriatik, 16:30etan gutxi gorabehera, ohiko ibilbidea eta geldialdiak egingo ditu, besteak beste Biyak Bat elkartearen, Udaletxearen parean eta Pablo Mutiozabal kalean, eta 19:00etan txupina bota aurretik amaituko da Okendon. 1994tik antolatzen du Ttakunek Lasarte-Oriako herriaren eta bertako festa nagusien ikur bihurtu den sorgin dantza.
Azken urteotan parte hartzaileen kopurua asko ugaritu da, haurrak ere egiten dute kalejira eta dantza eta aurten derrigorrez 18:40ean amaitu behar da Okendo plazan, ondoren botako baita jaien hasierako eguneko bigarren txupina, beraz parte hartzaileei 16:30etarako Orian egoteko eskatzen zaie.
San Pedro Eguna
San Pedro Egunean arratsalde-gauean euskal giro bikaina ziurtaturik egongo da Ttakun elkarteak antolatutako ekitaldietan. Sagardo dastatzea eta erromeria 18:00etan hasiko da Okendon, bertso saioa 20:00etan Manuel Lekuonan eta Zikiro afaria 22:00etan berriro ere Okendon. Arratsaldeko dastaketan herriko Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltzate baserrietako sagardoa banatuko da eta erromeria egongo da.
Ondoren 20:00etan bertsoetaz gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Sanpedrotako bertso saioan, Kultur Etxean, aurten, herriko hiru bertsolarirekin batera kantatuko dute punta puntako hiru bertsolarik. Gaiak Unai Muñoak jarriko ditu, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus datoz kanpotik eta Ane Labaka, Andoni Otamendi eta Patxi Etxeberriak kantatuko dute. Bertso saio bikaina antolatu du aurten ere Ttakuneko Earra! Bertso eskolak festatan.
Zikiro afaria
Behin bertso saioa amaituta, giroa berriro Okendora itzuliko da, San Pedroetako otordurik estimatuenetarikoa hasiko baita bertan. Zikiro afaria, aurten Okendo plazan bertan egingo da. Arratsaldeko lehen orduetatik arituko dira sukaldariak zikiroa prestatzen gaueko 22:00etarako okela pronto izateko. Txartelak Jalgi tabernan daude salgai 20 eurotan.
Entsalada eta zikiroa egongo da jateko, lagunarte giro alaia, ondoren herriko Itzartu erromeria taldeak girotuko du Okendo eta dantzatzeko aukera izango da.
Kantu Jira
Ttakunen egitarauan azken urtetan ekitaldirik berriena gero eta arrakasta handiagoa izaten ari den kantujira da. Hilaren 30ean eguerdiko 12:00etan abiatuko da Sagardotegi kaletik euskal abestiak kalez kale kantatuko dituen taldea. Xumela abesbatzak eta nahi duten herritarrek parte hartuko dute. Ondoren Amalurreko musikariekin erromeria ere egongo da.
DJak Jalgin
Jalgi kafe-antzokia ere festa giroan murgilduko da egun hauetan eta DJ ezagunek jarriko dute musika bertan. Hilaren 29an 23:30etatik aurrera Naken Selektor izango da besteak beste ska, rocksteady eta reggae doinuak jartzen eta hilaren 30ean ordu berean, 23:30ean Salda Mr Dubbin besteak beste Saltsa eta Funk doinuak tartekatuz.
