“Festetan onena, lapikoan, litroka egindako etxeko gin tonica da”

maider-azurmendi 2012ko ekainaren 27a

Hondarribiarra jaiotzez telebistari esker famatu egin den sukaldari honek bere bizitza erdia Lasarte-Orian eman du. 21 urterekin Martin Berasategiren sukaldean hasi zen lanean eta egun jatetxearen ondoan kokatutako telebista platoan sukaldatzen ditu bere errezeta goxoenak. ETB2ko "Robin Food atracón a mano armada" saioak arrakasta handia izan du eta honen sekretua zein den galdetu nahi izan diogu. Horretaz gain festetarako hainbat gomendio eman dizkigu sukaldariak.

David de Jorge sukaldariak ikusleak liluratu ditu. Sukaldean aritzeko modu desberdin bat eraman du telebistara eta honek bere izateko moduarekin batera, jarraitzaile mordoa izatea eragin du. Askotan aipatu arren, saioa Lasarte-Orian grabatzen da eta herriarekin saioak baita berak duen lotura azaldu digu.

Egun telebistan hainbeste irauteak badu meritua. Zein da sekretua?
500 saio baino gehiago egin ditugu. Hasieran ez genuen uste hainbeste denbora iraungo zuenik baina telebistan jarraitzen dugu eta horretarako arrazoiren bat egongo da. Sekretua zein den ez dakit, suposatzen dut jendeak ondo pasatzen duela saioa ikusten.

Egun ikusleak oso selektiboak dira eta soilik gustatzen zaiena jarraitzen dute telebistan. Gure kasuan, mezu positiboak bidaltzen saiatzen gara beti sukaldetik eta hori momentu honetan bereziki ikusleek eskertzen dutela iruditzen zait.

Jendeak behar al ditu mezu baikorrak?
Nik uste dut jendeak ilusioa behar duela berreskuratu. Adibide oso ona izan da Athleticekin gertatutakoa. Bi finaletan izan da futbol taldea eta ikusita honek jendearen artean piztu duen ilusioa eta gogoa nik ere, futbola ez dut atsegin, Bilboko taldea saiotik animatu izan dut. Egia da jendea nazkatuta dagoela, albiste txarrak besterik ez dira ikusten eta horri buelta eman behar zaio.

Saioa Lasarte-Orian egiten da, Martin Berasategiren sukaldetik pausu gutxira. Horrek eragina badu?
Eragin handia bai. Dena den, azpimarratu nahiko nuke Lasarte-Orian ia bizitza erdia eman dudala. Denek dakiten moduan Hondarribikoa naiz eta han bizi naiz baina 21 urterekin etorri nintzen Martinen sukaldera lan egitera eta gaur arte hemendik gabiltza lanean. Herri honekin lotura berezia daukat, hemen pasatzen ditut nire etxean baino ordu gehiago.

Munduko jatetxerik hoberenetako bat gure sukaldaritza saioa grabatzen dugun lekutik hain gertu egotea izugarria da. Kontutan izan behar da sukalde horretan mundu mailako profesional handiak daudela lanean, ikasten. Talde horrek laguntzen digu eta energia asko dago horren inguruan. Hori nabaritzen da saioan, benetakoa da sukaldea maite dugula eta gure ikusleek nabaritzen dute maitasun eta gogo hau.

ni etxean bezala sentitzen naiz sukalde honetan eta etxean bezala sukaldatzen dut, ikusleak eguerdiro nire sukaldearen intimitatean sartzen dira


Telebistan sukaldatzea gustatzen al zaizu?
Martin Berasategik betidanik nigan konfiantza azaldu du eta ni telebistan egotearen erruduna bera da. Berak telebista saioa proposatu zuen momentutik ni aurkezle nahi ninduen.
Nik zalantza asko nituen eta bere laguntzaz gain, bere babesa ere izan dut ibilbide guztian. Egia esan oso gustutra nago egiten dugun lanarekin.

Dagoeneko programa asko dira, errezeta asko... berritzea zaila al da?
Sukaldaritza saio bat egitea zaila da. Atal bakoitzak prestakuntza handia du. Funtsezkoa da plangintza on bat egitea, gidoia lantzea...baina errezetak asko dira eta badago aukera zabala.
Saiatzen naiz errezeta desberdin asko egiten, nire ustez badaude jendeak prestatzen jakin beharreko platerak eta horiek egiten saiatzen naiz. Horietaz gain, egia da tarteka gustatzen zaidala errezeta berezi bat edo beste egitea.

Beti oso kontutan izaten ditut nire ikusle eta jarraitzaileak horregatik plater onak eta sinpleak egiten saiatzen naiz, produktu arraroak ez ditut erabiltzen ezta sukaldeko gailu berezirik ere ez.

Asko kritikatu zaizu behatza sartu eta janaria probatzearena...
Bai egia da asko komentatu dela baina nik uste dut azkenean jendeari hau gustatzen zaiola gehien. Ez benetan, ni etxean bezala sentitzen naiz sukalde honetan eta etxean bezala sukaldatzen dut, ikusleak eguerdiro nire sukaldearen intimitatean sartzen dira. Oinarrizkoa da sukaldari batek bere janaria ona edo txarra dagoela inork baino lehenago probatzea…

Betiko galdera, saioa grabatu ostean dena jaten al duzue?
Bai lan taldeak jaten du dena eta berdin zaie zein ordu den!
Aipatzen den beste kontu bat izaten da ez duzula dieta errezetak egiten…

Hori ez da egia. Nik prestatzen ditudan platerak oso orekatuak dira. Egia da tarteka aste osoak eskaini izan dizkiogula neguan batez ere, gisatuei, ia egunero bat eta horrek janari askoren sentsazioa eragiten du baina nire errezetekin dieta egitea posible da. Jendearen esku dago kantitateak neurtu eta dieta orekatu bat mantentzea.

Sopa hotzak, entsaladak, edariak, nik egiten dudanarekin zaindu nahi duenak egin dezake. Oso kontutan izaten dut oreka hori, jendeari gauza goxoak egitea gustatzen zaie, mikroarekin sukaldatzea, kontserbekin plater goxoak prestatzea posible dela erakustea…

Etxeko ekonomia kontutan hartzen duzu?
Bai berdina gertatzen da diruarekin. Egun batean azpizuna erabiltzen dut eta hurrengoan merkeak diren txerri muturrekin prestatzen dut errezeta goxoa... Azkenean jendearen lekuan jartzen saiatzen naiz beti.

Zuretzat festetarako menu hoberena zein da?
Marmitakoa da niretzat hoberena. Jendeari gomendatuko nioke lehenago eginda utz daitekeen zerbait prestatzea eta noski egiten dakien zerbait, ez liatu! Entsalada on batekin ere ondo gelditzen zara lagunen arteako afarietan. Gauza da denbora asko sukaldean ez egitea eta festaz gozatzeko aukera izatea!

Edateko zer gomendatuko zenuke?
Lapikoan egindako etxeko gin tonic edo kubatak oso gomendagarriak dira. Lapikoan edariak bota, ondoren izotza kantitate handian, ondo nahastu eta prest! hoberena da. Txakoli sangria ere oso gustagarria da udaran batez ere. Dena den, herriko festetan edateko ia dena da onargarria.

“Guarrindongadas” atal arrakastatsuena da?
Bai badirudi asko gustatzen zaiola jendeari. Duela urte asko nire blogean “caca rica est” atal bat jarri nuen martxan eta jendeak asko bidaltzen zizkidan. Hoberenak gordetzen joan nintzen eta telebistarako proiektua prestatzen hasi ginean, hauentzat tarte bat egotea merezi zuela erabaki genuen.

Orain jendeak kaletik ikusten nauenean, bere “guarrindongada” esaten hasten zait... kuriosoa da baina nirekin hitz egiten hasteko aitzaki bezala jende askok erabiltzen du eta izena eman baino lehen askok dagoeneko euren guarrindongada esan didate!

Baina zer dira “Guarrindongada” hauek?
“Guarrindongada”k benetan disfrutatzen diren perbertsio gastronomikoak dira. Jendeari gehien gustatzen zaiona ez da jatetxe batean ondo jatea, benetan disfrutatzen den momentua parrandatik bueltan etxeko sukaldean erdi ezkutuan jateko prestatzen den “plater” berezi eta pertsonalizatu hori da.

Lasarte-Orian lagun asko al dituzu?
Bai, noski, esan bezala urte asko dira hemen lanean. Patxi Larrañagarekin adibidez oso harakin ona da eta berarekin konfiantza asko daukat, saiorako gauza asko lortzen dizkit. Adurizekoekin ere lan asko egiten dugu…Apaolaza anaien baratzetik barazki asko ekartzen ditugu ere eta Manuel Iradiren frutak oso goxoak dira.

“Guarrindongada”k benetan disfrutatzen diren perbertsio gastronomikoak dira


San Pedro jaietan egon al zara?
Bai noski, nik Lasarte-Orian bizitza erdia eman dut. Oso gaztetan etorri nintzen Martinen sukaldera lanera eta lanekoekin baita lagunekin ere parrandak bota izan ditut festetan. Neska lagunak ere izan ditut nik Lasarte-Orian!

Orain jendeak kaletik ezagutzen zaitu...
Bai telebistak hori dauka gehiago ezagutzen naute. Ni rollo ona transmititzen saiatzen naiz eta hori da jendearengandik jasotzen dudana. Ez dut pentsatu nahi ere egin telebistan astakeriak esaten agertzen diren horiek kaletik zer jasoko duten... nirekin denak oso jatorrak dira eta ezagunagoa izatea ez zait bereziki axola.

Idatzi ere egiten duzu...
Bai egia esan horretarako tartea ere atera behar izaten dut. Zorionez nire lana jana eta edanarekin lotuta dago eta telebistarako iristen zaizkigun produktuei buruz idazten dut askotan. Esan nahi dut nire artikuluak idazteko ez dudala askotan gaiak bilatzen ibili behar.

Askotan gertatzen zait oporretara joaten naizenean ere lan egin behar izatea. Agian upategi bat bisitatzera gonbidatu naute ardo bat dastatu eta honi buruz idazteko eta opor horien barruan nolabait sartzen dut bisita, lanaren beste alde bat da. Hala ere aitortu behar dut asko gustatzen zaidala nire lana eta horrelakoak ere gustura egiten ditudala.

Dagoeneko saioa bukatu al duzue?
Bai bukatu dugu momentuz. Uda bitartean gure ordutegian saio zaharrak jarriko dituzte iaz egin bezala eta iraila edo urrian berriekin hasiko gara. Denboraldi berrirako berrikuntza bat edo beste aurreikusten dugu baina ikusleek oporretatik bueltan ikusiko dute. Ez dut ezer aurreratuko!