Sorgin Jaien lehen eguna amaitzeko, herriko taldeen kontzertuak Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 28a

Arrakasta handiz ireki dute sorginek euren gunea arratsaldeko txupinazoarekin. Baina ez diote oraindik egunari amaierarik eman nahi, gau luzea baitute aurretik herriko The Garax, Hilotz eta Trikihots taldeen eskutik. Goizeko ordu txikitan berriz, DJ Zebok festa egunsentiraino luzatuko du.

Zer ote dira Sorgin Jaiak musikarik gabe... Lehen egun honetan herriko taldeen txanda izaten ari da. Oraintxe bertan The Garax herriko taldea ari da Okendoko oholtza gainean kontzertua eskaintzen, La Polla Records, Rip, Des-Kontrol eta antzeko taldeen bertsioak joz.

Ostean etorriko da aurtengo Lasarte-Oriako herriko maketa lehiaketako irabazle izan diren Hilotz taldeko kideak. Metal duin eta gogorra egingo dute, euren kantu propioez gain, nazioartean sona handia duten taldeak bertsionatuz.

Trikihotsen erromeriak ere izango du lekurik Okendoko oholtza gainean. Sorgin Jaietan ohikoak izaten dira erromeriak, eta lehen egun hontan ez da faltako arin-arin edota fandangorik, euskal kanta askorekin batera.

Gaua amaitu eta hurrengo egunari ongietorria egiteko, DJ Zebo-k musika pintxatuko du Sorgin-gunean. Animatu zaitezte!