Hasi dira San Pedro Jaiak

Txintxarri 2012ko ekainaren 28a

Lasarte-Oriako pailazoek eman diote hasiera 2012ko San Pedro jaiei. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Maite Zaitut kantuaren ondoren haur batek jaurti du txupina Udaletxe zaharreko balkoitik eta herriko festei hasiera eman. Haurrentzat Udalak prestatutako festen hasiera izan da. Arratsaldeko 19:00etan botako da gazte eta helduentzako txupin ofiziala.

Pirritx, Porrotx, Mari Motots, Pupu eta Lorek parte hartu dute txupin jaurtiketan.
Udaletxe aurrea jendez beteta zen eguerdiko 12:00 baino lehen Udalak haurrentzat antolatu duen txupin jaurtiketa eta festen hasiera ikusteko. Udaletxe zaharreko balkoian ziren Pirritx, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore, udal ordezkariekin batera. Pailazoek eman diote hasiera euren kantuekin eta ondoren Sasoeta Zamaburu ikastetxeko bi haurrek, Ariadna Guijar eta Yeray Nieto neska mutilek piztu dute festei hasiera eman dion txupina. Txaranga, buruhaundi eta erraldoiak kalejiran atera dira ondoren eta festa giroa da nagusi herriko kaleetan.
Sorgin jaiak asteazken arratsaldean hasi eta gero, egitarau ofiziala ere martxan da beraz, eta arratsaldeko 19:00etan txupin ofiziala botako da Okendo plazatik. Txintxarri.infok zuzenean eskaniko du txupin jaurtiketa hau ere.
Udaletxe zaharraren parea jendez gainezka zen eguerdiko 12:00etatik.