Urteroko meza eta omenaldi hunkigarriak San Pedro egunean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 29a

San Pedro elizan urteroko meza jendetsua egin dute gaur goizean. Herriko apaiza guztiak bildu dira aldarean, eta Xabier Andonegik zuzenduta, San Pedroz gain San Pablo ere ohoratu dute. Meza bukatzean, San Pedro elizaren atarian Erketz EDT-k dantza egin diete herritar zein bertan izan diren udal ordezkariei. Horretaz gain, omenaldia egin diete kultur-etxean Jalgune, Danok-Kide eta Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Takolori

Urteroko meza egin dute aurtengoan ere San Pedro elizan. Jendez gainezka zegoen parrokia eta itxura polita zuen lore ederrez apainduta. Gainera, alboka eta Erketz EDT-k euren aletxoa jarri zuten eliza barruan abestuz zein dantzatuz. Irteeran, ohi bezala, Erketzekoek txistua eta danbolina joaz pasiloa egin zieten fededun guztiei.


Omenaldi hunkigarriak

Azken asteotan aipatu den bezala, Danok-Kide, Jalgune eta Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Takolo izan dira aurtengo omenduak. Pablo Barrio alkatearen gidaritzapean egin da kultur-etxeko areto nagusian burutu den omenaldia eta jende asko bertaratu da ikustera.
Barriok bakoitza omentzearen arrazoiak eman ditu eta omenduek eskerrak eman dizkiete herritar zein udalari gisa horretako aitortzagatik.

Omenduen esker ona herritarrei

Omendu bakoitzak bere erara, baina denek eduki dute detaileren bat ikustera joan diren guztiekin.

Lehenik eta behin, Danok-Kidek berretsi du eurek atsegin handiz egiten dutela lan herriaren alde, lokal soziala gainontzeko eragileei utziz, formazio kurtsoak emanez, dantza saioak edota edozein kultur ekintza antolatuz... Hitzaldia hitz hauekin amaitu dute "Lasarte-Oria hobe baten alde jarraituko dugu lanean!", txalo zaparrada ederra etorri da ostean.

Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Takolok berriz, "Maite Zaitut" kantua jo dute Andrea Gonzalez gitarajolearen laguntzaz. Takolok euren hastapenak azaldu eta "maitasuna jaso eta ematea" baino gaiza ederragorik ez dagoela azaldu zuten pailazoek herritarrei eskerrak ematearekin batera.

Azkenik Jalgunek herriko ereserkia kantatu zuen, berezitasun batekin ordea. Izan ere, letra aldatu eta eurek egiten dituzten ekintzak deskribatzen zituen kantua prestatu baitzuten. Ondore, Pausoka Pausoka kantatu eta dantzatu zuten. Hirugarren omenduek eraman zuten txalo zaparrada luzeena.

Festari amaiera emateko, Unai Muñoa eta Ane Labakak bertso sorta bana eskaini zieten omenduei eta honako hitzokin amaitu zuten ekitaldia: "Gora San Pedro jaiak eta gora Lasarte!".