"Festak inoiz baino parte hartzaileagoak izan dira"

maider-azurmendi 2012ko uzt. 5a, 12:31
Jaien balorazioa egin du udalak. Gaur goizean egindako agerraldian Pablo Barrio alkateak eta Taxio Arrizabalaga festa batzorde buruak San Pedro jaiak ezin hobeak izan direla azpimarratu dute.
Alkatea eta Taxio Arrizabalaga izan dira herriko festen balorazioa egiteaz arduratu direnak. Udal ordezkariek parte hartzea azpimarratu nahi izan dute eta alkatearen hitzetan "festak inoiz baino parte hartzaileagoak eta aktiboak izan dira aurten". Jendea kalean egon dela inoiz baino nabarmenagoa izan dela azaldu dute biek eta hori oso azpimarragarritzat jo dute.

Okendo plazan egon diren talde, elkarte ezberdinen arteko elkarlana eta koordinazio ona garrantzitsutzat jo dute ere eta "hau dela eta emaitza oso ona eta oso polita izan da".

Taxio Arrizabalagak adierazi duenez oso pozik dago orokorrena jaietan ikusitakoarekin, "parte hartze bilerak egin genituen egitaraua osatzeko eta oso nabaria izan da parte hartzeari dagokionez, herritarren inplikazioa, aurtengo jaiak herritarren proposamenetatik jaio direlako". Honekin batera zinegotziak guztien jaiak izan direla esan du eta eskerrak eman nahi izan dizkie jai hauetan parte hartu duen kolektibo multzoari, "jaiak aurrera ateratzeko esfortzu handia egin dute, Sorgin Jaiak, Ostadar, Intza, Ttakun elkarteak beste askoren artean eta hauen lana aitortu nahi nuke".

Okendo erdigune
"Emaitza, ezin hobea izan da, Okendo festen bihotz bihurtu da, festen gune nagusi eta plaza inguruan sortu den giroa bikaina izan dela esan dezakegu udaletik". Aurtengo berrikuntzei dagokienez, bi txupinazoak arrakastatsuak izan direla azaldu dute, "bitan jende asko bildu zen eta honek eragin du jaien hasiera inoiz baino indartsuagoa izatea". Omenduen paperari dagokionez, "aurten protagonismo berezia izan dute eta omenaldia kultur etxera eramatearekin asmatu dugula uste dugu. Ekimena hunkigarria izan zen eta inoiz baino jendetsuagoa. Hiru kolektibori omenaldi hau egitea oso positiboa izan dela iruditu zaigu".

Datorren urteko jaiak antolatzeko ere herritarrekin bilerak egiteko asmoa du udalak. Hala ere, herritarrei euren proposamenak, kexak edota bestelako iritziak helaraztea animatu nahi izan dituzte.