07_I. Mus txapelketan Amantegi-Egaña bikotea garaile

jon-altuna-egitegi 2012ko uzt. 7a, 02:00

Euskal Herrian errotua dago oso mus jokoa, eta Lasarte-Oria ez da gutxiago. Larunbat arratsaldean herri honetan karta jokoa bizi-bizirik dagoela ikusi genuen, izan ere, herriko ostalariek antolatutako I. mus txapelketaren finala izan baikenuen larunbatean Okendon. Era berean, mus azkarreko txapelketa eta patata tortila lehiaketak ere antolatu zituzten.

Giro ederra izan zen larunbat arratsaldean Okendo plazan.

Herriko muslariek arratsalde pasa polita egin zuten elkarri enbidoka.
Museko final handia

Azken bi hilabeteotan, izena eman duten 34 bikoteen artean onenak izan direla erakutsi dute Mikel Chanca eta Jose Carlos Palomares zein Gorka Amantegi eta Agus Egañak osatutako bikoteek. Finalean, azken hauek atera ziren garaile, 2-1 puntuko emaitzaz.

Lehen puntua lehiatua izan zen, 4-3 geratu baitziren partidei dagokienez, eta azkenan Egaña eta Amantegik eskuratu zuten lehen puntu baliotsua. Bigarrena, erraztasunez irabazi zuten Palomares eta Chancak, 1-4ko emaitzaz. Hirugarren puntu erabakigarria borrokatua izan bazen ere (4-3), Amantegi-Egaña bikotea izan zen garaile partida luze baten ostean.

I. Patata tortila lehiaketa

Musarekin nahikoa ez, eta herriko ostalariek patata tortila lehiaketa antolatu zuten larunbatean. Denera, 11 hautagai aurkeztu ziren eta herriko tabernetako hiru sukaldarik egin zituzten epaile lanak.
Azkenean, Mar Lojok irabazi zuen, epaimahaiak bere amak Galiziatik ekarritako arrautza eta patatekin egindako tortila onena zela iritzita.

Sari-banaketa amaieran

Arratsaldea tenore onean amaitzeko, sari-banaketa egin zuten. Ardoa, makilak, kapelak, kopak, txanpaina... denetik eraman zuten irabazleek etxera eta bapo jarri ziren lehiaketara aurkeztu ziren patata tortilak jaten.