Iñigo Arrieta eta Aigor Aizpuru ikasleak “Leinn” sisteman buru-belarri

jon-altuna-egitegi 2012ko uztailaren 8a

Arrieta eta Aizpuru ikasten ari diren lau urteko graduaren oinarria eta metodologia Eskandinaviatik datoz, Finlandiatik hain zuzen, eta bertan "Team Academy" deitzen diote. Funtsean ikasle-enpresa bat sortzean datza graduak, eta ikasturtea amaitzerako enpresa normal guztiek bezala helburu jakin batzuk lortu behar dituzte kurtsoa gainditzeko (ekonomikoak, lantalde-esparrukoak...). Horretaz gain, ohiko ikasgai teorikoak ere badituzte, guztiek bezala. Esperientzia zoragarria izaten ari dela aipatu digute, ez dela lan erraza, ebaluazio gogorrak izaten dituztela... Baina “izugarri” ikasten ari direla diote.

Guztira 60 ikaslek soilik dute Euskal Herri osoan Leinn sistemaren pean ikasteko pribilegioa; eta tartean dira bi herritarrak. Ikasle horiek Mondragon Unibertsitatearen Irungo eta Oñatiko campusetan banatzen dira.

Euskal Herrian gradu berria da, eta Finlandian ez dauzkaten ikasgai teoriko batzuk (Matematika, Zuzenbidea, Ekonomia, Ingelesa eta Informatika) txertatu dizkiete gradu berezi hau hemengo legeriarekin bat etor dadin.

Bi herritarren enpresaren logoa.
Ikasle-enpresa abian

"Gu gauden campusean (Irungoan) hamabost ikasleko bi talde gaude eta Oñatikoan 15 ikasleko beste bi talde daude. Talde horietako bakoitzak ikasle-enpresa bat sortu behar du (eurena “Steps“ da, pausoak esan nahi du euskaraz). Horren abantailak asko dira, ez daukagu BEZ-a deklaratu beharrik, Ogasunak ez gaitu presionatzen... Baina lana, benetako merkatuan arituko bagina bezala egiten dugu. Gurea, ordea, irabazi-asmorik gabeko enpresa da eta enpresak irabazten duen diru guztia ikaste-prozesuan inbertitzen dugu, bidaia desberdinak egin edota beste proiektu batzuk aurrera eramateko", dio Arrietak.

Proiektu ezberdinen beharra

Taldean proiektu desberdinak sortzen dituzte diru-sarrerak lortzeko asmoz, eta horietako bat izan zen Aste Santuan Lasarte-Orian izan ziren kontzertuen ekimena. Hala ere, urte osoan zehar biak proiektu desberdinetan aritu dira: Aizpuru kamiseta enpresa batean (Soen) eta Arrieta garaje eta lokaletako pertsianak margotzen dituen enpresa batekin (LaSteps).

Aizpururen proiektua da Soen ("muxuka nazazu" afrikaans-ez) kamixeten ekoizpena.
Steps osatzen dugun 15 pertsonetatik taldetxoak atera eta proiektuak egiten ditugu. Proiektu bat hasteko beharrezkoak dira "financial leader" bat, finantzaketaz arduratuko dena; "customer leader" bat, erosleez arduratuko dena; eta "comunication leader" bat, komunikazioaren alorra kudeatzeaz arduratuko dena, azken finean, mundu errealeko enpresa normal baten egitura daukagu eta bakoitzak rol diferenteak hartzen ditu."

Urtero taldekideak aldatu egiten dira eta enpresa guztiaren osaera ere urtean behin aldatzen da.

Sarbide berezia, ez zaila

Gutxienez, Batxilerra eta selektibitatea eduki behar dituzu sistema honetako partaide izateko. Hortik aurrera, kasting berezi bat pasarazten dizute eta ate irekietako jardunaldira joatea beharrezkoa da.
Kasting-a benetan bitxia izan ohi da: "Esate baterako, kamiseta bat eman eta kalean salduarazten dizute. Ez pentsa gehien saltzen dituena hartzen dutenik! Lan batzuk eginarazi, Liburu bat irakurri eta iruzkina ere eginarazten dizute, ez dute ingeles mailarik eskatzen. Taldeak egitean, orekatuak egiten saiatzen dira, adin tarte desberdinak islatuta egon daitezen lantalde bakoitzean. Finean, jarrera kontua da, edonor sartu daiteke”, dio Aizpuruk.

“Bidaiek asko aberasten gaituzte, pertsonalki zein akademikoki”



Graduak funtsean zertan datzan galdetuta "enpresa-ikasketak" direla diote, baina "era praktikoagoan" antolatuta. Gainera, mundu zabalean zehar bidaiatu eta mundu erreal bakarrean aurki daitezkeen errealitate ezberdinak dastatzeko aukera edukiko dute lau urtean. Arrakasta handia izan du irakasketa metodo honek Europa zabaleko leku askotan, eta Euskal Herrira ere iritsi da Leinn sistema.

Steps enpresa osatzen duten lagunen talde argazkia, Aizpuru erdian zuriz, Arrieta berdez.


Pribilegiatutzat daukate euren burua, badakite zer nolako zortea duten, ikasten ari diren graduak besteak beste, munduan zehar bidaiatzeko aukera ematen baitie.

Finlandiako bidaia

Ikasturtea hasi eta berehala Finlandiara egin zuten bidaia bi lasarteoriatarrek, Leinn sistemak bertatik bertara nola funtzionatzen zuen ikusteko.

"Irailean hasi genuen karrera, handik bi hiru astetara Finlandiara joan ginen bi hilabete pasatzera. Bertan hogei urte daramatzate sistema honekin eta euren metodologia barneratzeko joan ginen bertara", dio Arrietak.

Finlandian maneiatzen diren datuen arabera, karrera hau ikasi ostean lan-mundura ateratzen diren ikasleen %30ak bere enpresa propioa sortzen du eta %70a lan finkoarekin ateratzen da. Bestalde, kultura ere oso desberdina dutela azpimarratu nahi izan dute, beste mentalitate bat omen dute gauzekiko eta baita pertsonekiko ere. Askoz ere errespetu gehiago oro har.

Era guztietako bidaiak

Graduak irauten dituen datozen hiru urteetan, San Frantzisko, Txina edota India bisitatuko dituzte, eta laugarren urtean euren enpresak erabakiko du bertan geratu edo kanpora joan.

San Frantziskoko bidaia hiru asteko luzerako izango da eta Txina eta Indiakoa berriz, hiru hilabetekoa. Argi dute biek “ikaste prozesutzat“ hartu behar dituztela bidaia horiek, ez doazela soil soilik ondo pasatzera, horretara ere badoazela argitu diguten arren. Eurek erabiltzen duten terminologiaren arabera, "learning journey" bezala definitzen dituzte gisa honetako bidaiak, ikaste-bidaiak.

Mundu ezberdinak ezagutuz

Oso mundu ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute gainera bidaia horietan. San Frantziskoko Silicon Valley-n esaterako, gozatu ederra hartuko dutela uste du Aizpuruk, "munduko enpresa handienen ofizinak, Google, Apple... bisitatzea pribilegio hutsa da".

Txanponaren beste aldea ezagutzeko parada ere izango dute ordea bi gazteek. Izan ere, Indiara egingo duten bidaian oso bestelako errealitatea aurkituko dutela uste baitute. "Nire iritziz, bidaia horrek erakutsiko digu zenbaterainoko zortea daukagun hemen bizitzearekin, uste dut ez dugula nahikoa baloratzen eta gure bizitzetan pairatzen ditugun zoritxarrak erlatibizatzen erakutsiko digula espero dut", dio Aizpuruk seguru.

Arrietak gehitu nahi izan du, euren "coach" edo irakasle den Joxe Mariri Indiako egonaldiak "bizitza aldatu" ziola. Izan ere, euren irakaslea Indiara joan zenean, gaixo terminalak zaintzen, lepradunak artatzen eta ezindu fisikoei laguntzen aritu zen... Finean, hiltzear zegoen jendearekin tratua izateak sekulako "barne iraultza" eragin ziola esan dute.

“Ikasketa kalean dago, ez lau pareta eta arbela baten aurrean”



“Gu kalera ateratzen gara, merkatuan egiten dugu lan. Aste Santuko kontzertuak lortzeko, Udaletxera joan ginen, babesleak aurkitu genituen... Akademikoki oso ona izan zaitezke, baina kalera ateratzean ez dakizu zer egin. Nik 19 urte dauzkat eta jada badakit bezero bat nola tratatu, Cocacolakoekin nola hitz egin... Proiektu errealen bitartez ikasten dugu, ez zenbaki eta azterketen bitartez. Oso nota onak izan ditzakezu, baina gero bizitzan ez dizu ezer askotarako balio. Sistema honekin, nahiz eta gauzak gaizki egin, nahiz eta egurra eta kolpeak jaso, ikasketa prozesu aberasgarriagoa da. Enpresa erreal bat da gurea”, Arrieta.

Hitz zentzudunak Iñigo Arrietarenak, bere kide Aizpuruk elkarbanatzen dituenak. Euren ustez oraingo sistema zaharkitua dago, “iraultza” behar da irakaskuntzan.

Ebaluazioaren ezaugarriak

Ohiko irakasle eta irakasgaiak badituzten arren, (astelehenetan Matematika, Zuzenbidea, Ekonomia, Ingelera eta Informatika ematen dituzte), "Trainning session" deituriko bileren bidez ebaluatzen dute euren jarduna.

"Coach" deituriko pertsona kualifikatuek bideratzen dituzte aipatutako "Trainning Session"-ak. Coach-a bere ikasleen elkarrizketa bideratzen saiatzen den pertsona da, ontziaren lema hartzen duen kapitaina. Ondo eta gaizki egindakoak esan eta aholku ematen die, baina betiere ikasleen autoebaluazioan oinarritzen da.

Enpresa mundura bideraturiko entrenatzaile gisako bat da eta ez die inongo jarraibiderik ematen, "Its up to you" esaten die, eurei dagokiela bidea egitea alegia eta ikasten ari direna entrenamendu gisa erabiltzeko gomendatzen die ikasleei.

Trainning Session-ak giltzarri

"Ebaluazioek gure enpresaren zati garrantzitsu bat osatzen dute, dezenteko garrantzia ematen diegu", diote Arrieta eta Aizpuruk. Asteko bi egunetan ebaluatzen dute euren burua, bilera antzeko batzuetan eta bilera bakoitzak lau ordu edo gehiago iraun ditzake. "Elkarrizketa" moduko bat dela diote, bakoitzaren lana auto-ebaluatuz, zein besteena epaituz "irakasketa edo hausnarketa" bat ateratzeko asmoz.
"Edozein gai tratatzen dugu bilera horietan, enpresak dituen arazoen inguruan eztabaidatzen da, lidergoari buruz hitz egiten dugu, iruzkin edo proposamenak mahai gainean jartzen ditugu...", dio Aizpuruk.
Hala ere, badituzte nahi eta nahi ez bete beharreko helburu batzuk: ikasle bakoitzak 1500 euro garbi lortu behar ditu ikasturtean zehar, 1500 fakturazio egin eta hainbat liburu irakurri behar ditu. "Liburu bakoitzak puntuazio bat dauka. Bukaeran 40 puntu lortu behar ditugu denera eta irakurtzeaz gain, iruzkina ere egin behar dugu".

Aigor Aizpuru eta Iñigo Arrieta gazteak gustura dira hasi duten gradu berrian.
Taldearen garrantzia

Helburuak lortzeko, euretako bakoitzak iritsi behar du minimo horietara, batek huts egitekotan, taldea osatzen duten guztiek suspendituko lukete kurtsoa.

"Indibidualismoak alde batera utzi eta talde lana bultzatzea du xede sistema honek, erakutsi nahi digutena da ezingo dugula sekula enpresa edo proiektu bat bakar-lanean sortu, beti taldean egin beharko dugula lan", dio Arrietak.

Aste Santuko kontzertuak

Egin dituzten ekimenen artean, Aste Santuan Okendon izandako kontzertuak daude. Azken uneko oztopoak gaindituz, “ondo” joan zitzaiela azaldu digute. Herriko eta inguruko hiru musika talde gaztek jo zuten eta euren asmoa, jarritako barra txiki batez irabaziak ateratzea zen.
“Guk ekonomikoki ez genituen sekulako irabaziak izan, baina Aste Santuan ezer ez egotetik, alternatiba bat sortu genuen, ez da gutxi. Gainera herriko 20 dendaren babes-ekonomikoa lortu genuen”.

Aurrera begirako helburuak

Irailean Aste Santuko kontzertuen gisako jaialdi bat prestatzekotan dira, euren iritziz, datetan huts egin baitzuten gehienbat: "Irailean eguraldi hobea egiten du, oraindik udara da eta saiatuko gara herria berriro ere girotzen"

Zentzu horretan, esker oneko hitzak eduki dituzte "aukerak eta erraztasunak" eman dizkien Udalarentzat ete bereziki aipatu nahi izan dute Taxio Arrizabalagak emandako laguntza, "oso ondo portatu zen gurekin, argi indarra ere beraiek utzi ziguten". Guk eta eurek argi dugu herriari komeni zaiola horrelako gauzak egitea.