Mitxelena Udako Espainiako txapelketara

Txintxarri Aldizkaria 2012ko uztailaren 9a

Gipuzkoako eta Euskadiko Udako Igeriketa Txapelketak jokatu dira aurreko asteburuetan eta Buruntzaldea IKTko igerilariak maila onean aritu dira. Euskadikoan zilarrezko hiru domina, bi Itsaso Tolosak eta bat Haitz Mitxelenak, eta brontzezko bat ekarri zituzten, 14 marka pertsonal eta 12 errekor berri. Gipuzkoakoan, Haitz Mitxelena nabarmendu zen eta Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuek 200 tximeletako proban. Orain Espainiako Txapelketen txanda izango da. Datorren astean Itsaso Tolosa Junior mailakoan izango da Sevillan, ondorengoan Iñigo Ibarburu Bartzelonan eta hilaren azken astean berriro ere Itsaso eta Haitz Mitxelena Terrassan.

Euskal Herriko Udarako Txapelketetan izan ziren herriko igerilariak ekaina amaieran, taldeko infantilak Tolosan eta junior, promesa eta absolutuak Gasteizeko igerileku luzean. Beste behin ere herriko taldeko igerilariak txukun aritu ziren marka pertsonalak eta dominak lortuz.

Infantiletan, Iñigo Ibarburuk ez zuen parte hartu, Gasteizen zelako igerileku luzean absolutuekin lehiatzen, eta dominak lortzeko aukera galdu zuen. Jone Vazquez bikain aritu zen eta Gipuzkoako txapelketako denborak hobetu zituen 800 m. libre eta 400 m. libre probatan. Mikel Sotok 100 m. bular, 100 m. libre eta 400 m. libre probetan parte hartu eta lehenengoan 5. izan zen. Naiara Lizasok ez zuen parte hartu oporretan zegoelako.

Junior, promesa eta absolutuen mailan, Mikel Esnal, Haitz Mitxelena, Mikel Arribillaga, Naroa Goikoetxea eta Itsaso Tolosa lehiatu ziren. Esnalek txapelketa bikaina egin zuen, 100 m. eta 50 m. libre probetan marka hobetu zuen.

Haitz Mitxelenak ere marka pertsonalak lortu zituen hiru probatan, txapeldunorde izan zen promesa mailako 100 m. eta 200 m. tximeleta probetan, eta azken honetan hirugarren absolutu mailan.
Itsaso Tolosak ere txapelketa ona egin zuen. 50 m. bizkar eta 100 m. tximeleta probetan marka pertsonala hobetu zuen, junior mailan, Euskadiko txapeldunorde izan zen 100 m. eta 200 m. bizkar probetan eta absolutu mailan txapeldun orde 200 m. bizkar proban.

Naroa Goikoetxea laugarren izan zen promesa mailan 50 m. bular proban eta Mikel Arribillaga txukun aritu zen 100 m. libre eta 100 m. bizkar probetan.

Gipuzkoako txapelketa
Era berean, emaitza onak lortu zituzten igerilariek duela bi aste Irunen, Gipuzkoako Udako Txapelketan. Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen Haitz Mitxelenak 200 m. tximeletako proban, Euskadikoan parte hartzekoa Jone Vazquez-ek 400 libre eta 800 librean, Mikel Sotok 100 libre eta 200 librean eta mutilen errelebo taldeak ere bai lau probatan.

Gainera, Iñigo Ibarburu Gipuzkoako Txapeldun izan zen 100 m. libre eta 50 m. libre probatan eta txapeldun orde 100 m. estiloak eta 100 m. tximeletan. Bai nesketan eta baita mutiletan ere errelebo talde guztiek hobetu zituzten euren markak, 8 errekor berri jarri zituzten, eta bakarka, 28 marka pertsonal hobetu zituzten.

Borja Apeztegiak adierazi duenez, “igerilariak oso fin ibili dira eta emaitza garrantzitsu ugari lortu dituzte. Orokorrean taldekide guztiek maila altuan egin dute igeri”.