Lourdes Acevedo PSE-EE, Sanmarko mankomunitatean ordezkari berria

maider-azurmendi 2012ko uzt. 10a, 22:49

EAJ, PSE-EE eta PP-k udalak erakunde desberdinetan dituen ordezkariak baliogabetzeko aurkeztu duen mozioa aurrera atera da. Ondorioz Bilduko Nerea Sanchez Sanmarkotik kendu eta PSE-EEko Lourdes Acevedo izango da aurrerantzean Lasarte-Oriako ordezkaria mankomunitatean. Udalbatzarra oso jendetsua izan da eta azken hilabeotan ospatu den luzeena. Bertan egon dira Ppko Ramon Gomez, PSE-Eeko Denis Itxaso eta Susana Corcuera besteak beste. Lasarte-Oria Bizirikeko kideak, Usurbilgo alkatea eta haInbat herritarrek aretoa bete dute gaurkoan.

Lasarte-Oria Bizirik-ek deituta 18:00etan udaletxe aurrean jende asko bildu da EAJ, PSE-EE eta PPren jarrera salatzeko elkarretaratzean. Bertan besteak beste, Pablo Barrio alkatea izan da Bilduko gainerako udal ordezkariekin batera.

18:30ean ohiko udalbatzarrari hasiera eman dio alkateak jendez betetako aretoan. Bertaratu diren herritarren artean, politikagintzako aurpegi ezagunak ere ikusi ahal izan dira PSE-EEko Denis Itxaso eta Susana Corcuera eta PP-ko Ramon Gomez, Donostiako alkategaia, izan dira besteak beste. Bildu alderdikoa den Usurbilgo alkatea Mertxe Aizpurua ere izan da bertan.

Hiru gai

Plenoak eztabaidarako tartea izango zuela iragar zitekeen, izan ere, ostiralean Bilduk PP, PSE-EE eta EAJk aurkeztutako mozioaren berri eman zuten Okendon egindako agerraldi publikoan. Hala ere, ikusmina uste baino handiagoa izan da aretora gerturatutako politikari eta herritar kopurua ikusita. Hala ere, ohiko udalbatzarra izaki, aurreikusitako gai ordena jarraitu du alkateak. Horrela bozkatzeko lehen puntua 2013. urteko jai eguna izan da. Honen arabera datorren urtean udal egutegian San Pedro eguna jai egun ofizialetako bat izatea adostu dute alderdi guztiek ahobatez.

Ondorengo gaia PSE-EEk 5. edukiontzia ezartzeari buruz aurkeztu duen mozioa izan da. Honek zaborraren inguruko eztabaidaren hasiera eragin du alderdi ezberdinetako udal ordezkarien artean. Zaballosek aurkeztutako mozioan honakoak zehaztea eskatzen zen: 5. Edukiontzia ezartzeko epeak ezarri, herrian kontzienziaziorako kanpainak martxan jarri eta azkenik, hiru hilabetetan herrian 5. edukiontziarekin lehen esperientziak martxan jartzea.

Gogoratu nahi izan du gaur esandakoa, iaz udalbatzarrean onartu zela "Bilduk urte bete honetan oraindik ezer ez du egin" leporatu die. "Hemen, udalbatzarreko alderdi gehienen baiezko bozkarekin adostu zen 5. Edukiontzia martxan jartzeko esperientzia pilotua aurrera eramatea eta oraindik ez da ezer egin Bilduk ez duelako honako sistema nahi". Alderdi sozialistako bozeramaleak alkateari Urretxuko udalean jarritutako bideari ekitea eskatu dio "Urretxun Bilduko alkateak, gainontzeko alderdien bozkari esker aurrera ateratakoa onartu du eta martxan jarri du dagoneko 5. Edukiontzia. Eredu hau jarraitu beharko luke Lasarte-Oriak, alderdikerien gainetik beharko lukete udalbatzarreko erabakiak gauzatzea".

EAJk gai honen inguruko beste mozio bat aurkeztu du eta Boris Nogales izan da hau aurkeztearen arduraduna. Honekin batzorde berezi bat sortzea proposatu du 5. Edukiontzia martxan nola jarri aztertu eta behar bezala kudeatu dezan. Batzorde honek egun udalean daudenen lan metodologia jarraituko luke. Mozioa onartua izan da.

Eztabaida eta hitz gogorrak

Azken mozioarekin eztabaida eta alderdien arteko hitz gogorrak iritsi dira aretora. PP, PSE-EE eta EAJk aurkeztutako mozioaren arabera udalak hainbat erakundetan dituen ordezkariak aldatzea eskatu da. Alderdiek mozio honen nondik-norakoak azaldu dituzte eta alkateak erantzun gogorrak izan ditu batez ere EAJ eta PSE-Eerentzat. Besteak beste gogoratu du herrian erraustegiaren aurka egindako manifestazio jendetsuenean izan zirela eta iritzi aldaketa honen zergatia galdetu die. Jesus Zaballosek argitu nahi izan du bere alderdiak erraustegia Zubietan eraikitzearen kontra hainbat helegite aurkeztu dituela izan ere, hasieratik honen aurka azaldu zen eurek gidatzen zuten Lasarte-Oriako udala. EAJko Alkortak berriz, argitu nahi izan du beraiek "Zubietan ez" leloaren atzean kokatu zirela, izan ere errausketari beldurra galdu behar zaio ez baita esaten den bezain kaltegarria eta zaborrentzat irtenbide bakarra bihurtu delako. Azken baieztapenak txaloak eta kontrako hitzak eragin ditu aretoan eta alkateak behin eta berriro ixiltasuna eskatu behar izan du.

Bozkatzeko garaian aipatu behar da Marisa Zubiri, PSEtik ateratako zinegotzia, ez dela udalbatzarrean egon. Mozioa aurrera atera da aipatutako alderdien aldeko bozkarekin. Bildu eta Plataformako bi kideek kontra bozkatu dute. Honen arabera besteak beste, Bilduko Nerea Sanchezek ordezkaritza galdu du Sanmarko mankomunitatean eta Lourdes Acevedok, PSE, hartzen du aurrerantzean bere lekua. Alkateak hitza hartu eta berarentzat egun tristea dela adierazi du. "Ez nuen uste EAJko gure kideek PP eta PSEren jokoan sartuko zirenik gai honetan, pentsatzen dut Sabin Etxeatik iritsitako erabakia izan dela" Boris Nogalesek hitza hartu eta gogoratu dio "hala balitz, Bildu ez litzateke alkatetzan egongo".

Jesus Zaballosek esan du "orain bai herritarren gehiegoak nahi duena ordezkatuta egongo da Sanmarko mankomunitatean". Asko izan dira alderdien artean aurpegiratutakoak. Tarte batean Nerea Sanchezek hitza hartu du mankomunitatean egindako lana oso gustura egin duela esateko eta herritarrei eskerrak emateko, jaio berria den alaba besoetan zeukala esan ditu azken hitzak eta aretoan txalo zaparrada luzea eragin du. Herritar eta elkarte ezberdinek Bilduko zinegotziari euren babesa adierazteko keinua izan da hau.

Gainontzean asko izan dira eztabaidan agerian geratutakoak. Gure bideotan ikusi ahal izango dituzue hauetako batzuk. Herritarren txanda iritsi da eta Rikardo Ortegak hartu du lehen hitza EAJren erabaki hau oso itsusia izan dela adierazi du besteak beste. Herritar batzuk haserre azaldu dira EAJk hartutako erabakiarekin. Lasarte-Oria Bizirik!eko kideek ere irakurri dute errustegia eta gaurko erabakiaren aurkako jarrera azaltzen zuen idatzia. Herriko Aralarreko kideek ere berdina egin dute.

Hala ere hiru ordu luze iraun duen udalbatzarrean ere Berpiztu elkarteak kudeatzen zuen janari bankuaren inguruan hitz egin da eta Gorka Lizarraga eta Lourdes Acevedoren arteko hika mika eragin du gaiak. Udalak berriki elkarte honekin zuen hitzarmena ez berritzea erabaki du eta langileetako batek honen arrazoiak azaltzea eskatu du. Besteak beste kadukatutako elikagaiak banatzea udalaren aldetik onartezina zela adierazi du Gizarte Zerbitzuetako buruak.