Etorkinentzat euskara ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2012ko uztailaren 11

Bihar hasiko da etorkinei zuzendutako euskara ikastaroa. Ahozko komunikazioan oinarrituta dago eta hasieratik eguneroko bizitzan erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak ikasiko dituzte. Ikastaroa doakoa izango da.

Bihartik Lasarte-Orian etorkinei zuzendutako euskara ikasteko egitasmo berria martxan izango da. Ekimena ahozko komunikazioan oinarrituta dago eta hasieratik eguneroko bizitzan erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak ikasi eta erabiliko dira.

Taldea aurten ostegunetan bilduko da 15:30ean, Liburutegi zaharrean, Erribera kalea, 2, izkina Ola kalea. Klaseak dohain izango dira eta aurretik ez da beharrezkoa izango izena ematea. Ez da ikastaro mugatua izango. Talde iraunkorra sortu nahi da eta urte osoan parte-hartzaile berriak sartzea posible izango da.
Euskarazko komunikazioa helburua izan arren, elkarbizitza eta kulturen arteko ezagutza bultzatu nahi da. Horregatik parte hartzeko interesa duten euskaldunak ongi etorriak izango dira, bai asteroko bileretan baita hilean behin antolatzeko asmoa duten kantaldietan edo bestelako kultur ekintzetan.

Antolatzaileak, beste herri batzuetan etorkinentzako euskara taldeak dinamizatzen dituen Banaiz Bagara elkartea da herriko Ttakun kultur elkartearekin batera. Informazio gehiago eskuratzeko 645 733 818 zenbakira edo Ttakunera dei daiteke.