13_LOKEko kadeteak bikain Euskadiko txapelketan

Nerea Eizagirre 2012ko uztailaren 13a

Denboraldia amaitzear da, baina LOKEko gazteak fin ibili dira azken lehiaketetan. Ekainaren 23an, kadete mailako Euskadiko txapelketan izan ziren lehian eta atleta gazteek urrezko bost domina eskuratu zituzten. Hilabete hasieran Espainiako txapelketan izan ziren eta Rodriguez eta Galardi finaletara iritsi ziren.

Itoitz Rodriguez Euskadiko txapeldun bikoitza LOKEko entrenamendu batean.
Euskadiko txapelketan izan ziren LOKEko kadete gazteak ekainaren 23an. Goikoetxea eta Andresek zuzentzen dituzten neska mutilek lan paregabea egin zuten lehiaketan eta hainbat domina ekarri zituzten herrira, 6 urrezko domina, 5 banakako probetan eta bat errelebuan, lau zilarrezko domina eta hiru brontzezko.
Itoitz Rodriguez bi probatan, 300 m. eta luzera jauzian izan zen garaile.
Maria Eugi ere 300 metroko lasterketan izan zen azkarrena. Idoia Olasagasti lehenengo izan zen 300 metroko hesi-lasterketan eta hirugarren postuan amaitu zuen luzera jauziko proba.
Maider Rekondok berriz, pisu jaurtiketako proban urrezko domina eta disko-jaurtiketa proban zilarrezkoa lortu zituen.
Ane Galardik ere bi domina eskuratu zituen, biak zilarrezkoak. Hauek luzera jauzi eta jauzi hirukoitzeko probatan lortuak.
Eneritz Bustok, ordea, zilarrezko postuan amaitu zuen altuera proba eta hirugarren izan zen 110 m. hesi-lasterketan.
Izar Agirretxek hirugarren amaitu zuen xabalina-jaurtiketa proban eta mailu-jaurtiketan bosgarren izan zen.
Banakako proba hauetaz gain, nesken 4x300 errelebuan ere parte hartu zuen LOKE-k. Maria Eugi, Eneritz Busto, Idoia Olasagasti eta Ane Galardik osatutako taldea ederki aritu zen lasterka eta garaipena lortu zuen.

Espainiako txapelketa

Bestalde, kadete mailako Espainiako txapelketan izan ziren Itoitz Rodriguez, Maria Eugi, Eneritz Busto eta Ane Galardi ekainaren 30 eta uztailaren 1ean, Castelló-n.
Itoitz 300 metroko lasterketako finalean izan zen eta 8. postua eskuratu zuen. Anek 5. postua lortu zuen luzera jauzian. Maria eta Eneritz kanporaketetan kaleratuak izan ziren.

Euskadiko txapelketa

Honetaz gain, asteburu honetan maila absolutuko Euskadiko txapelketa izango da Durangon. Bertan Jose Ramon Latorre eta Iñigo Sevillano herritarrak izango dira lehian.