Adinez pixka bat jantzita egoteak ba omen ditu abantailak eta kargak neurri berean. Ikuspegi baikorrekoa naiz txikitandik eta alperrik da, horrek ez du sendabiderik. Horregatik, berrogeitik gora urte edukitzearen alde onari-edo heldu eta esan nahiko nuke San Pedro jai asko gozatu dudala urteetan barrena.
Koadrilako bluxa berezi, itsusi baina maitea jantzita hor ibili izan naiz beste hamaika lagunekin batera orain dantza egin, gero garagardoa lapurtu plastikozko basoari eta geroago neskaren bati begiratu. Gogoan ditut Javiren eta Piruren Txepetx-Kabi mitikoaren garaiak. Orduan denbora banaketa zorrotza egiten genuen: erdia tabernetan beste erdia kalean hor nonbait.
Ez dira gutxi izango gau-pasa egin eta goizeko zazpirak alde horretan soka-muturrean ateratakoak, Xabier Etxezarreta denen buru, zezen txahalduek Geltoki kalea txukuntzen zuten garaian.
Eta gazteago izateak berarekin duen lausoagatik edo agian Txirritak esan zuen bezela, gaztetako nire txoramenagatik, munduko jairik onenak iruditzen zitzaizkidan herrikoak, San Ferminek izen eta sona bereak zituzten baina, alde alde, nahiago Lasarte-Oriakoak.
Joandako garaiak onenak izaten direla dioen esamoldeari arrazoi puntu bat eman zioten ordea ondoko urteek.
Jaiek indarra galdu zuten, herrikoitasuna galdu zuten, jendez hustu ziren eta tristura puntu bat zabaldu zuten urrezko garaia ezagutu genuenon artean.
Eta hainbeste hitz-jira eta buelta ondoren...gauza bakar bat esan nahi dut: aurtengo Sanpedroak mundialak izan direla, berriz ere zentroa izan duelako herriak Okendo plazan eta berriz ere kalera egin dugulako festara.
Zaharrak berri dio hitz-jokoak eta honako honetan, pozten naiz hala izan delako.
Oraindik ere larunbateko juergari buelta eman nahian nabil, hori bai.