“Pilotariak berezkoa izan behar du”

jon-altuna-iza 2012ko uzt. 13a, 10:49

80-90 hamarkadetan pilotari profesionala izan zen Juan Mari Arteaga lasarteoriatarra. 1982ko Munduko txapelketan, Mexikon, zilarrezko domina jaso zuen, Iñaxio Errandonearekin batera finalean Jean Pierre Diribarne eta Daniel Mutuberria Iparraldeko pilotarien aurka galdu eta gero. 15 urtean profesionala izan zen eta 2000 urtean erretiratu. Ordutik taxi gidaria da Donostian.

Okendoko frontoian hasi eta Euskal Herriko ia frontoi guztietatik pasa da Juan Mari Arteaga. Profesionaletako lehenengo hamar urtetan, bataz beste, 80 partidutik gora jokatzen zituen urtean.
Pilotariak berak kontatu digunez, “afizionatu mailan lortu daitekeen ia gehiena lortu nuen, munduko txapelketa izan ezik. Azpi txapelduna izan nintzen Iñaxio Errandonearekin batera. Uste dut 15 urte egin nituela, gero, profesionaletan, maila txukuna emanaz; agian txapelketa handirik ez nuen irabazi, baina, lehen mailan jokatu nuen urte askotan, eta beti bigarren mailatik gora”.

Zenbat urterekin hasi zinen pilotan?
Herri mailan hamar bat urterekin hasi ginen “txokotan” Okendon. Gero txapelketetan, lehen, beranduxeago hasten ginen, 12 urterekin edo.

Txikitan, herrian, non jokatzen zenuten?
Okendon, denekin borrokan. Han ez zegoen mailarik, handiekin ere ibiltzen ginen libre zegoenean, txoko (barru) jokoan. Gero eskolan Añorgan hasi eta han entrenatzen genuen.

Eskola mailan kontrariorik ba al zenuen?
Kontrario asko izan nituen. Zubeldia usurbildarrak oso ondo jokatzen zuen, eta Añorgako Joxe Mari Bakero futbol jokalariak ere bai. Gaztexeagoa zen baina maila ona zeukan. Nik uste hura pilotan ere profesionala izango zela, baina utzi egin zuen futbolean jokatzeko. Denean zen ona eta futbolean izugarria.

Gaztetan irabazi al zenuen txapelik?
Buruz buru, hemengo torneotan, nahiko aurrean ibili nintzen, Atotxako txapelketa irabazi nuen, Antiguokoa maila guztietan, Gipuzkoakoa ere bospasei aldiz atera nuen. Espainiako txapelketa irabazi eta gero debutatu egin nuen.

Munduko txapelketan non egon zinen?
1982ko munduko txapelketan, Mexikon, Errandonearekin batera. Oso gaztea zen Iñaxio eta Iparraldekoek irabazi gintuzten. Gu orduan ondo ibiltzen ginen eta sorpresa izan zen. Plaza libreko frontoi astun batean jokatu zen, eta beraiek abantaila zuten horrelakoetan. Gogor aritu ginen baina 25-20 galdu genuen.

Ile kixkurra zuen eta “Mara” deitzen zioten frontoietan Arteagari Maradonarengatik.
Gero profesionaletara pasa zinen?
Bai. Arteaga-Zezeaga, Ansola-Errasti partiduan, Zumaian, 22-21 irabazi genuen. Hori bai gogoratzen dudala.

Zer moduz moldatzen zinen bakarka?
Nahiko txukun moldatzen nintzen, baina gorputzez txikia nintzenez, nire jokoa parejatara egokitzen zen ondoen. Dena den, lau-terdiaren barruan, nahiko ondo ibili nintzen, bigarren mailan finalerdi bat jokatu nuen Bernaren kontra Tolosan. 19-9 irabazten joan nintzen eta azkenean galdu. Nire fuertea ez zen manoamanoa. Afizionatu mailan bai, baina hortik profesional mailara alde handia dago.

Denbora gutxi jokatuko zenuen afizionatutan...
Ez pentsa, partidu dexente jokatu nituen, nahikoa denbora pasa nuen. Debutatu nuenerako banituen 23 bat urte.

Profesionaletan 15 urte egiteko, zeintzuk ziren zure dohainik nagusienak?
Nire dohainak denek ezagutzen zituzten, errematatzaile peto petoa nintzen, hori esaten zuten denek, enpresan, telebistan... Nire dohaina hori zen, errematatzen saiatu eta joko alaia egitea.

Defentsa ona al zeneukan? Zer moduz aritzen zinen horretan?
Parejetan jokatzeko gogorra nintzen: defentsa ona eta errematatzailea.

Uzteko tentaldirik izan al zenuen? Gustura ibili al zinen urte horietan denetan?
Bai. Gustura. Partiduak noiz nahi izaten nituen. Toki askotan.

Astean zenbat partida jokatzen zenituzten?
Uda aldean hiruzpalau eta neguan pare bat. Nik uste orain partida kopurua asko murriztu dela.
Lehenago, garai batean herri guztietan egoten ziren partidak eta nik uste fase polita izan zela, asko ibiltzen ginen hara eta hona, gustura.

Partida gogoangarririk?
San Mateo Torneo bat atera nuen Tolosarekin. Gustura geratu nintzen txapelketa horrekin. Gogoratzen dut udako txapelketa handi honetan Joxanekin jarri nindutela eta txapeldunak izan ginela.

Zein pilotari ziren onenak zure garaian?
Retegi II, Ladutxe, Beristain, Errandonea, Arretxe, Maiz... Titinen kontra ere jokatu nuen. Pentsa ezazu. Nik uste gauza polit bat badaukadala, maila guztietako pilotariekin jokatu dudala, primerakoekin eta beste guztiekin.

Zenbat pilotarirekin guztira?
Igual laurogei pilotari izango dira. Behetik hasi nintzen eta hirugarren mailakoren batekin agian ez nuen jokatu, baina, bigarren mailakoekin eta lehenengo mailakoekin, denekin. Orduan Retegi II zen punta puntakoa eta bere kontra ere jokatu nuen.

Irabazi al zenion sekula?
Txapelketako finalerdi bat jokatu nuen, ni Galartzarekin eta bera Belokirekin eta 22-15 galdu genuen. Egin ahalak egin genituen, baina... bera oso ona zen.

Norekin egiten zenuen bikote ona?
Atzelari ahalik eta fuerteena jartzen bazidaten, orduan eta gusturago nintzen. Tolosa ona zen eta, lanerako gogoa zeukanean, Galartza ere bai. Irregular xamarra zen hau.
Hauekin edo Errastirekin oso gustura jokatzen nuen. Atzelariak dominatzen bazuen gero aurrean errematatzeko eta gehiago azaltzeko aukera izaten nuen.

Bat aukeratzekotan zein hartuko zenuke?
Bigarren mailan garai polit bat izan nuen Errasti eta Zezeagarekin. Gorago, Tolosarekin berarekin, ondo zegoenean asko laguntzen zuen eta agindu ere bai.

Eta aurrean onenak zeintzuk ziren orduan?
Retegi IIa, Alustiza eta Ladutxe. Bestalde, Beristain, , Bengoetxea IV., Bergarilla... garaiko pilotari guztiak.

Apustu asko izaten al zen?
Bai, orain baino gehiago.

Horrek zuen jokoan eragiten al zuen, beldurrik, errespeturik ba al zenioten?
Ez, lasai jokatzen genuen. Nik uste, behin profesionaletara pausua emanda, bazenekiela nora zindoazen. Mundu horretan, ahalik eta ondoena jokatu eta hortik aurrera, gainontzekoa, ez dagokizun zerbait da. Hala ere, sarritan entzuten genituen ederrak. Askotan kulparik gabe ere bai. Zurrumurruak izaten ziren. Baina kontzientzia lasai izanez gero...

Orduan partidako hainbeste kobratuko zenuten, ez zen Segurtasun Sozialik izango?
Ez, kontratua egiten genuen partidako horrenbeste eta urtean minimo bat. Urtean adibidez 48 partida firmatu eta gutxienez horiek jokatzen genituen. Jokatu ezta ere ordaindu egiten zizkiguten eta hortik gorakoak hainbeste partiduko. Nik urte onak izan nituen. Bataz beste, aurreneko hamar urteetan 83 partidua jokatu nituen urtero.

Zenbat urtera arte jokatu zenuen?
35 urtera arte, "elitean". Gero jarraitu nuen Besagain, bigarren mailako beste enpresa batean, kolpean utzi gabe, bizpahiru urtean segitu nuen, baina gero, horrelaxe, kilometroak, familia... poliki poliki, utzi egin nuen. Azkenengo fitxa 2000. urtekoa daukat.

Nolakoa izan zen despedida?
Oso normala. Ni horixe izan naiz, gregario on bat, langilea eta ez nuen ezer eskatzen. Pilotak poz asko eman dizkit, gustura jokatzen nuen eta, pentsa, orain ere segitzen dut, gustatu egiten zait jokatzea. Umeekin errazena hemen eserita egotea litzateke, baina takoak jarri eta jokatu egiten dut.

Juan Mari Arteagak sarritan izan zuen atzean Jokin Errasti pilotaria.
Azken partidu hori non jokatu zenuen?
Errioxa aldean, Baños de Ebro herrian. Uste dut Elola herritarrarekin jokatu nuela azken partidua.

Lagunartean jokatzen al duzu?
Mutil koskorrek mantentzen naute bizirik eta ondo. Eta sanpedrotan beteranoen txapelketa egiten dugu. Hor ere ahal dudan arte segituko dut. Ikusten badut han edo hemen mina daukadala eta ezin dudala, ba orduan utziko nuke. Baina momentuz...

Pilotaren gainbehera garaia ezagutu al zenuen?
Hori dena ezagutu nuen. Orduan pilota bakarkako eta bikotekako txapelketak ziren. Ez zen besterik. Ez zuen ezer finala ez bazen; gero etorri zen boom-a: Asegarceren sorrerarekin eta telebistarekin eboluzionatzen hasi zen, frontoiak aldatu ziren, koloreak, nikiak, jantziak...
Gu beti zuri-zuri janzten ginen eta aldatu egin zen hori gero. Nik uste positiboa izan dela. Ederra ikusten da pilotaria niki polit batekin. Kirolak eboluzionatu egin behar du.

Zein iritzi duzu gaur egungo pilotari buruz?
Aldatu egin da batez ere materiala. Gehiago jokatzen dute orain airez sartzen direnek. Ikusgarriagoa da, pilotak oso fuerteak dira, eta airez asko jokatzen da. Artistena baino indartsuena da.
Gure garaian pilota errazago manejatzen zen. Gero eta gutxiagotan dira tantoak luzeak. Ze, horrelako materialarekin sakea ekartzeko ere lanak izaten dira, eta aurrelaria errematatzailea baldin bada zirt edo zart egiten du.

Joaten al zara partidetara?
Afizionatuen maila segitzen dut. Semeak kadetetan jokatzen du. Profesionalak ikustera tarteka agertzen naiz Tolosara. Ez naiz obsesionatzen Eibarrera edo Bilbora finalak ikustera joateko. Eta nola orain telebistan ia egunero daukagun partida...

Astean zenbat ikusten dituzu etxetik?
Txapelketakoa baldin bada, astebukaeran, denak. Ez dizut esango lanera ez naizela joango pilota ikusteagatik, baina konpromiso handi handirik ez badaukat ikusten ditut gustura.

Zein da zure faboritoa gaur egun?
Pilotari bezala Olaizola II oso konpletoa da; ikusgarriago eta erasokorragoa, Irujo eta, nire ezaugarriak dituena, Titin. Niri tantoa bukatzen duen pilotaria gustatzen zait. Jo eta jo aritzea, niretzat, ez da pilota. Bestearen okerraren bila ari dira, ez zaizkit gustatzen.

Aspalditik al zabiltza Lasarteko pilota eskolan?
Sei-zazpi urte. Herri mailan nik uste gero eta gutxiago garela, futbolak zale asko ditu, oraingo pilota gainera oso gogorra ari da jartzen, adin batetik aurrera pilotak gogorrak dira, takoa jarri behar dute, eta nik uste gaurko gazteak bizkorragoak direla eta azkar konturatzen direla.
Gu oso felizianoak ginen, oraingo gazteek segituan hartzen diote tankera, gustura ez badaude edo onak ez badira, segituan utziko dute edo beste kirol batean hasiko dira. Dena den, mordoxka bat etortzen dira eta segituko dugu.

Poza emango dizu orain semeak zure bide berbera hartu duela ikusteak?
Aita pilotari izan den batek poxa hartzen du eta gainera daukan adinerako eta mailarako oso ondo dabil, besteek ere hori esaten dute. Postura onak ditu, baina hortik aurrera entrenatu eta landu egin behar du. Hemen sekreturik ez dago, gogoa jartzen badu ailegatuko da ailegatu behar duen lekura.

Zure mailara iritsiko al da, profesionalen artera?
Antzera izango da. Lehen ere gutxi iristen ziren profesionaletara eta orain ere gutxi. Futbolean ere ikusten ditugu berrogei bat lagun jokatzen, baina horietatik bakarra aterako da Real Union edo antzeko talderen batekin jokatzeko. Eta akaso beste bat Errealean jokatzeko... Pilotan ere bat edo beste aterako da, baina, kontuz, elitean jokatzea oso zaila da.

Zuk zenbat urterekin jarri zenituen takoak?
Orduan diru askorik ere ez genuen izaten esparatrapurik erosteko ere eta oraingo aukerarik ere ez eta, nik uste, 14 bat urterekin izango zela.

Eta orain?
10 bat urterekin jada erakusten diegu nola jarri. Alderdi horretatik lehenago hasten dira. Pilotak gogorragoak dira eta exigenteagoak ere bai.

Eusten al dio zuen garaiko zerbaitek pilotan?
Baloreak, postura, azerikeria... Baina ona izateko, berezkoa behar da.
Nik beti hau esaten dut, pilotaria izan nahi duenak %80 berea izan behar du. Eta hortik gorakoa, ehunera doana da gure lana. Ehuneko 10a nik egingo diot eta beste 10a fisioterapeutak. Guk %100 pilotaria atera behar dugu, baina %80a ez baldin badauka zaila da pilotaria ateratzeko.

Izan al da Lasarte-Orian beste pilotaririk?
Profesional mailan urrutiena iritsi dena uste dut ni izan naizela, baina geroztik izan da Elola, nire lehengusu txikia. Frontisen lau bat urte egin zituen bigarren mailan. Ez zen krak bat, baina pilotari interesantea izan da, txukuna.

Beste kirolik egin al duzu?
Ni kirolaria izan naiz, eta 14 urtera arte futbolean ere aritu nintzen, bai hondartzan eta baita bestela ere. Semea ere bietan ibili da. 14-15 urtera arte denetarik egin behar da, baina gero 14 urterekin erabaki, ez dago eta dena egiterik, ikasketak, kirola, futbola eta pilota... Niri kirolak, denak, gustatzen zaizkit.

Zertan aritu zara gero?
Taxista naiz Donostian. 17 urte badaramazkit, pilota jokatzen utzi nuenetik.