“Segurtasuna estutu egin da”

jon-altuna-iza 2012ko uztailaren 13a

Gorka Lasa duela lau urte joan zen hara lehenengo aldiz Saharako maratoian parte hartzera eta ekainean berriro egon da bi astez, saharar umeen oporraldien ekimena eta han eskola bat eraikitzeko proiektua gainbegiratzen.

Saharar errefuxiatuen kanpamentuetatik etorri berria den Gorka Lasa.
Gorka Lasa herritarra Saharan egon da ekainean, batetik oporretan Euskal Herrira etortzen diren umeen egitasmoan laguntzen eta bestetik Tolosa Sahararekin elkarteak han eskola bat eraikitzeko bideratu duen proiektua ezagutzen. Duela hamar urtetik hona Euskal Fondoak eta Polisarioak bultzatzen duten egitasmoari esker 380 umerekin etorri dira Euskal Herrira. Horietatik Lasarte-Oriara hiruzpalau etorri dira bi hilabeterako.

Umeekin etorri zara hegazkinez. Nola bizi dute hori?
Oso pozik. Bost urtean etortzen dira, 7 urtetatik 12 urtetara bitartean. Batzuek lehen bidaia dute eta horiek galdu xamarrak ikusten dituzu, negarrez, amaren falta botatzen dute eta gaizki pasatzen dute, baina gainontzeko guztiak oso ondo, irrikitan egoten dira etortzeko.
Niri esperientzia oso polita dela iruditzen zait. Askoren galdera izaten da, ea merezi ote duen handik hona bi hilabetetarako ekartzeak: hemen dena ematen zaie eta gero bueltan ez daukate ezer, baina nire ustez merezi du, alde batetik gauza asko ikusten eta ikasten dituzte, badakite beraien herrialdetik kanpo zer dagoen, ezagutzen dute Euskal Herriaren egoera ere, beraien oso gertukoa, eta bestalde sendagilearengana ere joaten dira, azterketa bat egiten zaie eta euren gabeziak zerbait konpontzen dira...

Aurretik egona zara Saharako maratoian, nola topatu duzu hura?
Otsailean edo ekainean joan, ez dauka zer ikusirik, otsailean jada kexatu egiten gara bero egiten duelako, ba pentsa ekainean, 50 gradutik gora ziren egunez, eta tenperatura ez da 30 gradutik jaisten gauez. Bestalde, egoera aldatu egin da, orain arte kanpamentuetan gure kontura ibiltzen ginen, ez geneukan arazorik batera edo bestera joateko, baina urrian kooperanteen bahiketak gertatu zirenetik, Polisarioak beste segurtasun neurri batzuek hartu ditu, txoferra jartzen ziguten eta denbora guztian bizkarzainekin ibili gara. Normala iruditzen zait lehengo askatasun hori galtzea.

Nola ikusten dute eurek egoera?
Gogorra, ez da pauso handirik ematen. Nik lau urte daramazkit joaten eta beti itxaropenez daude, baina itxaropen horri eusteko edo emaitzak lortzeko lan gutxi egiten da. Jendeak beste zerbait nahi du baina Polisarioa ez da ausartzen, edo ausartu baino gehiago, oso lotuta dago, kanpotik herrialdeek presioa egiten diote eta pausuak ematea ez da erraza. 37 urte daramate eta nire ustez zerbait egiteko garaia pasatzen ari zaiela. Kanpamenduak oso gauza probisional bezala jarri ziren baina 37 urte eta gero oso asentatuta daude. Gero eta gehiago. Hori ez da komeni, indar gehiago egin beharko litzateke.

Nazioarte mailan ere ez da babesik edo konponbiderik...
Ez bada zaratarik ateratzen jendea ahaztu egiten da horretaz. Nik uste saharauiarren arazoetako bat hori dela, oso zarata gutxi egiten dela, mobilizazio edo iskanbila gehiago beharko litzateke. Baina eguna joan eta eguna etorri, ez badute ezer egiten, marokoarrak oso lasai daude.

Sahara liberatuan egon zarete?
Saharak bi parte ditu, batetik Marokkok okupatua duen zatia, eta bestetik Sahara liberatua. Hor Polisarioak agintzen du, Marokko eta Algeria ez dira sartzen, baina oso jende gutxi bizi da, nomada batzuek eta kanpamendu txiki batzuek, basamortu latza da, oso inguru minatua eta arriskutsua.

Urruti al dago?
Smarako kanpamendutik 800 kilometro ziren, egun oso bat joaten, eskolaren proiektua ikusi, bertako zuzendariarekin eta herriko alkatearekin egon eta buelta.

Kanpotar asko pasatzen al da kanpamenduetatik?
Bai asko, baina orain gutxiago. bahiketak gertatu zirenetik jende asko atzera bota da. Haiei pasa zaiena guri ere gerta dakiguke eta errespetu puntu bat ematen du. Tindufeko aireportuan etengabe kanpoko jendea dabil atzera eta aurrera.

Zer esan dakite bahituez?
Ezer gutxi, ez dakite Malin dauden edo Mauritarian... Beraiek argi daukate Marokok egindako ekintza bat dela, zuzenean beraien etxean sartu direla lapurretara, beraiek etxean direla. Ez da horretaz hitz egiten. Gainera bolondres talde hau Rabunin zegoen, presidentea bizi den kanpamentuan. Polisarioak esaten du segurtasun handiena duen kanpamendua dela, eta bertaraino bahiketa egitea sartzea!... Beraz alertan daude gau eta egun. Normala iruditzen zait, ze azken urteotan kanpamentuetan etxean bezala ibili gara eta hori ere ez da normala, afera politiko bat dagoen lekua da eta hori ez zen nabari.

Besterik?
Etorri diren sahararren talde bat Donosti Cup jokatzen ari da. Saharan ligaxka bat jokatzen da kanpamentu bakoitzean eta gero kanpamentuen artean beste bat eta ligaxka horretan bigarren geratu den taldeak errealaren kamixetarekin jokatzen du. Errealak ekipamendu bat oparitu zien eta horrekin jokatzen dute.