“Sahara libre denean itzuliko naiz”

jon-altuna-iza 2012ko uzt. 13a, 12:58

Ailem Etleimidi Sahara okupatuko Smara herrian jaio zen 1971n, 1976tik Tindufeko kanpamentuetan bizi izan zen bere guraso eta anai arrebekin, Libian eta Algerian ikasi zuen, eta Rabuniko erietxe batean lan egin zuen 1992an Euskal Herrira etorri zen arte. Duela sei urte etorri zen Lasarte-Oriara.

Herrian sei urte daraman Ailem sahararra.
Urte beteko eta hiru urteko bi alaba eta senarrarekin bizi da Lasarte-Orian Ailem Etleimidi, biak dira sahararrak eta hassania hizkuntza hitz egiten dute. Orain alabak jada hasi dira euskara eta gaztelera ezagutzen. Zaharrenak egiten du euskara apur bat, Landaberrin ikastolan ari baita. Ailem berak arabiarra, frantses apur bat eta gaztelera hitz egiten ditu. Euskara eskola batzuek jaso ditu, baina momentuz ez du ulertzen

Ailem zer zara Saharako enbaxadorea Lasarte-Orian?
Bai, sei urte daramatzat Lasarten, hamar urte Saharatik kanpo, Kantabrian egon nintzen bi urtean izan ezik, beti Euskal Herrian. Europan gaudenak ere aukera dugu gure ahotsa munduari zabaltzeko.

Kanpamentuetan jaio al zinen?
Ez lau urte nituenetik bizi izan nintzen han, 1976ko gerra garaitik, Kanpamenduetan ez zegoen eskolarik eta zazpi urterekin eskola garaian Libiara eraman gintuzten, ondoren, Libiarekin hartuemanak hoztu egin ziren eta Algerian bukatu genituen ikasketak, biologia, unibertsitatean. Gero borondatezko lana egin nuen Rabuniko erietxe batean, 2002an handik atera nintzen arte. Krisirik ez zenean urte osoan lana egiten nuen eta urtean behin kanpamentuetara joan.

Saharako zein tokitakoak zarete?
Smarakoak, gara, baina atera ginenetik ez naiz sekula joan Sahara okupatura, esaten didate baina ez dut gogorik.

Kanpamentuetan zein egoeratan daude?
Gero eta okerrago. Geurea berreskuratzeko esperantzarik ez dugu galdu, baina zailtasun asko ikusten dira eta ez du aurrera egiten. Gainera, giza laguntzaren menpe egotea gogorra da. Beldur handia dago, laguntza hori eteten bada ezingo diotelako eutsi.

Erreferendum-a egingo ote da? Ba al duzu itxaropenik?
Ez dakit, bai badut esperantza, baina presio handia dago munduko herrialderik indartsuenen partetik, besteak beste AEB eta Estatu frantsesaren partetik. Guk argi daukagu ez dugula marokoarrak izan nahi eta ez garela algeriarrak ere. Ez dut irtenbide argirik ikusten, geldirik dago. Hangoek ez dute itxaropenik galtzen, bihar konponduko da esaten dute, baina urtez urte Nazio Batuek, NBEk denbora gehiago ematen dio, MINURSOri, NBEk Saharan duen misioari eta denbora gehiegi pasatzen ari da.

Giza eskubideen aldetik zein egoera da?
Mugaz bestalde, lurralde okupatuetan askoz okerrago daude.

Euskal Herritik laguntza handia iristen da Saharara, ezta?
Bai babesa hartu dugu hemen, Euskal Herrian, eta antzekotasun handia daukagu. Guk bezala euskaldunak ere borrokan ari dira. Pertsona adinduen etxeetan lan egin nuen eta bat gehiago bezala sentitu nintzen abertzaleen etxeetan, oso lotua, oso babestua.

Biologia ikasi zenuen, hemen horretan lan egiteko aukerarik izan al duzu?
Ez, homologatzen saiatu nintzen baina paperak Algeriatik ekarri behar nituen eta ez nuen egin. Beraz edozertan lan egin dut.

Baldintza gogorrak dira kanpamenduetan, ezta?
Bai oso gogorrak. Munduko tokirik zatar eta gogorrenetarikoa da, udan 50 gradura iristen dira, orain kanpamenduak hobetu antolatuak dira, baina lehen urteetan ura, garbiketa, osasuna, hezkuntza... zailtasun handiagoak ziren. Egonkorra da egoera, baina gogorra.

Azken bi urteotan ez zara joan, ama izan zarelako?
Bai, eta krisiarengatik ere bai. Kanpamendura ere iritsi dira krisiaren itzalak. Nabaritzen hasi dira.

Antzerki lana prestatzen aritu zara?
Gustatu zait, oso ondo konpondu naiz neskekin, aktoreekin, eta zuzendariarekin. Integratua sentitu naiz. Oso lan polita egin dute. Gure kausa bultzatzeko era bat da, asko gustatu zait.

Saharako haurrak daude hemen, zer iruditzen zaizu proiektua?
Ondo, gure ordezkariak dira hemen, Euskal Herrian, asko gozatzen dute, bi familien arteko harremanak sortzen dira, asko baloratzen dut elkartasun hori.

Nola izaten da gero euren itzulera?
Banaketa gogorra izango da hemengo familientzat, baina hangoek ere poz handia hartuko dute itzultzen direnean. Hemengo esperientziak kontatuko dizkiete han, guraso eta beste haurrei, hori ondo dago. Bi hilabete dira baina ondo dago.

Non ikusten duzu zure etorkizuna?
Beti daukat buruan familiarengana itzultzeko gogoa, baina Sahara libre denean, bandera marokoarra bada ez naiz itzuliko.

Smara ezagutzen al duzu?
Ez, ez naiz sekula joan. Soilik argazkietan ikusi dut. Hango senideak deitzen didate, joateko esaten didate baina okupatua dagoen bitartean ez daukat joateko gogorik.

Pozik bizi al zara hemen?
Ondo, krisia izan ezik. Senarrak batzuetan lan egiten du eta bestetan paroan dago.

Sei urte hemen, 2006tik, faltan botatzen al dituzu etxekoak?
Hamar senide gara, 10 anai arreba. Gogorra du etxekoak urrun izatea. Anaia ere egon zen hemen Lasarten, baina Frantziara joana da lanera. Arreba batek Ibizan lan egiten du udan eta gero kanpamenduetara itzultzen da, sei hilabete han eta beste sei lanean.

Komunikatzeko teknologia berriak erabiltzen al dituzue?
Bai, interneta eta telefono mugikorrak. Kanpamentuetan mugikorrak asko erabiltzen dira.

Gaztelera ikastea kosta al zitzaizun?
Ez gehiegi. Lanean jende zaharrarekin asko ikasi nuen, EPAn ere bai eta euskara ikastera ere joan nintzen, baina oso zaila iruditzen zait. Orain umeak ari dira ikastolan beraz egunen batean agian erakutsiko didate edo ikasi beharko dut.