Antzerkia eta txokoak kalean

jon-altuna-iza 2012ko uzt. 13a, 14:21
Kultura herritarrei hurbiltzeko helburuarekin, uztailean zehar zinema eta antzerkia kalera atera ditu kultura sailak eta eguerdian itxura ederra hartu du Okendo inguruak. Xabier Larreak "Mr Frack" malabareen ikuskizuna eskaini du Antonio Mercero plazan, Udaletxe berriaren atzeko partean, eta udako txokoetan dauden haurrek, kalejiran iritsi dira plazara eta ederki pasa dute "Frack" jaunaren trebetasun ezberdinekin.
Haur Txokoen erdia bete da gaur. Kalejira egin dute haurrek mozorrotuta.
Udako txokoek bi aste bete dituzte gaur, hain juxtu, ekimenaren erdia, ekuadorea pasa dute eta modu bikainean gainera. Taldeka mozorrotu eta kalejira egin dute erdiguneko kaleetan zehar eta eguerdian Okendo plazaren atzeko partean, Udaletxe berriaren atzeko aldean, bildu dira "Mr Frack" kaleko ikuskizunaz gozatzeko.
Xabier Larrea malabaristak, pilotak, mazak, txapelak, diaboloa eta beste erabili ditu malabareak egiteko eta ederki pasa dute Txokoetan dabiltzan haurrak, artistaren abildade eta jokoekin. Emanaldi umoretsua izan da, zirkua, malabare eta akrobaziak ekarri ditu Lasarte-Oriara, ostiral eguerdi bateko egunerokotasuna apurtuz.
Ekintza Udalak antolatu du, uztailean kultura kalera ateratzeko antolatu duen egitarauaren barruan. Ostiral eguerdian jarri eta Udako Txokoetan direnei zein nahi zuten haur guztiei antzerkiaz gozatzeko aukera eskaini die. Kale antzerki ikuskizunak eta zinema eskainiko dira Okendo plazan uztailean zehar.