Parapetasonik festibala, 2.0

jon-altuna-egitegi 2012ko uztailaren 15a

Metalaren inguruan, nazioartean hainbat musika festibal egiten dira: Sonisphere eta MetalFest esaterako, Ipar Euskal Herrian ere badugu Heletan urtero egiten den Euskal Herria Zuzenean jaialdi indartsua eta Lasarte-Orian berriz, Parapetasonik egiten da; aurten bigarrenez egin den metal eta rock´n´roll jaialdia.

2010ean Parapetasonic-en lehen edizioa egin eta 2011ko lehortearen ostean, larunbatean burutu zuten bigarren edizioa herriko metal-zale gazteek antolatuta.
Guztira, herriko zein inguruko zortzi talde aritu ziren Parapetoko oholtza gainean ahots urratuz eta gitarra kolpe sendoez ikusleak dantzan eta kantuan jartzen.

Blakako gazteek euren dohainen berri eman zuten kontzertu zirraragarri bat eskainiz.
Kontzertu sorta polita

Zortzi kontzertu ikusteko aukera izan zen larunbatean, BeHatxeRoja eta Bloody Brotherhood donostialdeatik, Black Absinthe usurbildik, Blaka añorgatik, Two Mules and a Rainbow bilbotik eta azkenik, herriko Hilotz, Tamerlayn eta Bar Remigio taldeak izan genituen Parapetasonik festibalean.
Heavy eta rock´n´roll festibala izaki, ez zen bertsiorik falta izan eta Jimy Henfrix, Bad Religion, The Beatles, Testament, Foxy Lady, Red House, Metallica eta halako talde ezagunen kantuek harrera itzela izan zuten publikoaren aldetik.

Herriko taldeen maketak

Lasarte-Oriako bi taldek, euren azken lanak herritarren aurrean erakusteko erabili zuten festibala.
Hala, Hilotzek euren “Hil ala bizi” azken laneko maketako kantu guztiak jo zituen eta Tamerlaynek “Aguila” maketa aurkeztu zuen. Bar Remigiok berriz, Bad Religion punk talde ingelesaren bertsioak jo zituen.

Antolatzaileak oso kontent

Balorazio oso positiboa egin zuten ekimenaren antolatzaileek. Heavy eta Rock-aren inguruan herriko zein inguruetako gazte jende musikazalea bildu eta herrian giroa sortzea zuten helburu, eta hurbildu zen jendetza ikusita, lortu zutela esan daiteke. Hurrengoa urtean ea Parapetasonic festibalaz hirugarrenez gozatzeko aukerarik dugun.

Itxura polita zuen Parapetoak arratsaldean, jendea gustura aritu zen kontzertu desberdinez gozatzen.