Lehen aldiz bere herrian antzeztu zuen Deabru Beltzak taldearekin Aitor Fernandinok. “The Wolves” ikuskizuneko aktoreetako bat da Aitor. Lasarteoriatarra berez, Bilbon bizi da aspalditik. Bertan bere interpretazio ikasketak burutu eta antzerki munduko hainbat ekimenetan parte hartzen du. Bere aurpegia ezaguna egin da azkenaldian telebistarako egindako iragarki bati esker.
Herrian izan zinen Deabru Beltzak-en "The wolves" ikuskizunarekin. Aspalditik zara taldeko kide?
2003. urtean hasi nintzen beraiekin lan egiten umeentzat egindako antzezlan batean.
Ondoren, 2011an berriro deitu zidaten “The Wolves” kale antzerkian parte hartzeko eta hauxe da beraiekin bigarren urtea. “The Wolves” antzezlanaz gain, “Les tambours deu feu” lana antzezten ari gara Euskal Herrian eta Europan zehar.
Zer moduz antzezten da zure herrian?
Berezia izan zen niretzat Lasarte-Orian lan egitea. Antzerkia ikastera joan nintzenetik ez nuen inoiz nere herrian, antzezteko aukerarik izan eta egia esan gogoa neukan.
Ikusleen artean jende ezaguna ikusi nuen Okendo plazan eta niretzako oso antzezlan ezberdina izan zen. Benetan polita eta berezia.
Askotan bueltatzen al zara herrira? Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan antzezten egon al zara?
Bai noski, herrira askotan etortzen naiz, lagun kuadrilla eta familia asko herrian daukat, baina ez lan egitera. Hauxe izan zen lehenengo esperinetzia.
Kultur etxeko aretoan egonda nago baina institutoko antzerki taldearekin. Aktore profesional bezala ez dut oraindik Manuel Lekuonako oholtzan antzeztu eta egia esan laster aukera izatea gustatuko litzaidake.
Antzerkian lan egiten duzu batez ere. Zer dauka antzerkiak zinema edo telebistak ez duena? Antzerkia al da gehien gustatzen zaizuna?
Bueno, antzerkian egin dut lan batez ere. Zinema edo telebista ez dut gehiegi ezagutzen. Hala ere, lan egiteko moduak oso ezberdinak dira. Antzerkian aktore lanari garrantzia handia ematen zaio, lana beraren pisua aktoreok eramaten dugulako.
Telebistan edo zineman bestelakoa da. Hauetan jende asko dago inguruan lan egiten argi edo soinu teknikariak, zuzendariak, produkzioko jendea... eta gauza txiki askotara egon behar zara erne. Polita da baita ere, baina ezberdina, gutxiago ezagutzen dudalako agian.
Horretaz gain aipatzekoa da azkenaldian telebistan ikusten zaitugula iragarki batean. Jendeak kaletik ezagutzen al zaitu?
Ez orain arte behintzat inork ez nau kalean gelditu ezagutzen nauela esateko. Orokorrean lagunak, familia edo ezagunak dira ezagutzen nautenak eta batzuk ez dira konturatu ere egin ni naizela iragarkian agertzen dena.
Bizarrarekin eta trajez jantzita agertzen naizenez badirudi despistatu ditudala. Telefono konpainia bateko kanpaina da egin dudana.
Telesailetan, laburmetraietan,... Aktoreek medio guztietara moldatzeko beharra al duzue egun?
Bai noski. Antzeztea lanbide bat da eta gero eta gauza gehiago egiten jakin, orduan eta lan gehiago izango duzu. Ez hori bakarrik, antzerki irakasle bezala lan egin behar da edo aurkezle bezala... Lantxo txiki asko dago antzerkiaren munduan eta denetara moldatu behar da.
Zertan ari zara lanean momentu honetan? Proiektu jakin batean murgilduta al zaude?
Deabru Beltzak taldearekin momentu honetan bi antzezlan egiten ari naiz. Horretaz gain, Txalo antzerki taldearekin lan egiten dut “Ipuinaren bila” ume antzezlanean.
Hurrengo denboraldiari begira, dagoeneko proiektu batzuk lotuta ditut. Beste bi antzezlanetan parte hartuko dut, umeei zuzendutako beste batean eta helduentzako bestean.
Horretaz gain, AteJoka antzerki taldea sortu berri dugu hainbat lankideren artean eta umeentzako antzezlan berri baten ekoizpenean guztiz murgilduta gaude.
Bilbon bizi zara. Aktore batentzat erakargarriagoak al dira hiri handiak?
Ez dakit erakargarriagoa den. Ni Getxoko Antzerki Eskolara joan nintzen interpretazio ikasketak egitera eta ondorioz, Bilbon bizitzen geratzea erabaki nuen. Lanagatik hasiera batean eta hirian gustura nagoelako orain.
Egia esan, aktore batentzat erakargarriagoak izan daitezke hiri handiak. Azken batean hauetan kultur giro handiagoa eta anitzagoa dago. Saltsa horretan murgiltzen zara pixkanaka eta mugimendu hori gabe bizitzea faltan botako nuke.
Txikitatik nahi izan duzu aktore izan?
Bai, txikitan eskolaz kanpoko ekintza asko egiten nituen, saiatzen nintzen urtero ezberdinak hautatzen. Baina antzerkian beti, ikasturtero ematen nuen izena, gehien disfrutatzen nuen ekintza zen. Urteekin antzerkia egiten jarraitu nuen eta institutoko antzerki taldean egon nintzen Mertxe Rodriguez eta Paki Caballero irakasleekin.
Orduan, garai horretan aktorea izango nintzela erabaki nuen. Behintzat aktore izaten saiatu nintzela...
Zer esango zenieke aktore izatearekin amesten duten gaztetxoei?
Aktore lana polita dela eta aspertzea zaila dela esango nieke. Norberaren irudimena martxan jartzeko lanbide ezin hobea da aktorearena zalantzarik gabe.
Baina alderdi ez hain politak ditu aktorearen lanak. Batzuetan frustrazio asko jasotzen ditu aktoreak, proba asko egin behar dira, kasting askotan parte hartu... Kasu horietan momentu gogorrak bizitzen dira askotan, ez da dena hain erraza eta polita lanbide honetan. Kontutan izan behar dute lana bera ziurtasun gutxikoa dela ere.
Baina azken hau egun lanbide guztien inguruan esango dute zoritxarrez. Ez da bakarrik aktoreen arazoa. Ilusioa aktore izatea bada behintzat, saiatzeak merezi du.
