Buruntzaldea Igeriketa taldeko mutilak primeran ibili dira aurten bai neguko, baia Udako txapelketetan ere. Horietako bat izan da Haitz Mitxelena. Harekin bildu gara denboraldiari buruz hitz egiteko.
Noiz hasi zinen igeri egiten?
Lau urterekin hasi nintzen igeri egiten eta zazpirekin sartu nintzen elkartean. Txikia nintzanean hankan arazo bat neukan eta ongi egin zidan. Gerora gustatzen zitzaidalako jarraitu nuen.
Nolako denboraldia izan da?
Denboraldi gogorra izan da aurtengoa, lehengo urtean baino gogorragoa izan da baina merezi izan du.
Izan ere, maila aldaketa izan duzu, ezta?
Bai, orain promesa mailan lehiatzen naiz Euskadiko mailan eta maila absolutuan Espainian. Hurrengo urtean ere horrela izango da.
Beraz, maila artean desberdintasun handia dago...
Juniorretatik absolutura jauzi handia dago. Horregatik entrenamenduak gogortu behar izan ditugu. Baina merezi izan du.
Honetaz gain, Espaina mailan gehienak profesionalak dira eta oso zaila da haien mailara egotea.
Denboraldi hasieran aurreikusten al zenuten marka hauek egitea?
Nik ez nuen espero horrelako denborak egingo nituenik.
200 m. tximeleta proban horrela ibiliko nintzela espero nuen.
Baina 100 m. tximeletan ez nuen uste minututik jaitsiko nintzenik. Kristona izan zen. Harrituta geratu nintzen. Niretzat ezusteko handia izan zen.
Iaz Espainiako txapelketan izan zinen lehengoz...
Oso esperientzia polita izan zen. 200 tximeleta proban 2 minutu 15 segundu markarekin joan nintzen. Zoragarria izan zen.
Orain dela 4 urte, Euskadiko txapelketetara joateko prestatzen nintzen eta justu-justu ibiltzen nintzen.
Borja etorri zenean aldaketa egon zen eta horren ondorioz, iaz Espainiko txapelketara joatea izugarria izan zen.
Aurten ere arerio berdinak izango dituzu, beraz?
Bai horrela dat baina asko hobeto dudanez postu batzuk igotzea espero dut.
Nire igerileku luzeko marka jaistea dut helburu txapelketa honetan. 2 minutu eta 9 segundo baino gutxiago egin nahi ditut.
Eta aurten Espainiako txapelketarako beste markarik egin al dezakezu?
Ez, ez dago aukerarik. Hurrengo urtean izan beharko du.
Eta orduan, 100 metro tximeletako marka gutxienekoa ere lortzea espero dut. Hori izango da muga.
Aurtengo denboraldira bueltatuz, Ordiziako nazioarteko txapelketan izan zinen lehian.
Konpetentzia gutxi zegoen eta horregatik sartu nintzen finalean.
Eta horrelako nazioarteko txapelketako finalean egoteak ilusio eta zirrara handia sortzen du.
Baliagarri dira horrelako txapelketak esperientzia lortzeko?
Era honetara, lehiaketetan esperientzia hartzen duzu. Guretzat pausu bat aurrera egitea da.
Errelebuetan ere parte hartzen duzu.
Bai, 100 m. tximeleta eta 50 m. tximeleta egiten ditut errelebuetan.
Igeriketa banakako kirola dela uste dute askok.
Buruntzaldea IKT-n oso ondo eramaten gara. Bazkariak, irteerak, eta abar egiten ditugu taldean.
Kirol indibiduala dela pentsatzen duena gaizki dabil. Indibidualetan txapelketetara joaten zarenean emozioa dago. Baina errelebuetan pentsatzen duzu: "nik ondo egin behar dut, baina ez bakarrik niregatik, taldearengatik baizik". Eta orduan emozioa askoz handiagoa da.
Horrelako markak egiteko egunero izango duzu entrenamendua...
Bai, hala da. Gainera, entrenamenduak oso gogorrak dira. 200-eko erritmoak egin behar ditut eta asko nekatzen du.
Beroketa egiten dugu eta gero erritmoa ariketetan sartzen gara. Horietan asko nekatzen zara. Egunero egiten dugu eta egin beharrreko metro kopurua jaisten dugu, baina asko nekatzen du.
Tximeleta da lantzen duzun estilo bakarra?
Tximeleta bakarrik ez, 400 m. libreetan ongi ibiltzen naiz baina aurten gutxitan egin dut proba hori. Bizkar eta bular.
Igeriketan estilo teknikoena al da?
Ez, bular estiloa askoz zailagoa da teknikari begiratuta.
Baina tximeleta ikusgarriena dela esan daiteke, ezta?
Bai, horrela da eta jende askok egiten duela ere esan behar da.
