Hamabietan puntual hasi da ohi bezala meza nagusia Orian Karmen Ama Birjinaren omenez. Hau gidatzen izan dira herriko bi apaizak, Juan Luis Murua eta Xabier Andonegi Ramon Uribe Etxeberroiarekin batera. Jendetza bildu da mezan eta besteak beste bertan ikusi ahal izan dira PSE-Eeko udal talde ia osoa, Jesus Zaballos alkate ohia buru, Plataformako Ana Isabel Prieto eta EAJko Boris Nogales eta Estitxu Alkorta. Mezan aurten hildako auzotarrak gogoratu dituzte, Pilar Catalinak abestu du eta bi dantzari gaztek agurra dantzatu dute.
Oriatarren festa egunarekin bat egin nahi izan du ere Pablo Barrio alkateak eta mezaren ondorengo hamaiketakoan izan da. Bertan trikitixa doinuak lagun, Oriako auzotarrak bildu dira auzoko jaiei, ekintza honekin bada ere, eusteko asmoz.
Gaurko alean Sebastian Kerejeta oriatarrak idazten duen zutabean dioen moduan, herri giroa sortzeko balio dute jaiek, eta giro hau Orian guztiz gal ez dadin eusten zaio gaurko ospakizunari.
Kerejetaren hitzak
Inork baino hobeto azaltzen ditu Sebastian Kerejeta oriatarrak jai egun honen historia eta nondik-norakoak. Hemen duzue gaurko Txintxarrin argitaratutako zutabea.
"Esan gabe doa herri bat ez dela eraikinez bakarrik osatzen, ezin bestekoa da bizilagunak sortzen duten giroa eta denok dugu eginkizun honetan zeregina, egunerokotasunean saiatu behar dugu hori lantzen. Hori horrela izanda ere, hainbat festa-giro, kultura, kirol, gizarte ekintzak eta abar lagungarriak dira herri-giro atsegin bat lortzeko. Adibide dira igaro berriak diren San Joan bezperako festa, eta zer esanik ez herriko San Pedro jaiak. Zirrara eragin zidan San Pedro bezperan Okendo plazan ikusi genuen ikuskizunak, zientoka herritar Oriako Sorgindantza dantzatzen inguru guztiak herritarrez estalita irria eta poza agerian zutela.
Oria ere, horren adibide da, bertan, Karmengo Amaren eguna ospatzen dugunez, bertako elizaren iragana, eta ospakizun horretan sortzen den giro atsegina aipatuko dut. Nahiz eta aurretik, Zelai Alde etxearen azpian behin beneko eliza antolatuta egon eta Orian bertan apaiza ere izan, 1940. urtean eraiki zen oraingo eliza. Bertan buru den Ama Birjinaren irudia eskultore kataluinar batek egina da. Uholdeak hondatuta bi urtean egon ondoren, 2004ko uztailaren 10ean berriz ireki zen konponduta, txukunduta eta dotoretuta.
Hainbat oriatarrek gogor salatu arren, zeuden eraikin eta altxor guztiak zilipurdika bota eta izkutatu ondoren,Plazido Mujika oriatar ospetsua jaio zen Baratzalde etxea barne, eliza bakarrik gelditu zen zutik. Gaur Karmengo Amaren eguna, herria girotu eta alaituz trikitixa ibiliko da urteroko legez, kalez kale, eta Meza Nagusiaren ondoren, herri-hamaiketakoa eskainiko da Plazido Mujika plazan, eta hainbaten herrimina pixka bat leuntzeko ere balioko du. Lasarte-oriatar asko bildu ohi dira bertan egun honetan."