Pilar Soberonen lanak Arte Santanderren ikusgai

Txintxarri Aldizkaria 2012ko uztailaren 17a

Lasarte-Oriako artistaren lanak Arteko galeriak eramango ditu Kantabriako hiriburuan ospatzen den arte azoka garrantzitsuenera. Azoka arte munduko jendearentzat egiten da eta erakuslehio ezin hobea da artista askorentzat.

Arte Santander azokaren XXI. edizioa izango da bihar hasi eta igandera bitartean luzatuko dena. Honetan arte garaikideko 42 galeriek parte hartuko dute eta horien artean Donostiako Arteko galeria. Honek Lasarte-Oriako Pilar Soberonen hainbat lan eramango ditu bertara.

Orain gutxi "Donostia 2016" Olatu Talka egitarauaren baitan artistak Zubitik Barrena lana gauzatu zuen Urumea ibaia erabilita. Arte instalazio iragonkorra izan zen, Urumearen bokalean jaio eta ibaian gora barrentzen zena. Buia laranjen bidez, ur gainean marrazki, siluetak eta puntu herrenkada sortu zituen Soberonek ur etorriak eta itsasgorak mugitutakoak. Ur gaineko eskultura bat osatu zuen.

Arte Santanderren izango den lanetako bat.
Artistaren hitzetan "alde sinbolikotik eta poetikotik begiratuta, urak ametsak sortzeko botere liluragarria du, heriotza-jaiotza, aldaketak, nartzisismoa, ur-sakonak, ur berriak, ur ama. Era berean, agerian geratzen da uraren prozesua. Bere botere aldakorrak, bere jatorriak eta garapenak, materiaren irudimena zabaltzen dute".