“Xarma handia dute artisauek”

jon-altuna-iza 2012ko uztailaren 20a

Berrogeitamar artisau baino gehiago etorriko dira igandean Lasarte-Oriako XXVIII. Azokara euren lana erakutsi, dastatzeko eman eta ahal badute saltzera. Goiz eta arratsaldez, gutxi gorabehera 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara, Okendo plazan jarriko dira artisauak eta Mercero plazan jaki saltzaileak. Jose Mari Berasarte eta Cesar Bozal herriko aiztogileek David de Jorge gonbidatu dute aurten azokara. Sukaldari "handiari" oparituko diote aurten, berak sukaldean erabiltzeko moduko altzairuzko laban zorrotz eta ikusgarria.

Euskal Herri osoko artisauez beteko da igandean Okendo ingurua. 30 artisau inguru arituko dira euren lana erakusten eta egindako produktuak saltzen, horietatik heren bat inguru Lasarte-Oriakoak: Bitxigintzan aritzen diren, Vanessa Redondo eta Vanessa Herce, Koro Ortega eta Arantxa Martin, eta Susane Rebe, teilak margotzen dituen Leon Amondarain, larrugintzan diharduen Serbando Iglesias, abalorio eta pitxiak sortzen dituen Itziar Mendiluze eta labanak egiten dituzten Jose Mari Berasarte eta Cesar Bozal. Gainera Zentro Zibikoko, Biyak Bat Elkarteko eta Ehozirien Taldeko hainbat lasarte-oriatarren lana ere ikusi ahal izango da igandean goiz eta arratsaldez.

Euskal Herrian egindako hainbat produktu dastatu eta erosteko aukera ere izango da, gaztak, kontserbak, opilak, goxoki, erroskila eta pastelak, txokolateak, ukenduak, urdaiazpiko, txorizo, pate eta beste hainbat kutixi. Guztira ia 30 produktore etorriko dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik. Antton Salsamendi antolatzaileak eman digu azokaren berri.

Artisauen XXVIII. azoka da, hainbeste iraun badu, erantzun ona izaten duela dirudi...
Izan genuen duela bi urte Udalaren partetik Erdi Aroko azoka antolatzeko proposamena, probatu zuten eta iaz erabaki Santa Anakoa errespetatzea eta orain arte bezala mantentzea. Uste dut Erdi Arokoa edo "tematikoa" irailean egingo dela.

Zein da azoka honen arrakastaren sekretua?
Udan gaude, herrian festa giroa sumatzen da, urteroko ekintzez gain, jendeak festa gogoa du. Gainera, 28 urte pasa eta gero azokak sustrai sakon eta sendoak ditu, jendea azoka honen zain egoten da eta guk gustura antolatzen dugu. Dena den, handicap edo eragozpen bat ere badaukagu: Donostia eta kostaldea oso hurbil daukagula eta eguraldi oso eguzkitsua egiten badu berandu etortzen zaigula jendea. Eguna lainotua edo erdipurdikoa bada, primerako azoka ederra izaten da, beraz azokak arrakasta edukitzeko eta jendetza sumatzeko eguraldi trakets xamarra behar dugu.

Okendo plaza egokia da azoka jartzeko...
Okendo eta Mercero plazan egingo dugu, normalean elikagaien azoka Sagardotegi plazan egiten zen, eta aurten lehen aldiz probatuko dugu Udaletxe atzean, Mercero plazan. Ea zer moduz ateratzen den. Juxtu udaletxeko arkupea izango da bi azokak banatzen dituen muga.

Datozen artisauen artean zein nabarmenduko zenuke?
Aurten Eibartik Suoker izeneko taldekoak datoz, burdina lantzen dute mailuarekin. Oso berezia da. Ikatza ekartzen dute, sua egin, burdina berotu eta egun osoan bertan egongo dira lanean.

Etortzen diren artisau guztiei eskatzen diegun baldintza bat da, artisau guztiek bertan lan egin eta beraien lana erakutsi egin behar dutela. Saltzera etortzen dira, produktu pila bat ekartzen dituzte saltzeko baina kasu gehienetan lortzen dugu. Gaur egun egoera dagoen bezala nahikoa meritu badute artisauek.
Eta bestalde, herriko artisau asko egongo direla nabarmenduko nuke, hamar bat dira herrikoak.

Sukaldari bat omentzen dute urtero herriko aiztogileek...
Bai Josemari Berasarte eta Cesar Bozalek aurten ere sukaldari berezi bati egingo diote euren omenaldia, aurreko urteetan Juan Mari Arzak eta Martin Berasategiri eman eta gero, aurten David de Jorgeri emango diote berarentzat egin duten laban pertsonala. Eguerdian egingo diogu omenaldia, sukaldari “handiena” gonbidatuta dago eta bertan izango da. Eskertzekoa da aiztogileek antolatzen duten ekintza hau.

Elikagai produktore eta saltzaileen artean ba al dago herrikorik?
Ez, uste dut ezetz. Artisauak izatea, produktua beraiek egitea eskatzen dugu eta hauek ekartzea ez da erraza izaten. Adibidez kontserbak egiten dituzten artisauak ez dira beraiek saltzera etortzen, komertzialak dituzte horretarako. Gustatuko litzaiguke beraiek etortzea, baina astelehenetik ostiralera lan egiten dute eta askok ezin dute: itsasoko kontserbagileak edota Nafarroakoak oso gutxi etortzen dira. Badakigu produktu ona dela, lehen mailakoa, baina gehienak ez dira etortzen. Hala ere, denetarik pixka bat egongo da eta kontserbagile batzuek badatoz Nafarroatik.

Azokarekin batera bertsolari, soinujole eta abar egongo al da?
Ez Udalak aurrekontua asko murriztu du Udalak eta justu justu azoka egiteko iritsiko da.

Krisia beraz, artisauek nabaritu dute eta antolatzaileok ere bai...
Bai pila bat. Orain arte, Lasarte-Oriako azoka artisauen artean oso ezaguna zen, artisauak mimatu egiten genituelako eta artisauentzat oso ezaguna eta maitatua izan da. Igandean hor egoteagatik dieta edo diru apur bat ematen zitzaien eta bazkaria ere bai. Orain murrizketarekin ordainsaririk ez diegu ematen, baina bazkaria bai. Aldiz, beste azoka batzuetan egoteko ordaindu egin behar dute

Beraiek zer diote krisi garaiaz?
Lehen, azokak Euskal Herriko herri gehienetan egiten ziren, baina asko desagertzen ari dira. Erdi Aroko azoka tematikoak antolatzen dituzten enpresekin duten hika mika latza aipatzen dute artisau taldeek. Enpresa horiek beraien ekintza eskaintzen dute herrietan, eta artisauei tokia kobratu. Herrientzat oso polita edo erakargarria da, baina artisauarentzat ez hainbeste. Artisauak mantso-mantso gutxitzen ari dira, eta saltzaileak ugaritzen. Azoka horietan dauden asko ez dira artisauak, ez dute eurek egindakoa saltzen. Artisauak diruditen arren, tokia ordaindu duten saltzaileak dira.

Zu aspalditik ari zara antolaketan?
Bai 28 urte hauetan. Gazte-gazte ginela hasi ginen taldean. Hasieran San Pedro jaietan egiten zen, baina hor nahikoa ekintza bazeuden eta Santa Anara pasa genuen. Uztailaren azken asteburuan egiten genuen, baina data hori ere ez zetorren ondo, herritar asko jada oporretan zeudelako, aurreko igandera pasa genuen eta azken urteotan uztaileko azken aurreko igandean egin dugu.

Zu nolatan hasi zinen honetan, artisaua al zinen?
Ez, ez. Arlo askotan aritu naiz, denak ukitu ditut. Ukitu denak, baina “ofizio asko dituena pobre seguru” esaten da. Denak ezagutu ditut, nola lan egiten duten, oso polita da artisauak eurak beraien tailerretan ikustea eta ezagutzea. Niri asko gustatzen zait aurreko lana, artisauak beraiek bisitatzera joan, non eta nola lan egiten duten ikusi.

Urtean zehar bisita asko egiten al dituzu?
Bai, 14 edo 15 artisau ikustera joaten naiz, batez ere, oso bereziak direnak, baserrietan bizi direnak... Adibidez Matxinbentako otargilea lagun mina dut eta tarteka egoten naiz berarekin, lan kontuengatik ingurutik pasatzen banaiz. Bisitatu ditut, larrua lantzen duen Gatzagako beste lagun baten tailer denda, Zizurren kartoi harria erabiltzen dutenak, Lizarrako beste bizpahiru artisau eta abar.

Lagun asko egingo zenituen urte hauetan?
Bai, hainbat ezagutu ditut. Euskal Herrian galtzen ari diren artisauak dira eta xarma handia dute. Eta beren tokian ikustea, oso berezia da.