Biztanle euskaldun edo ia euskaldun kopurua etengabe hazi da Lasarte-Orian azken hamarkadetan. Hala dio udalak berriki aurkeztutako azterketa soziekonomikoan.
Honen arabera euskalduna da Lasarte-Oriako biztanleriaren %39,4, ondo ulertu eta euskaraz hitz egiten duena. Honi gehitu behar zaio ia euskaldunak direnen kopurua, hauen portzentaia %24,3 da eta euskaraz ondo ulertu arren, hitz egiteko gaitasunik ez dutela diotenak dira.
Euskaldunen etengabeko igoera honi, erdaldun elebakarren kopurua lotu behar zaio. Kasu honetan nabarmen bera egin du portzentaiak 1981. urteko datuekin alderatuta eta %10 baino gutxiago dira egun soilik gaztelera ulertu eta hitz egiten duten herritarrak.
Erabilera erronka
Hizkuntzaren ezagutzak hobera egin badu ere, ez da berdina gertatu etxeko erabilerari dagokionez.
Etxean gaztelera erabiltzen duten pertsonen portzentaiak gora egin du %1,9. Honen arrazoia izan daiteke D ereduaren nagusitasuna. Herriko gurasoek D ereduaren aldeko apostua egin dute euren seme-alabentzat erdaldunak izanda. Honek eragin du bere seme-alabak euskaldun izatea baina eurekin etxean oraindik gaztelera izatea erabiltzen den hizkuntza.
Kaleko erabilerari dagokionez, euskararen presentzia handiagoa da eta entzuten diren elkarrizketen laurdena euskaraz dira. Geroz eta gazteagoak izan orduan eta gehiago dira euskarazko elkarrizketak.
Euskara Batzordea baikor
Udaleko Euskara batzordeari datu hauen inguruan balorazioa eskatuta, baikor azaltzen dela esan daiteke, “datu hauek, etorkizunera begiratuz, ziurtatzen digute lasarte-oriatar orok euskara hitz egiteko gaitasuna izango duela, gaur egungo %39,4 hori hobetuz”.
Hala ere, onartzen dute eginbeharrekoak asko direla oraindik. Besteak beste, euskararen erabilera adinarekin batera jaisten ari dela erakusten dutelako datuek. “Euskara, azken finean, ez da ikastolan, lanean edota euskaltegian hitz egiten soilik. Eskuartean ditugun datuak kontraesanak ere ekartzen dizkigu”.
Alde batetik familietan dagoen euskararen erabilera ez da %15era iristen, kontutan izanda ere urtez urte datu hau txikitzen ari dela; bestetik, Udal Euskara Zerbitzuak dituen 2011 urteko datuen arabera, %23,5a da gure herriko kaleetako euskararen erabilera eta gainera, datu hau pixkanaka handitzen doa.
Familian erabilera landu
Datuen arabera “argi dago, eta lehen esan bezala, euskararen erabilera etxe barruan hasten dela galtzen”. Hau dela eta Udal Euskara Zerbitzutik ikusten da erronka famili euskaldunen eskuetan dagoela, egunez egun gero eta gehiago direnak, “gure hizkuntzaren erabilerari eusteko eta kontsumitzen ditugun produktu-zerbitzuak (telebista, irratia, aldizkari, egunkariak) euskaraz kontsumitzeko ohitura sustraitzeko”.
