Ostiral beltzak

Mailu Arruti 2012ko uztailaren 20a

Azken aldi honetan ostiralak beltzak bihurtu dira. Baina niri termino hau ezaguna egiten zait eta ez dakit oso ondo zergatik. Eta gaur egunean badaukagu askojakitun bat eta hari galdetzea otu zait. Googlen sartu eta hor topatu ditut "ostiral beltzari" buruzko aipamen zein baino zein beltzagoak.
1977an, Iranen zibilen hilketa ikaragarria.
1983an, Venezuelan bolibarraren debaluazioa.
1987an, Panaman errepresio politiko latza.
1939an, Australian sutea.
1945an, porrot egin zuen aliatuen aire erasoa.
AEBn, Gabonetako erosketen lehen eguna. "Accion de gracias" egunaren bikaramuna. EH???
Azken honek ez al du puskatzen aurrekoen belztasunaren iluna?
Bai inondik ere, egun horretan denda txikietan beherapenak hasten omen ziren eta zenbakiak gorritik beltzera pasa horren ondorioz.
Hara non aurkitu dugun beltzaren esanahi positiboa aizue!
Azken aldian ostiralak beltzak bihurtu dira guretzat eta Madril aldean funtzionarioak kolore horretako arropaz jantzita hasi omen dira lanera joaten ostiraletan. Ea zer neurri berri ezartzea okurritu zaien (gure) agintari argiei ostiral honetan, lutoz jasotzeko.
Kontu hau ordea ez da oraingoxea. Gure aitak esaten zuen: Bai holakoren etxean, bi ostiraletako aste asko izaten ziren. (Langileek larunbatetan jaso ohi zuten soldata). Eta zenbait etxetan astea bi ostiralez luzatzen zen.
Ostirala ez zen ba aste bukaera hasten zen egun zoragarri hura?