Ibilbide luzeko antzerki taldea da Markeliñe. Kale antzerki eta ikuzkizunak ondo ezagutzen dutezten kideek osatzen dute hau. 1985ean sortu zen taldea Zornotzan, eta aktoreen keinuetan oinarritzen den antzerkia egiten dute batez ere, hitzek baino euren interpretazioak du garrantzia gehien.
Gaurkoan ikusi ahal izango den antzezlanak barrea eragiteaz gain, istorio sakona kontatzen duela dio antzerki konpainiak.
“Carbon Club” antzezlanean meatzariak eta hauen familiak dira protagonistak, guztiak kabaret ikuskizun baten baitan aurkezten dituzte euren eguneroko arazo eta bizipenak. Horrela musika eta dantza nagusi izan arren, ikusleei pertsonaiek jasaten duten sufrimendua erakustea ere bilatzen dute Markeliñeko aktoreek.
Istorio hunkigarria
“Carbon Club” antzezlanak sortzaileen hitzetan “gogoetarako tartea zabaltzen du, izan ere bizitzari buruzko metafora bat aurkezten dugu”. Adiskidetasunaren balioa, patu tragikoa, bizitzeko ausardia, sakoneko lurra, hurbil dauden gerrak, gizarte aldarrikapenak… daude antzezlan honen istorioaren oinarrian. Honekin batera, meatzarien lan duin eta neketsuan, bizitza eman zuten heroi anonimo guzti horiei mirespenez eskainitako omenaldia izan nahi du.
Iluntasunean itzal bila
Meategiko kondaira baten arabera, meategia hain da iluna, itzalak ere haien jabeengandik galdu egiten direla. Jose, istorio honetako protagonista da.
Meatzari gaztea da Jose eta galdutako itzal gisa ibiltzen da meategiko galeriatan barrena. Bidaiari sentimental, xume eta harritua da, beldurra ezkutatzen duena bere egunerokoan aurre egiteko. Bihotzean daramatza bere bizitzan eragina izan duten pertsonak: neskalaguna, adiskide mina, familia, laneko nagusia… Meategi barruan galdurik dabilen mamu gisa, ezinezko irteeraren baten bila ari da.
Halako batean, galerian, urrunean, neoizko argiak ikusten ditu. Argira hurbildu ahala, bertatik irteten den abestia entzuten du: “Yo no maldigo mi suerte porque minero nací...”
Sartu eta berehala, ahotsa sentsual batek ongi etorria ematen dio meatzari gazteari “Carbon Club”-era, pikotxaren eta daratuluaren klubera, meatzariek,berdin dio bizirik edo hilik egon, putzuan bizitakoak kabaretaren erritmoan kontatzen dituzten tokira.
Hemen entzungo ditu batzuek laneko nagusia kritikatzen besteak hilabeteko eskelak zenbatzen dituzten bitartean. Beste batzuek esaten dute meategia hiltzen ari dela eta merkeagoa dela ikatza Errumaniatik ekartzea. Ez hori bakarrik, ikatza eta emakumeak ekartzea hobe. Espontaneo bat sentsualitate osoz kulunkatzen da agertokian, meatzarien erritmoan, koplak abestuz.
Markeliñe konpainiak dagoeneko ikuskizun hau Euskal Herriko zein kanpoko plaza askotan antzeztu du eta ikusleen aldetik harrera beti bikaina izan da. Hau dela eta Torrejón de Ardoz-en ospatutako antzerki jaialdian bigarren saria eskuratu zuen.
Eguraldiaren baitan
Kasu honetan Okendon izango da ikuskizun berezi hau doan ikusteko aukera. Eguraldi oso txarra egitekotan bertan behera utziko litzateke ikuskizuna izan ere, sua eta efektu ikusgarriak erabiltzen dira honen baitan eta kalean, eremu irekian behar du izan Kultura sailetik azaldu moduan.
“Eguraldiaren aurreikuspenak ez dira txarrak eta euririk gabe eutsiko duela dirudi, xirimiria egitekotan antzerkia berdin Okendon egingo da. Ikuskizun hau ezin da eremu itxira eraman”.
