“Hamar urte daramat prestatzen”

jon-altuna-iza 2012ko uzt. 20a, 11:26
Maialen Chourraut Londresko Villa Olinpikoan da pasa den astelehenetik piraguismoan ur bizietako slalom proba prestatzen. Hilaren 30ean, astelehenean, Hertfordshiren Lee Valleyko ur-kirol gunean egingo dira kanporaketak, proba horretan lehenengo 15en barruan sartzen bada finalerdia izango du abuztuaren 2an, ostegunean, eta 10 onenen barruan bada, finalean izango da egun berean arratsaldez.
Oria ibai ertzean hitz egin genuen Maialen Chourraut herriko piraguistarekin hilabete amaieran Londresko Joko Olinpikoetan daukan erronka garrantzitsuari buruz. Buru belarri aritu da entrenatzen azken urteotan hitzordu honi begira eta dena emateko prest dago.

Sekula arraun egin al duzu Oria ibaian?
Nik ez, behin ere ez. Taldekide batzuek egin izan dute ur asko datorrenean. Hor irla inguruan "rulo" edo kizkur bat egiten da, eta olatuan jolasten ibiltzen dira, ibaiak ur dezente eramaten duenean.
Agian egunen batean nik ere egingo dut.

Nahiz orain ibaietan aritu, zu itsasoan hasi zinen arraunean?
Bai, nire Klub-a, Atletico San Sebastian Kontxako hondartzan dago.
Nahiz eta nirea ur bizietako alorra izan, kluba hondartzan kokatua dago eta orduan, paleatzen itsasoan hasi ginen eta gero, pixkanaka, noizean behin ibaira eramaten gintuzten.

Hala ere itsasoko entrenamendua ere oso ondo etortzen zaigu: ezinezkoa da korrontean ondo ibiltzea, ez badituzu ur geldian teknikak lantzen. Lehenengo hor probatu behar dira.

Kirol honetan oso zaila da kinielan asmatzea. Hamarren artean edozeinek irabazi dezake. Gutxien huts egiten duenak irabaziko du.



Ur bizietako probetan hartzen duzu parte, ezta?
Bai, bakarrik ur bizietan lehiatu naiz, beti, klubean hasi nintzenetik.
Hori bai, txikia zarenean ez dizute proba ibai indartsu batean jartzen. Ibai nahiko geldian hasten zara makilak pasatzen eta pixkanaka zailtzen da.

Normalean txapelketak kanaletan egiten dira, ez ibaietan?
Ibaietan ere jokatzen dira, baina egia da geroz eta proba gehiago daudela kanal artifizialetan. Iaz, munduko kopako proba bat, ibai naturalean egin nuen, duela bi urteko munduko txapelketan, erdia zen kanal artifiziala eta beste erdia ibaia, kanala bukatu eta ibaira pasatzen zinen, baina, bai, gero eta proba gehiago egiten dira kanaletan.

Nolakoak izaten dira kanalak?
Oso desberdinak. Denetatik aurki daiteke. Badira txikiak ere, baina kanak handi batzuek azpiegitura indartsuak dituzte, kanak oso ikusgarriak dira.


Ezagutzen al duzu Londresko joko olinpiadetakoa? Nolako kanala da?
Zaila. Aurten askotan joan gara hango kanalera entrenatzera, guretzat garrantzitsua delako urak ondo ezagutzea, korrontetan ondo sentitzea eta ondo moldatzea, eta ahal izan dugun guztietan joan gara Londresera.

Kanal nahiko zaila da, oso teknikoa eta oso fisikoa. Piragua gelditzen duten ur jaitsiera asko ditu, eta baita piraguaren norabidea oso erraz aldatzen dutenak ere. Kanal honetan ezin da piragua denbora guztian kontrolatua eduki, pixka bat beti joaten da, eta ibilbidetik ez ateratzea zaila izango da.

Egokia al da zuretzat?
Bai, gustura ibili naiz, kanala ezagutu nuen lehenengo egunetik, zaila egin zait mundu guztiari bezala, baina gustura nabil.

Zein izango da olinpiadetan zuren helburua?
Ahal dudan konpetiziorik hoberena egitea.

Dominarik espero al duzu?
Nik badakit konpetizio ona egiten badut domina hor dagoela, baina nire helburua ahal dudan konpetiziorik onena egitea da, eta ametsa, urrezko domina nirekin ekartzea.

Badakizu zein egunetan parte hartuko duzun?
Bai, aspalditik jarrita daude egun eta ordutegiak. Uztailaren 30 hasiko naiz, gero lehenengo 15etan sartuz gero, finalerdia eta finala uztailaren 2an izango ditut: finalerdian lehenengo 10etan sartuz gero, egun horretan bertan finala.

Zein izango da zure areriorik gogorrena?
Arerio dezente dauzkat. Bagara hamar bat neska eta edozeinek irabazi dezake.
Gainera kirol honetan oso zaila izaten da kinielan asmatzea. Ni hor nago, beraien artean.

Esan daiteke zu zeu zarela zure areriorik handiena?
Beno, ni nire buruarekin egongo naiz borrokan, probaren irteeran ahalik eta zentratuena egoteko. Egia da, ni ez naizela besteen aurka lehiatzen, ez da konfrontazioko kirol bat, nik nire jaitsiera egin behar dut eta nire gauzak ondo egin behar ditut, besteak ez daude, banaka jaisten gara, beraz, ni naiz nire lehenengo arerioa.

Kirol honetan akatsak garesti ordaintzen dira, kontzentratua jaitsi beharko duzu, ezta?
Kale dezente egiten dira eta gutxien huts egiten duen pertsonak irabazten du. Guztiok egiten ditugu hutsak, baina akatsa zenbat eta handiagoa izan segundoak galtzen ditugu, edota ibilbidetik erabat ateratzen bagara, eta ate bat ukitu edo saltatuz gero, lehiaketa pikutara joaten zaigu.

Europako azken hiru probatatik bi irabazita, momentu onean zaude... Nola ikusten duzu zure burua olinpiadei begira?
Ondo, egia da azken lau urteotan maila onean aritu naizela entrenatzen eta baita lehiatzen ere, eta benetan gustura aurkitzen naizela. Gogor entrenatu dut, pila bat, eta joko hauetara gogoz iristeko mentalizatzen egon naiz azken lau urteotan. Argi dago modu onean entrenatu naizela ze emaitzek hori diote. Orain gertatzen dena da, azken puntua eman behar dugula.

Bizpahiru aste falta dira, zer egingo duzu egun hauetan?
Entrenatu eta entrenatu, egunero entrenatzen dut. Orain hemen nago Lasarten (astelehenean 9an), baina asteazkenean, 11n, Seu de Urgell-era noa, han hemen baino gehiago entrenatu ahal izango dut eta 16an astelehenean Londresera joango gara jada.

Han Villa Olinpikoan egongo gara eta jada entrenamenduak ez dira hain gogorrak izango, konpetizioan fresko egon behar dugulako, entrenamendu gogorrenak jada egin ditugula esan dezaket, baina ezin gara gelditu.

Hemen egon zaren egunetan ere entrenatu al duzu?
Bai goizetan egin ditut entrenamenduak eta arratsaldetan beste zeregin batzuek.

Zenbat denbora daramazu Seun entrenatzen?
2001. urtean ekipoan sartu nintzenetik denbora asko pasa dut han, eta 2005ean bertan bizitzen gelditzea erabaki nuen. Lehen furgonetan pasatzen nuen ia egun guztia, hemen ibaira joan eta entrenatzeko edota Seura joateko.

Hilabetean bi aste han pasatzen nituen gutxi gorabehera, eta azkenean han geratzea erabaki nuen.

Eta zenbat denbora joan da azkenengo aldiz etxera etorri zinenetik?
Duela bizpahiru aste egon nintzen baina egun erdi bakarrik, eta hori baino bi aste lehenago beste egun bat. Gutxi, Aste Santuan eta gabonetan ere egon nintzen.

Hamar urte daramat gogor entrenatzen eta Pekingo olinpiadan gaizki joan zitzaidan egunetik
Londresen pentsatzen egon naiz.



Noiz hasi zinen Olinpiada prestatzen?
Gogor entrenatzen badaramat hamar urte. Egia da gero Pekingo olinpiadetan gaizki joan zitzaidala eta egun horretatik Londresen pentsatzen egon naizela.

Urte batzuek daramazkit oporrik egin gabe. Denboraldia bukatu eta segituan hasten naiz entrenatzen. Ea bere fruitua ematen duen.

Pekingo olinpiar jokoen oroitzapen nahiko txarra daukazu, beraz, ezta?
Ez zen konpetizioa ondo atera, eta emaitza on baten bila nindoan.

Eta konpetizioaz aparte, nolakoa zen hiri olinpikoko giroa?
Ez ginen Villa Olinpikoan izan, noizean behin joaten ginen, ordu betera zegoen kanala eta gertu zegoen hotel batean ginen. Dena den, Olinpiadetara ez zoaz Jokoak zer diren ikustera, konpetizio on baten bila zoaz, eta ondo ateratzen ez denean... bai, gauza batzuek ikusten dituzu, disfrutatzen duzu, baina ez zatoz bueltan ilusioz beteta.

Olinpiadetako proban zerk izango du garrantzia gehiago, orain arteko entrenamenduak edo kontzentrazioak?
Nik uste, gakoa, orain arte egindako entrenamendu guztia izango dela.
Azken urtetan hain ondo eta hainbeste entrenatuta emaitza on baten probabilitate handi bat irabazita daukat, orain behar dudana da irteeran kontzentrazio ona lortu eta jaitsieran ezusteko gehiegi ez izatea.

Hainbat garaipen eskuratu duzu orain artean, bat gogoratzen al duzu bereziki?
Bai, 2009an Seu de Urgellen egin ziren munduko txapelketan bigarrena izan nintzen eta hori ez dut inoiz ahaztuko.

Gure taldearentzat mundu mailako lehen domina indibiduala izan zen.

Sellako jaitsieran parte hartu al duzu sekula?
Ez, ez dut parte hartu, diziplina ere ezberdina da, nik slaloma bakarrik egin dut, beste gauza batzuek ere probatu ditut, baina gauzak ondo prestatzea gustatzen zait.

Zerbait esan nahi al diezu herritarrei?
Bai, eskerrik asko, ematen didaten babes guztiarengatik. Ikusi ditut denda batzuek nire argazkia duen posterrarekin. Ea zerbait egiten dudan han, Londres-en, eta pozen bat ematen diodan herriari.