Muñoz-Baroja donostiarra garaile Lasarte-Oriako III. tenis txapelketan

jon-altuna-egitegi 2012ko uztailaren 23a

Hirugarren urtez antolatu dute aurtengoan Lasarte-Oriako Tenis Txapelketa. Uztaila hasieran ekin zioten lehiaketari, eta ostiral arratsaldean final handia eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidak jokatu ziren kiroldegiko pistetan. 2012ko edizioko irabazlea Muñoz-Baroja izan da, bigarrenez, 2010. urtean ere bera gailendu baitzen. Hirugarren postua berriz, Raul Ramosek erdietsi zuen Abel Hernandezen aurka partidu luze eta gogor bat jokatu ostean.

Etengabe goranzko joera darama tenisak herrian. Horren erakusgarri aurtengo txapelketan izena eman duten tenislariek erakutsitako maila txukuna.
Santi Lorenzo herritarra gertu ibili den arren, eta aurtengo garailea Muñoz-Baroja izan da, merezimendu osoz gainera.

Final bizia eta estua

Lorenzo herritarrak gogor ekin zion finalari, era ikusgarrian, baina Muñoz-Barojak lehen set-a irabazi zuen “break” bat egin ostean.

Bigarren set-ean, Muñoz-Baroja moralez gainezka zela eta Lorenzo arreta galduta, 4-1 aurreratzea lortu zuen donostiarrak. Halere, Lorenzok ez zuen azken hitza esan oraindik, eta 4-4 jarri ziren.

Set-a tie-break bidez erabakiko zela zirudienean, Muñoz-Barojak sakea hautsi zion Lorenzori eta 7-5 nagusitu zen set-a, partidua eta txapelketa eskuratuz.

3. postua Ramosentzat

Finala bezain interesgarria izan zen 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua. Azken emaitza, 6-4 / 4-6 eta 7-5 izan zen Raul Ramosen alde. Bi ordu eta erdiko partidu luze, gogor eta lehiatua jokatu zuten Hernandez eta Ramosek.

Hernandez elgoibartarra hirugarren setean 2-5 aurretik jarri bazen ere, ezin izan zuen partidua itxi eta azken unean Ramosek bere aukera apurretan sinetsi eta partidua irauli ahal izan zuen 7-5eko emaitzaz hirugarren set-a eta partidua irabazteko.

Merendola eta sariak

Ostiraleko bi partiduak bukatuta, sari-banaketa egin zuten Pablo Barrio alkatea eta Taxio Arrizabalaga kirol zinegotzia bertan zirela.

Garaileak irabazi izanaren pozez eta galtzaileak gehiago ezin izanaren penaz geratu baziren ere, izerdia bota ostean indarrak errekuperatzeko parada eduki zuten. Izan ere, merendola eder bat egin baitzuten ikusle, tenislari eta antolatzaileek, denek batera.

Hori gutxi balitz, ikusle, jokalari eta pilota-jasotzaileen artean erraketak, bixerak, tenis-pilota poteak, koloniak, irrati-aparailua eta oro har, tenisarekin zerikusia duen materiala zozkatu zuten bi partiduak amaitzean. Bat baino gehiago irribarre zabalarekin joan zen etxera opariak eskutan hartuta.

Antolatzaileak gustura

Alex Zubizarretak eskerrak eman nahi izan zizkien txapelketan parte-hartu duten tenislari guztiei, partiduak ikustera hurbildu den jendeari eta txapelketa ekonomikoki sostengatu duten hainbat enpresa eta marka pribaturi.

Hurrengo urtean berriro ere txapelketa antolatzeko “gogo eta ilusioz” mintzatu ziren antolatzaileak.