Omenaldi "xumea" egin nahi diote lagunek Enrique Cob “Gorri” zenari. Horregatik, larunbatean, arratlsadeko 18:00etan hsai eta gaueko 3:00ak arte iraungo duen jaialdia antolatu dute Okendo plazan.
“Gorri uztailaren 25ean hil zen eta urtea bete ostean, omenaldia egitea otu zitzaigun,” azaldu digute jaialdiko antolatzaileek.
Baina omenaldiaz gain, musika jaialdia ere antolatu dute.
Taldeak
Honela, “Gorri”-k gustuko zituen musika estiloak abiapuntu, punk-a, hard core eta rocka taldeak aukeratu dira. Izan ere, “bere erara bere ohorezko kontzertua edo omenaldia egitea” zen helburua.
Antolatzaileek adierazi digutenez, “Apurtu donostiarrak, Ernia zarauztarrak, Venganza Zaragozatik, Obito eta Mörghead Lasartetik, Subversion X Santurtze-Bilbotik Bar Remigio Bad Religion-en bertsioak egiten dituen taldea izango dira oholtzan”.
Esate baterako, Subversion X taldea aukeratu dute, “berak ikusi nahi zuen azken taldea izan zelako. Azkenean ezin izan zen joan, gau horretan hil zelako”.
Finantzaketa
Hau guztia finantzatzeko “duela bi hilabete hasi ginen kontzertuak egiten dirua lortzeko. Mogambon egin genuen bat eta bestea Groseko gaztetxean. Horietatik ateratakoarekin, tabernei eskatutakoarekin, txosnan ateratzea espero dugunarekin eta egin ditugun kamisetekin finantzatuko dugu,” azaldu digute.
Kamisetak tabernatan jarriko dituztela eta egunean bertan Okendo jarriko duten txosnan ere erosi ahalko direla jakiteara eman digute.
Honetaz gain, antolatzaileek Okendora hurbiltzeko gonbita egin diete herritarrei, “jendea animatzea espero dugu. Herrian giroa egotea gustatuko litzaiguke”.
