Artisautza azoka Santa Ana eguneko ospakizunen aurrekari izan zen. Lasarte-Orian errotua dagoen jai berezi hau baserri giroko festa dugu eta gure herriaren kasuan, erlijioa, euskal kultura eta umoreak bat egiten dute egun berezi hau ospatzeko.
Ohikoa den bezala, ostegunean, ospakizunak Ama Brigitarren komentuan egingo den mezarekin hasiko dira.
Ostean, luntxa izango da Brigitarren plazara hurbiltzen diren herritarrentzat.
Eguerdian, Santa Ana karkaban ikurriña jarri eta agurra dantzatuko dute Erketz EDTko lagunek.
Txapelketa eta parodia
Arratsaldean,18:00etatik aurrera, Santa Ana pala txapelketako finalak ikusi ahalko dira Loidi-Barrengo pilotalekuan.
Gaueko 22:30ean, ekitaldi nagusia hasiko da, parodia.
Baina aurretik, antzezleen desfilea ikusi ahalko dugu. Isla plazatik atera eta Okendora bidean erdiguneko kaleetatik barrena ibiliko dira.
Ohitura legez, parodiako antolatzaileek omenaldi xumea egiten diote herriko elkarte bati. Aurten 50. urte bete dituen Danok-Kide Gurasoen elkartea izan da aukeratua.
Omenaldiaren ostean, urtean zehar gure herrian eragin izan duten gaien errepaso ironiko eta umoretsua egingo da.
