Ia urte bete honetan web gunearen helburua bete dela azpimarratu nahi izan du Boris Nogalesek "herriko elkarteek antolatzen dituzten ekintzen berri emateko jaio zen eta egun funtzio hau betetzen du". Horretaz gain, "harpidetzak eta kultur ekitaldien sarrerak on-line erosteko aukera zabaldu da tresna berri honi esker". Kultura saila sare sozialetan egotea ahalbidetu duela ere aipatu nahi izan du zinegotziak.
Berrikuntzak
www.lasarteoriasarean.eu web gunearen azken berrikuntzak ere aurkeztu dituzte. Orain arte udalak argitaratutako bost liburuak digitalizatu eta pdf formatuan zintzilikatu dira edozein gailu elektronikotik irakurri ahal izateko doan. Hauek dira; “Oria. Bizitzako erkidegoa, laneko eremua", "El mundo laboral de Lasarte-Oria", "Relato breve de Lasarte", "Historia de la Asociación católica de padres y madres de familia de Lasarte-Oria" eta "Retazos de la vida de Lasarte y Oria del siglo XX a través de la prensa". Horretaz gain, lan handia egin da Tomas Fernandez argazkilariak udalari emandako argazki zaharren bilduma digitalizatzeko.
Guztira 364 argazki daude ikusgai gaika sailkatuak, "kalitate onean jarri dira sarean herritarrek nahi izatekotan deskarga ditzaten". Tomas Fernandezek argazki denda bat izan zuen Geltoki kalean urte askotan. Argazkilari amorratua zen eta 2002an erakusketa bat antolatu zen bere lanekin omenaldi modura. "Erakusketa honen ondorio izan zen udalak argitaratutako "Lasarte-Oria zuri beltzean" argazki liburua." Liburu honetan 120 argazki jaso ziren baina udalaren esku geratu ziren sarean jarri diren guztiak.
Aurrerantzean udalaren artxiboan dauden beste argazki batzuekin prozesu bera egitea da asmoa. Hala ere, zailtasunak tarteko pixkanaka egingo dela aurreratu dute.