Santa Ana eguneko ospakizunak goizean goiz hasi dira. 11:00etan Brigitarren komentuko kaperan Santa Ana eguneko meza eman du urtero bezala, Xabier Andonegi parrokoak. Eliza bete egin da Santa Ana eta San Joakinen irudien aurrean egindako meza berezian parte hartzeko. Erketzeko bi kidek aurreskua dantzatu dute bertan.
Meza ostean, hamaiketakoa prestatu dute Ttakun kultur elkarteko kideek komentuko kanpoaldean, eta Santa Ana eguna giro onean hasteko aukera izan dute bertan elkartu direnek. Erketz dantza taldekoak fin aritu dira eguerdi partean. Kapera barruan, kanpoan eta Santa Ana Karkaban dantzatu dute. Bildutakoak zerbait jan eta edaten zuten bitartean fandango eta arin arina dantzatu dituzte Brigitarren komentu kanpo aldean.
Hamaiketakoaren ondoren, dantza
Brigitarren komentutik udaletxe ondoko Santa Ana Karkabara abiatu dira gero bildutakoak dantzariekin batera. Ohiturari jarraituz, eguerdian , elizako kanpai-hotsekin batera hasi dira agurra dantzatzen Erketzeko dantzariak karkaban jarritako ikurrinaren aurrean. Gero eta herritar gehiago biltzen da Santa Ana eguneko dantza ikustera eta guztiek txalo zaparrada bero batekin eskertu dute dantzarien ahalegina. Trikitilarien laguntzaz berriro fandango eta arin arina dantzatuaz eman diote gero amaiera goizeko egitarauari.
Arratsaldean Santa Ana Pala Txapelketako finalak jokatuko dira Loidi-Barrengo frontoian, arratsaldeko18:00etan hirugarren eta laugarren postua erabakiko duen norgehiagoka eta ondoren final handia. Eta gaueko 22:30etan hasiko da Santa Anako parodia Okendo plazan. Aurretik antzezleek kalejira egingo dute Isla plazatik Okendora bitartean.


