
Valoriza enpresa eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak Gorka Lizarraga zinegotziarekin batera egin zen bisitan.
Asteazkenean Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako burua, Maite Higueros Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, Itsaso Gonzalez adinduen arloko gizarte langilea eta laguntza lana ematen duen Valoriza enpresako Marisa Mansok etxebizitza berriak bisitatu zituzten eta zerbitzu honek izango dituen aldaketetak azaldu zituzten.
Lehenik etxebizitza berriak Udalaren jabetzakoak direla adierazi zuen Gorka Lizarragak Gizarte zerbitzuetako buruak, “aurrekoak alokairuan hartuak zituen Udalak”.
Pertsona adinduak
Etxebizitza hauetan irisgarritasun edota bizigarritasun baldintza egokirik gabeko bizilekurik ez duten edo beraien bizilekuan elkar bizitza arazoak edo bakardadea duten 60 urte baino gehiagoko pertsona adinduak bizi dira. “Baina dependentzia gradu larririk ez dutenak, bestela Atsobakarreko zahar etxean egongo lirateke” zehaztu zuen Itsaso Gonzalez gizarte zerbitzuetako langileak.
Etxebizitza kolektiboak
Honetaz gain, zerbitzu honetako etxebizitza tutelatuak kolektibo izaera izango dute hemendik aurrera.
Maite Higueros Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak azken helburua zerbitzuaren erabiltzaileen autonomia handitzea dela aipatu zuen. Gaur egun etxe laguntzaile bidez etxe laguntza zerbitzua kudeatzen du Valoriza enpresak eta honek jarraituko du lanean, baina laguntza gutxiago eskainiko zaie egoiliarrei.
“Erabiltzaileen beharrei dagozkienak” azaldu du Higuerosek eta era berean, autonomia hori landuko da eskainiko zaizkien ikastaroetan.
Maite Higuerosek aipatu zuenez, prozesu luzea izan da eta honetan erabiltzaileek ere parte hartu dute haien iritzia emanez.
Honetaz gain, lau etxebizitza hauek Beko kalen daude kokatuak, “behar dituzten zerbitzuak eta Biyak-Bat erretiratuen etxea ere gertu dituzte. Eta aldaketa honekin oso pozik agertu dira”.
Plaza berriak
Gainera, lau etxebizitza izanik, plaza kopurua ere handitu dutela aurreratu zuten.
“Lehen hamabi zeuden eta orain hamasei. Eusko Jaurlaritzak egingo duen eskaerari aurreratu gara honetan” jakin arazi zuen Maitek.
Gauzak honela, bederatzi plaza geratzen dira libre. Zerbitzu honetan egon ahal izateko Gizarte Zerbitzuetara jo behar dela aipatu zuten.
Era berean, aldaketa hauek guztiak zerbitzuaren gastua gutxi gorabehera %50ean murriztuko duela adierazi zuten.