27_Odriozola eta Martin garaile pala txapelketako finalean

Nerea Eizagirre 2012ko uztailaren 27a

XXXI. Santa Ana pala txapelketako finala jokatu zen atzo arratsaldean. Ordu eta berrogeita hamabost minutuko partida luzea eta berdindua izan zen Odriozola-Martin eta Bardaji-Etxezarretak jokatutakoa. Azkenean, Odriozola eta Martin izan ziren garaile. Aurretik, hirugarren postua izan zen jokoan eta Arluziaga eta Garcia izan ziren garaile. Honetaz gain, Etxezarreta harategiko lagunei omenaldi berezia egin zieten antolatzaileek.

Pagola txapelketako antolatzailea, Xabier Etxezarreta, Santi Martin, Bernaitz Odriozola, Mikel Bardaji eta Tasio Arrizabalaga udaleko kirol burua.
Beroa eta hezetasun handia izan arren, atzo arratsaldean Santa Ana pala txapelketako finala jokatu zen Loidi-Barrengo pilotalekuan.
Odriozola-Martin eta Bardaji-Etxezarretakpartida luzea eta berdindua jokatu zuten.
Ederki ibili ziren bi bikoteak defentsan eta erasoan. Honela tanto luzeak izan ziren partida osoan zehar. Arerioaren akatsa bilatzen zuten edo tantoa landu eta dejada bilatzen zuten.
Honela, markagailuan berdinketa ugari ikusi ahal izan ziren 02-02, 04-04 edo 09-09.
Berdinketa honen ostean, Bernaitz eta Santik errenta hartu zuten 14-20.
Baina Etxezarreta eta Arluziagak ez zuten amore eman eta ederki jokatuaz errenta txikitu zuten berriro ere berdinketa lortzeko, 26-26.
Partidako azken tantoetan erabakiorrak izan ziren Odriozolak egindako dejadak eta Bardaji-Etxezarreta bikoteak egindako akatsak.
Gauzak honela, ordu eta berrogeita hamabost minuturen ostean, 32 eta 35 gailendu ziren Bernaitz Odriozola eta Santi Martin.

Brontzezko postua

Hirugarren postuko lehian, berriz, Iñaki Lizasok bikote aldaketa izan zuen. Alcibarrek ezin zuen jokatu eta Xenki Astiazaranek hartu zuen bere lekua. Aurrean Iñigo Arluziaga eta Carlos Garcia izan zituzten.
Hasieratik Arluziaga eta Garcia jarri ziren aurretik eta pixkanaka errenta handitu zuten. Arerioen hutsei eta tantoak ongi landuak eginez hamarreko errenta izatera iritsi ziren, 16-6.
Lizasok min hartu zuen belaunean salto baten ostean, baina horrek ez zuen eragin handirik izan bikotean. Izan ere, markagailuan hurbiltzen joan ziren tantoka.
Tanto politak eta luzeak ikusi ziren, aurrean utzitako pilotak eta zabalera jokatutakoak.
Honela, tanto batera egotea, 25-24, iritsi ziren Lizaso eta Astiazaran.
Baina Arluziaga eta Garciak berriro ere arerioen hutsak bilatuz eta zabalerara jokatzen tantoak egin eta 34-26-a jarri zuten markagailuan.
Guztia bukatua zirudien arren, Xenki eta Iñakik lau tanto gehiago egin zituzten 30-era iritsiaz. Arluziaga eta Garciak lekuz aldatu behar izan zuten tanto bat baino gehiagotan.
Azken tantoan Xenkik pilota txapa behera bidali eta garaipena eman zien Arluziaga eta Garcia bikoteari, 35-30.

Omenaldia
Xabier Etxezarreta eta bere amari, Lierni Etxeberriari omenaldia egin zitzaien. Arg.: Txema Valles

Hau guztiaz gain, bi partiden arteko atsedenaldian antolatzaileek eskerrak eman zizkieten txapelketan parte hartu duten lagunei.
Eta omenaldi berezia egin zieten azken hamabi urte hauetan txapelketako babesle izan den Etxezarreta harategiko, Xabier Etxezarreta eta Lierni Etxeberriari.
Erketzeko dantzariek agurra dantzatu zuten eta lore sorta eta plaka jaso zuten Carlos Garcia eta Jesus Ferreiraren eskutik.

Zozketako zenbakia

Era berean, Santa Ana pala txapelketako antolatzaileek jakin arazten dute, pala txapelketako zozketan zenbaki saritua 093 txartela dela. Irabazleak hamabost eguneko epea du Etxezarreta harategira hurbildu eta saria eskuratzeko.