Umorea krisia gainditzeko

maider-azurmendi 2012ko uzt. 27a, 02:27
Ekaitza lehertu eta euri jasa handiaren ostean egin zen Santa Ana eguneko parodia. Azken momentura arte itxaron behar izan zen parodia bertan behera geratzen zen jakiteko. Antolatzaileek aurrera egitea erabaki zuten nahiz eta atzerapenarekin hasi. Bustita baina gogotsu aritu ziren aktoreak.
Desfilearekin eman zitzaion hasiera Santa Ana eguneko parodiari. Pertsonaia guztiak herriko kaleetan barrena murgildu ziren Okendora iristeko. Ekaitza lehertu eta ezin izan zuten aktoreek desfilea amaitu.

Arratsaldeko lehen orduetatik mugimendua nabaria zen Ttakunen egoitzan, pelukak, jantziak, orrazkerak... denak jantzi, elkartu eta familia argazkia egin ostean goiz, 19:30ean, afaltzen ziren Palomo Linares elkartean bertako kideek gonbidatuta.

Umorea jaun ta jabe
Lehenik omenduen txanda izan zen. Lierni Rekondo bertso eskolako ikasleak Ane Labakaren bertsoa kantatu zien Danok-Kide elkartekoei. Hauek, hunkituta, eskerrak eman zituzten urtetako lana aitortzeagatik.
Ondoren parodiari hasiera eman zitzaion. Ohi bezala kritika nagusitu zen eta denetariko pertsonaiak ikusi ahal izan ziren oholtzan. Tartean, Madonna abeslaria, Torrente eta bere laguntzailea, apaiza eta akolitoa besteak beste. Akusatuak aurten Patxi Xoxa Pilla eta Marta Zuriñe Izurrategi izan ziren eta abokatu eta fiskal lanetan aritu ziren Noemi Fernandez eta David Franco herritarrak.

Krisi ekonomikoa izan zen gai nagusia eta besteak beste, herriko denden itxierari egin zitzaion aipamena “Herriko dendek izen bera dute, denak dira Liquidación eta abizena, por cese, por jubilación...likidatu nahi gaituzte”. Torrente eta bere laguntzailea udaltzaingo bikote paperean, proposamenak egin zituzten ere udalaren egoera ekonomikoa hobetzeko.

Horretaz gain, Madonna abeslariak Pablo Barrio alkatea hain dantzari ona dela ikusita, berarekin eramango zuela esan zuen.

Bikote harremanak hizpide
Apaiza eta bere akolitoak berriz, bikote harremanen krisia izan zuten hizpide. Hauen proposamena Alemaniatik ekarritako “emakume karabana”. Dibortzio tasa jaistea zen hauen helburua.
Komando bat ere sortu omen da herrian, “LaGACI” grupo anti conducta incívica. Hauek jarri omen dute Okendo plazan arratoiak harrapatzeko tranpa erraldoia, hori bai, haurrek erabiltzen dute jolasteko eta helduek gainean eseritzeko...

Ordu bete luzeko antzezpena arrakastatsua izan zen oztopoak oztopo.