Oroimena eta musika Gorri Punk Fest jaialdian

jon-altuna-egitegi 2012ko uztailaren 28a

Gandorrez bete da Okendo plaza. Lasarte-Oria zein inguruko herrietatik etorritako punk eta rock zaleek Gorri Punk Fest jaialdiaz gozatzeko aukera dute arratsaldeko 18:00ak geroztik.

Duela urtebete zendu zen Enrique Cob "Gorri" gaztearen omenez, Ernia talde zarauztarrak eman zion hasiera jaialdiari!
Punkaz gozatzeko aukera dute herritarrek gaur arratsaldetik hasita gauera arte. Guztira Lasarte-Oria eta inguruko herrietako sei talde arituko dira arratsaldetik hasita gauera arte. Oraingoz Ernia eta Apurtu taldeek jo dituzte kontzertuak, eta arratsaldeak aurrera egin ahala eta eguraldiak errespetatuz gero, jendetza biltzea espero da batez ere gaueko kontzertuetan.

Gorriren lagunek sendiari eginiko omenaldi xumea

Egitaraua

18:00 - Ernia
19:00 - Apurtu
20:15 - Venganza
21:45 - Mörghead
23:00 - Bar Remigio
24:00 - Obito
01:30 - Subversion


Jaialdia 3:00etan bukatzea aurreikusten da.

Siglo XXn, Trifulca Posse

Eguneko kontzertu bakarrak ez dira Okendo plazakoak izango, 23:30etatik aurrera Trifulca Posse taldeak kontzertua emango baitu Siglo XX tabernan Xpressionk! Elkarteak antolatuta Udako Kultur Kalea zikloaren barnean. Trifulca Posseren kontzertuan hip-hop eta funk doinuez gozatzeko aukera egongo da, doan gainera.

Taldea hiru Dj batzen dituen musika egitasmoa da: DZ, Dj Pata eta Syr. Lehena, DZ alegia, Esne Beltza taldeko kide lasarteoriatarra da, eta Fermin Muguruzaren Kontrabanda taldean ere aritu izan da. Dj Pata berriz, Ose eta Sorkun musikarien alboan ibili izan da. Azkenik, DJ Syr, donostiako Hip Hop eszenaren zirikatzailea da, besteak beste, Dj Vadim, Jotamayuscula, edo Griffi bezalkoen ondoan pintxatu izan baitu. Dirudienez, mixtape berezi bat prestatzen ari dira, non, besteak beste, The Police, Amy Winehouse edota The Clash taldeen kantu moldatuak entzuteko aukera izango den.